Erreportajea
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Emakumezko bidaiariak: "Ez dut bakarrik bidaiatzen, neure buruarekin baizik"

Zerk bultzatzen ditu emakumeak inor barik bidaiatzera? Zeintzuk herrialde dira egokienak? Segurtasun, ekonomia eta logistika gomendioak bildu ditugu, hiru euskal emakumezko bidaiariren laguntzarekin.

mujeres viajeras azken portada

Gero eta emakume gehiagok inor barik bidaiatzea erabakitzen dute. Zergatik? Zelan antolatzen dute bidaia? Zeintzuk dira herrialderik egokienak inor barik bidaiatu nahi duten emakumeentzat?

Evaneos turismo-operadorean arabera, bakarrik bidaiatzen duten emakumezko kopurua % 20 inguru igo da azken urteotan. Horrekin lotuta, turismo-sektoreko erakundeen joera-analisiek (ObservaTUR, kasu) eta INEren Egoiliarren Inkestaren datu historikoek adierazten dute bakarrik bidaiatzen duen emakumeen profila aldatu dela: hazkunderik handiena 35 eta 55 urte bitarteko emakumeen artean izan da, egonkortasun ekonomiko eta autonomiarik handieneko garaiarekin bat eginda. Bidaia bakartia gazte motxileroen kontua soilik den mitoa apurtuko luke datu horrek.

Zergatik bidaiatzen dute inor barik emakumeek?

Zenbat bidaiari, hainbat arrazoi: jakin-mina, lagunekin zein bikotekidearekin opor-egunetan bat ez etortzea, edota erabateko aldaketa baten beharra. Azken hori izan zen Patricia J. Orduna idazle iruindarraren pizgarria. Orain-ekin egindako elkarrizketan, Ordunak gogoratu du inor barik egindako bere lehen bidaia bizitza goitik behera aldatzeko beharretik jaio zela: "Iruñeko enpresa farmazeutiko batean nengoen lanean, bekadun gisa. Baldintzak oso txarrak ziren, eta oso triste nengoen". Inor gabe bidaiatzeari ekitea erabakita, bere ongizatea lehenetsi zuen eta bere buruarekin berriz konektatzea lortu zuen.

Idazle iruindarrak Vidas de gata liburuan jaso ditu horrek ekarri zizkion ikaspenak, eta Dejarlo Todo e irse blogean partekatzen du bere bidaia-errealitatea. Egun, bere hurrengo obran ari da lanean.

Naiara Zamora bidaiari portugaletetarraren kasuan, berriz, jakin-mina izan zen abiapuntua. "Gogoan dut Asiako hego-ekialdean emakumeak bidaian ikustea eta neure buruari galdetzea nola ari ote ziren esperientzia hori bizitzen", azaldu du.

"Mundua kontatzen digutena baino askoz ere leku atseginagoa da"

Zelan aldatzen zaitu munduari bakarka aurre egiteak?

Eragin psikologikoa berehalakoa da. Virginia Enebral kazetari bizkaitarraren hitzetan, bera bakarrik bidaiatu ondoren, beregan "konfiantza handiagoa" du; "badakizulako gauza batzuei aurre egin diezaiekezula". Beste bi bidaiariek, Patricia J. Ordunak eta Naiara Zamorak, konfiantza hori eta beldurrak galtzea ere aipatzen dituzte. "Etxean nengoela, dena askoz zailagoa iruditzen zitzaidan", azaldu du Ordunak. "Bakarrik bidaiatzeak lagundu egin dit ulertzen gai naizela egoerak konpontzeko eta harremanak sortzeko, inor ezagutzen ez dudan lekuetan ere", azpimarratu du Zamorak.

Bidaia planifikatu ala inprobisazioaren esku utzi?

Bidaiaren kudeaketa bidaiaren izaeraren araberakoa da. Nolanahi ere, hirurak bat datoz gauza guztiak itxita ez eramateak malgutasun handiagoa ematen duela, helmuga eta iraupena unean-unean egokitu ahal izateko.

"Nik ez dut ezer planifikatzen. Normalean joateko txartela eta ostaturako lehen bi gauak baino ez ditut hartzen. Eta gero erabakitzen dut herrialdez aldatzen joan ala ez", adierazi du Ordunak.

Munduko zein herrialde edo eremu dira gomendagarriak?

Bakarkako lehen abenturarako helmuga hautatzea erabakirik garrantzitsuenetako bat da. Naiara Zamoraren iritziz, arrakastaren gakoa garraiobide-azpiegituran datza: lehen bidaian behintzat, azpiegitura sendo eta garaturik ez duten lekuak saihestea gomendatzen du.

Zentzu horretan, trantsizio atsegin eta hurbila proposatzen du Virginia Enebralek: "Inoiz ez bazara bakarrik bidaiatu, lehenbizi Europara joateko esango nizuke. Toki mordoa dagoelako eta seguruago sentituko zarelako".

Hala ere, itsasoaz haratago joan nahi dutenentzat, Asiako kontinentea da faborito nagusia. Patricia J. Ordunak irmoki egiten du Asiako hego-ekialdearen alde: "Badakit orain oso modan dagoela, baina nire lehen helmuga izan zen, eta uste dut oso segurua dela estreinakorako".

Iragarkia
18:00 - 20:00

Bizirauteko gidaliburua: Segurtasunaren urrezko arauak

-Zure mugimenduen berri konfiantzazko norbaiti eman

-Joan-etorriak ondo planifikatu

-Ohiko ingurunean erabiliko litzatekeen logika erabili

-Ez iritsi leku berrietara gauez

-Egin kasu zure senari

Eskarmentua, motxilan: Zer irakasten du inor gabe bidaiatzeak?

Bakarkako bidaia barne-eraldaketarako prozesu bihurtu ohi da askotan. Zehazki, Naiara Zamorak ahalduntzeko eta kokapen politikorako tresna bihurtu du bere bidaia-esperientzia. Inor barik bidaiatzeak "ezarri dizkiguten mugak zalantzan jartzeko eta espazio publikoa okupatzeko" balio du; "gainera, mundua kontatzen digutena baino askoz ere leku atseginagoa da", adierazi du.

Enebralen hitzetan, autoestimu-bultzada handia ere dakar: "Uste dut konfiantza handia hartzen dela norberarengan. Batez ere gure buruan dauden arrisku horiek gainditzen direnean".

Bestalde, bakarkako bidea eszenatoki ezin hobe bihurtzen da isiltasunarekin eta norberaren konpainiarekin adiskidetzeko. Ordunak ziurtatu du bakarrik bidaiatzean "zure burua pixka bat gehiago ezagutzen duzula eta bakarrik egoten ikasten duzula, askotan ez dakigu eta". Bakarrik egote horren aurrean, Naiara Zamorak argi du: "Orain, neure buruarekin bidaiatzen dudala esatea gustatzen zait".

Iragarkia
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Euskal udalekuak
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskal Udalekuak elkarteak bere proiektua mehatxatzen duten erabaki politikoak salatu ditu, eta ekitaldi handi bat deitu du abuztuaren 29rako, Bernedon

Proiektuaren jarraipena arriskuan jartzen duten erabaki politikoak salatu dituzte. Egoera horren aurrean, euren ekimena defendatzeko eskura dituzten "baliabide guztiak" erabiliko dituztela adierazi dute, eta ekitaldi handi bat deitu dute abuztuaren 29rako Arabako udalerrian. Aldi berean, haur eta gazteei zuzendutako udako kanpaina berri bat prestatzen jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X