Suteak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Nafarroako Gobernuak nekazaritza lanak mugatu ditu lehorreko lurretan gaurtik, sute arriskuagatik

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak azaldu duenez, nekazaritza eta basogintza lanak 06:00etatik 11:00etara baino ezingo dira egin.

Sutea ostegunean laborantza sail batean, Lerinen. Argazkia: Nafarroako Foruzaingoa.

Nafarroako egoera klimatikoa eta Makirriainen sortutako sutea direla eta, Nafarroako Gobernuak, Barne, Funtzio Publiko eta Justiziako kontseilari Inma Jurioren bidez, foru agindua eman du ostiraleko 11:00etatik aurrera nekazaritza lanak mugatzeko lehorreko lurretan, baita baso lanak ere Foru Erkidegoko Pirinioetan, Erdialdean, Hegoaldeko Erdialdean eta Ebroko Erriberako eskualdeetan. Hala, lanok 06:00etatik 11:00etara soilik egin ahalko dira gune horietan.

Ostegunean hainbat sute piztu ziren Ledean, Murillo el Cuenden, Etxalarren, Irunberrin, Larraiotzen, Noainen, Melidan, Caparroson eta Lerinen.

Arratsaldean, hainbat foku dituen sute handia piztu zen Ezkaba mendiaren inguruan. Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak ostiral honetan nabarmendu duenez, oraingoz ez dirudi suteak herriguneei eragingo dienik, eta oraindik kontrolatu gabe dagoen suak "egun batzuetan" jarraituko duela azpimarratu du.

"Alde ona da oraingoz ez dirudiela suteak herriguneei eragingo dienik”, esan du Untzuko Aginte Postu Aurreratuan egindako adierazpenetan. 

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, larrialdi eta babes zibileko ekipoen tentsionamendu handia eragin du sute horrek. Hori dela eta, Nafarroako Foru Erkidegoko Baso Suteetarako Babes Zibileko Plan Berezia (INFONA) aktibatu behar izan dute, 2. mailan. Era berean, Larrialdietarako Aholku Batzordea bildu da, sutearen eta horren bilakaeraren jarraipena egiteko.

Nekazaritza eta basogintza lanak, 06:00etatik 11:00etara

Nekazaritza jarduerak eta basogintza lanak mugatzen dituen foru aginduari buruz, Chivitek argitu du murrizketa egunero aplikatuko dela 11:00etatik aurrera, baina ez lehenago.

Hala, Nafarroako presidentearen esanetan, lan horiek egunsentitik, 06:00etan hasita, 11:00ak arte egin daitezke.

Halaber, neurriak egokituz joango direla adierazi du, egoeraren arabera.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X