Non eta noiz ikusi ahal izango da hurrengo eguzki-eklipse osoa?
Ez da beste eklipse osorik ikusiko Euskal Herrian 375 urtean, baina halako fenomeno batez gozatu ahalko duzu bidaiatzeko prest bazaude: hurrengoa 2027an izango da, eta Andaluziako hegoaldean, Ceutan eta Melillan izango da ikusgai.
Azken eguzki-eklipseak izan duen oihartzunaren ondoren, begirada dagoeneko jarrita dago urtebete baino gutxiago barru ikusgai izango den hurrengo fenomeno astronomiko handian: 2027ko abuztuaren 2ko eguzki-eklipse osoan.
Ikusmina gero eta handiagoa da, eta turismo sektorean ere nabaritzen hasi dira. Cadiz eta Malaga, astronomia zale askok behaketa egiteko leku egokitzat jotzen dituzten bi guneetan, ostatu batzuk dagoeneko beteta daude. Euskaditik ere bidaiari askok aldez aurretik planifikatu dute Andaluziarako bidaia.
Hotelak, apartamentuak eta bestelako ostatuak gero eta urriagoak dira data horietarako, gero eta handiagoa baita egun argiz gertatuko den fenomeno hau zuzenean ikusteko interesa. Eklipsea 11:00ak aldera izango da.
Tarifan, behaketarako gune pribilegiatuetako batean, eklipsearen erabateko faseak gutxi gorabehera 4 minutu eta 40 segundo iraungo du. Ikuskizun horrek astronomia zale eta profesional ugari erakarriko ditu Espainiako hegoaldera.
Astrofisikariek ere hilabeteak lehenagotik prestatzen dituzte bidaiak. Iraupen luzeagoa bilatzen dutenentzat, Egipto izango da helmuga nabarmenetako bat: han, erabateko iluntasuna eguerdi aldera iritsiko da, eta sei minutura arte iraun dezake.
Egutegian data markatuta dago jada, eta, askorentzat, 2027ko eklipsea ikusteko lekurik onena aurkitzeko lasterketa hasi da.