LGBTQIA+ kolektiboko pertsonen depresio- eta suizidio-arriskua heterosexual zisgeneroenen bikoitza da
Ikerketa batek ebidentzia zientifikoek babestutako desberdintasun esanguratsuak berrikusi ditu, eta ondorioztatu du LGBTQIA+ kolektibokoen eta heterosexual zisgeneroen arteko aldea nabarmena dela buru osasunaren kalitateari dagokionez.
World Psychiatry aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, LGBTQIA+ kolektiboko lagunek (lesbianak, gayak, bisexualak, transgeneroak, queerrak, intersexualak, asexualak eta beste genero-identitate eta -adierazpen batzuk dituztenak) depresio-nahasmenak izateko arriskua, bai suizidio-saiakerak egitekoa pertsona heterosexual zisgeneroek halako bi dira. Arrakala hori helduaroan zein nerabezaroan da nabarmena.
Ikerketak 22 berrikuspen laburtzen ditu, eta gaiari buruzko 398 azterlan biltdu. Gainera, ikertzaileek osasun mentalari buruzko 162 elkarte aztertu dituzte.
Vicenzo Oliva lehen egilearen esanetan, sexu-orientazioek, genero-identitateek eta sexu-ezaugarriek, gaur egun ere, "diskriminazioa ekar dezakete bizitzako eremu askotan, hala nola eskolan, lanean, familian eta laguntza bilatzen dutenean; eta horiek guztiek, metatzen direnean, etengabeko estresa sor dezakete, eta depresioa eta antsietatea eragin".
Hala, azterketak agerian utzi du kolektibo horretan nahasmendu depresiboak izateko arriskua pertsona heterosexual zisgeneroen bikoitza dela, gutxi gorabehera. Aldea are handiagoa da bizia kentzeko jokabideei dagokienez (pentsamendu suizidak edo horretara bideratutako ekintzak), arriskua 2,5 aldiz handitzen baita.
Ikerketa Institut 'Investigacions August Pi Sunyer (Idibaps) erakundeko Trastorno bipolar eta depresiboen ikerketa-taldearen lana da. Eduard Vieta Idibapseko ikerketa-taldearen buruaren ustez, ondorio horiek "arreta hobetu behar dela ohartarazten dute ".
Talde barruko aldeak
Azterlanaren ondorioek, halaber, agerian utzi dute kolektiboaren barruan ere batzuen eta besteen arteko aldeak egon badaudela. Adibidez, bisexualek dituzte antsietate-sintoma gehien eta suizidatzeko ez diren autolesioak egiteko arrisku handiena. Bestalde, elikadura-jokabidearen nahasmenduei dagokienez, azterketak nabarmendu du mutil gayek argaltzeko metodo desegokien prebalentzia handiagoa dutela heterosexualekin konparatuta.
Ikertzaile-taldeak adierazi duenaren arabera, beste zenbait alderdi aztertzeke daude. Adibidez, datu gehienak Ameriketako Estatu Batuetakoak eta Europakoak dira, eta, beraz, ez da aintzat hartu Asiako eta Hego Amerikako egoera, berbarako.