Ikastoletan gailu digitalen erabilera murriztuko da datorren ikasturtetik aurrera eta LH3n hasiko dira erabiltzen
Halaber, DBHko ikasleak ahalduntzeko ikasgai espezifiko bat jarriko dute martxan datorren ikasturtetik aurrera, gailu digitalen erabilera arduratsua sustatzeko. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak estrategia digital berria aurkeztu du, bi urteko lan sakonaren eta partekatuaren emaitza da estrategia berria.
Ikastolek estrategia digital berria aurkeztu dute, gaur, Armentia ikastolan. Argazkia: Ikastolak.
Datorren ikasturtetik aurrera, pantailen erabilera murriztu egingo da Ikastoletan, gailu digitalak geroago hasiko dira ikasgelan erabiltzen, eta DBHn irakasgai espezifiko bat hasiko dira lantzen "gailu digitalen erabilera etiko, arduratsu eta jasangarria" sustatzeko. Hori iragarri du Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, estrategia digital berria aurkezteko Gasteizko Armentia ikastolan egin den agerraldian.
Ikastolen Elkarteak azaldu duenaren arabera, "bi urteko lan sakonaren eta partekatuaren emaitza da estrategia berria, teknologiaren erabilerak dituen askotariko ondorioak aztertzen dituena eta horiei parez pare erantzuten diena".
Gauzak horrela, hiru erabaki iragarri dituzte Euskal Herriko ikastolek: hezkuntza eremuan pantailen erabilera murriztea, pantailak gelan geroago erabiltzea eta ahalduntze digitala.
Pantailen erabilera, mailaz maila
- Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailak: Gailuak ohiko jardunean ez dira erabiliko. Ezohiko erabilera beharrezkoa den kasuetan, irakasleak erabiliko du gailua, ez haurrak.
- Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak: Online jarduerak hasiko dira, betiere irakasleak dinamizatuta eta gidatuta.
- Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak: Konpetentzia digitalaren lanketa sistematizatu egingo da. Helburua ez da gailu digital gehiago erabiltzea, ikaskuntza prozesuari ekarpen esanguratsua egiten dion erabilera aukeratzea baizik.
- DBH: Gailu digitalen erabilera etiko, arduratsu eta jasangarria sustatuko da.
Burujabetza teknologikorako bide orria
Konpetentzia digitala lantzeko, "teknologiak aukeratzeko irizpideak eta baliabide egokiak" behar direla nabarmendu dute aurkezpenean. Izan ere, azaldu dutenaren arabera, "ez baita berdina edozein plataforma erabiltzea eta komunitatearen balioekin koherentea dena aukeratzea".
Zortzi helburu estrategikotan ardazten da: autonomia estrategikoa lortzea, ikastolen arteko elkarlana sustatzea, software librea eta kode irekikoa lehenestea, prestakuntza indartzea, segurtasun digitala eta datuen babesa bermatzea, iraunkortasuna eta ekologia digitala sustatzea, tokiko hornitzaileak eta kooperatibak lehenestea eta teknologia pedagogiarekin koordinatzea.
Familientzako lan saioak eta irakasleentzako prestakuntza
Ikasleek Ikastolatik kanpo ere erabiltzen dituzte gailuak. Horregatik, besteak beste, estrategiak familientzako lan saioak eta dinamikak proposatzen ditu, eta irakasleentzako prestakuntza planak abiatuko dira.
Irakasleentzako prestakuntza plana bi planotan garatuko da: alde batetik, konpetentzia digitalak indartuko dira; eta, bestetik, gelaratze estrategia eta sekuentziazioa landuko dira.