Nola ospatuko da LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguna Euskal Herrian?
Ekainaren 28an Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Euskadiko eta Nafarroako hiriburuetan hainbat jarduera egingo dira larunbat eta igande honetan, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko.
Harrotasun Eguneko ospakizun bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: Europa Press.
Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko hainbat talde eta erakunde publikok egitarau zabala antolatu dute Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, besteak beste, kultur, jai eta errebindikazio ekitaldiak bultzatuta.
Bilbo
Bilbon, Bilbao Bizkaia Harro jaialdiaren inguruan bilduko dira jarduerak. Izen bereko plataformak antolatu du jaialdia, sexu afektiboaren aniztasuna babestu eta LGBTI pertsonen eskubideen aldeko elkartasuna adieraztea helburu.
"Gorrotoak kanporatzen duenean, komunitateak besarkatu egiten du" lelopean, ostiralean hasi dira ekitaldiak, VIII. Drag Gala Bilbao Bizkaia HARRO ekitaldiarekin. Jaialdi honetan, talentu berri onena saritu da, Areatzan, 18:30etik aurrera. Bukatutakoan, hainbat musika-emanaldi izan dira Areatzan bertan eta Albia Lorategian.
Larunbatean, ekainak 27, izango da ekitaldi nagusia, Harrotasunaren Martxa, 17:30ean Jesusen Bihotza plazan hasita. Kale Nagusia zeharkatuko du, hainbat tokitan giza banderak egingo dira, eta Areatzara iritsitakoan, hainbat ekitaldi izango dira bertan.
Gauean, 21:00etan, Sorayaren kontzertua eta Dennis Moore DJren saioa izango dira Areatzan, 23:00etan.
Mobilizazio nagusia, E28 koordinadorak (ekainaren 28ko manifestazioa antolatu ohi du Bilbon) deituta, Harrotasunaren ikuspegi erreibindikatibo eta politiko batetik egingo da. "Kuir amorrua antolatu" lelopean, harrotasun antikapitalista, arrazismoaren aurkakoa eta aniztasunaren merkantilizazioarekin kritikoa defendatuko dute, mugimenduaren jatorria eskubideen eta justizia sozialaren aldeko borroka gisa aldarrikatuz.
Manifestazioa 17:00etan hasiko da, Indautxu plazatik abiatuta, eta hiriko kaleak zeharkatuko ditu, kolektiboaren aldarrikapenak ikusarazteko eta gizarte berdinzaleagoa eta inklusiboagoa eskatzeko. Horrez gain, gastronomia-, kirol- eta kultura-jarduerak izango dira.
Donostia
Donostian ekainaren 28an bertan egingo dituzte ekitaldi nagusiak, "Kalera harro! Disidentzia eta erresistentzia" lelopean. 12:00etan hasiko da Harrotasunaren Manifestazioa Boulevardean, Gehituk eta beste LGTBIQ+ kolektibo batzuek deituta. Manifestazioa egingo da hiriaren erdigunean barrena, eta manifestua eta deialdia egin duten erakundeen hitzaldiak irakurriz amaituko da.
Gasteiz
Gasteizen, ekitaldi gehienak ekainaren 28an izango dira, E28 Koordinakundeak, Ikusguneak (LGTBI+ Behatokia) eta beste kolektibo batzuek bultzatu eta Udalak babestuta. Jardunaldia 12:00etan hasiko da, eta gastronomia- eta kultura-arloko hainbat ekitaldi izan ondoren, Harrotasunaren Manifestazioa egingo da, 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta.
Martxaren amaieran, manifestu bat irakurriko dute, eta LGTBIQ+ taldeek Gaztetxean antolatutako itxiera festa egingo dute gauean.
Iruñea
Ekainaren 27tik 28ra bitartean, Nafarroako hiriburuak hainbat jarduera hartuko ditu, hainbat elkartek, Nafarroako Gobernuak eta Udalak antolatuta. Larunbatean, Pre Pride arratsaldea izango da Errekoleten plazan, Fenix Elkarteak gidatuta. Egitaraua 17:30etik 21:00etara izango da, eta jarduera ludiko eta kulturalak jasoko ditu.
Bestalde, igandean, E28J plataformak Harrotasunaren aldeko manifestazioa deitu du. 12:00etan hasiko da, Iruñeko erdigunean, eta hiriko kale nagusiak zeharkatuko ditu.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera