Eusko Jaurlaritzak eskertu egin du eklipsearen inguruan herritarrek izan duten "jarrera zibikoa"
Euskadiko hainbat puntutan milaka ikusle bildu ziren eta joan-etorri ugari eragin zituzten. Auto-ilara nagusiak eklipsearen ondoren pilatu ziren, baina eguna gorabehera nabarmenik gabe amaitu zen.
Eusko Jaurlaritzak asteazken gauean amaitutzat eman zuen LABIren alerta-fasea, eguzki-eklipsea zela eta ezarritakoa, "azpimarratzeko moduko gorabehera handirik gabe". Hori dela eta, herritarrek egun osoan izandako "jarrera zibiko eta arduratsua" eskertu du.
Eusko Jaurlaritzak LABIren alerta-fasea aktibatu zuen asteazkenean, 15:00etan, eklipsea eta tenperatura altuak zirela eta lurraldeko hainbat puntutan joan-etorriak eta pertsona gehiago pilatzea aurreikusi baitzen.
Eklipsearen aurreko joan-etorriak modu mailakatuan egin ziren, eta, horri esker, ez zen auto-ilara esanguratsurik erregistratu. Hala ere, trafikoa eten egin behar izan zen hiru lurralde historikoetako hainbat puntutan, hala nola Herrerako (Araba) noranzkoan; Kobaronera, Kobetas eta Pagasarri aparkalekuetarako sarbideetan eta Bizkaiko Balkoirako sarbidean (Bizkaia); eta Jaizkibel, Tolosa, Elosu eta Zarauzko errepideetan eta Askizuko igoeran (Gipuzkoa).
Eklipsearen osteko auto-ilarak
Auto-ilara nagusiak eklipsearen ondoren izan ziren, 22:00etatik aurrera bereziki, Gipuzkoan, AP-8an, Frantziarako noranzkoan, non 7 kilometroko auto-ilarak izan ziren Zarauzko ordainlekuan; Araban, Gasteizerako sarbidean; eta Bizkaian, Avanzada autobidean, Iurretako ordainlekuan eta Berriz parean.
Trafikoaren bolumen berezia gorabehera, zirkulazioa normaltasuna berreskuratzen joan zen pixkanaka, eta ez zen aparteko arazorik gertatu. LABIren alerta-fasea 23:00ak eta gero amaitu zen, "aipatzeko moduko gorabehera handirik gabe", Jaurlaritzaren arabera.
Bestalde, garabi arinen zerbitzu bereziak sei esku-hartze egin zituen. Horietako lau Bizkaian izan ziren, guztiak matxurengatik; Gipuzkoan, berriz, bi laguntza eman ziren, bat matxuragatik eta bestea zauriturik gabeko istripuagatik.
SOS Deiaken esku-hartzeak
Asteazken arratsaldean, SOS Deiak-112 Larrialdiei Aurregiteko Zerbitzuak eklipsearekin lotutako hamaika gertakari erregistratu zituen:
- Zortzi mendi-erreskate Jaizkibelen, Aiako Harrian, Aizkorrin, bi Olarizun, Ibarran, Xoxoten (Azpeitia) eta Gorlizen.
- Salbamendu bat Maroñoko urtegian.
- Salbamendu bat kostan, Gorlizen.
- Osasun-laguntza bat Ean.
"Euskadi eguzki-eklipse historiko baten lekuko izan da ", eta Eusko Jaurlaritzak eskerrak eman dizkie "euskal herritarrei, egun osoan zehar jarrera zibikoa eta arduratsua erakutsi dutelako".