Haizeak eta bertara iristeko zailak diren guneetako fokuek zaildu egin dituzte Ezkabarteko baso-sutea itzaltzeko lanak
Ezkabarteko suteagatik hustutako Usi, Anotz eta Nabatz herrietako bizilagunak etxera itzuli dira. 112-SOS Nafarroak herritarrei eskatu die ez daitezela gerturatu suhiltzaileak eta langileak dabiltzan tokietara, horien lanak ez oztopatzeko.
Haizeak eta bertara iristeko zailak diren guneetan dauden fokuek zaildu egin dituzte ostegun arratsaldean Ezkabarten (Nafarroa) piztutako baso-sutea itzaltzeko lanak. Dagoeneko 400 hektarea inguru erre ditu.
Atzo arratsaldean etxetik atera zituzten Usi, Anotz eta Nabatz herrietako bizilagunak etxera itzuli dira, 112-SOS Nafarroak jakitera eman duenez. Hala ere, herritarrei eskatu diete ez daitezela gerturatu suhiltzaileak eta langileak dabiltzan tokietara, horien lanak ez oztopatzeko.
20:00ak aldera lurreko erreleboa egin ondoren, suhiltzaileen sei brigadek bertan jarraitu dute lanean. Aireko bitartekoek (Nafarroako Gobernuko bi helikoptero eta Mitecoko beste bi), berriz, ilundu arte arituko dira lanean.
Iturri horien arabera, sua itzaltzeko zailtasun nagusia haizea izaten ari da, horrek foku batzuk berpiztea eragin baitu, batez ere mendebaldeko hegalean.
Sua kontrolatu ezinik
Gauean, Tutera, Zangoza, Tafalla, Azkoien, Lodosa, Auritz eta Cordovillako parkeetako ehun bat langile aritu dira bertan lanean, eta 06:00etako txanda-aldaketan, Cordovilla, Lodosa, Tutera, Zangoza eta Azkoiengoak sartu dira.
Halaber, Osasun Departamenduak bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat eta oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat izan ditu bertan, badaezpada.
08:30ean bildu da Larrialdietako Aholku Batzordea, sutearen bilakaera aztertzeko. Maria Chivite Nafarroako presidenteak komunikabideei esan dienez, "sutea ez dago kontrolatuta, ezta egonkortuta ere", eta hainbat foku daude oraindik aktibo.