4.200 euro ordaindu dituzte Gernika-Lumoko azokako gazta onenaren truke
Galarretako Azkarra gaztandegiak eskuratu du lehen saria. Gaztaz gain, indabak (22 euro kiloa) eta eztia (14 euroan) izan dira Bizkaiko azoka ezaguneko produktu izarretako bi. Udalaren arabera, 110.000 pertsona inguru hurbildu dira Gernika-Lumora, eguraldia lagun.
Hitzorduari leial, dozenaka baserritar eta artisau euren produktuez bete dute Gernika-Lumo (Bizkaia). Urteko zita izan du gaurkoan Bizkaiko herriak: Urriko Azken Astelehena. Baserritarrak, erosleak, giro onenaz gozatzera joandakoak... Denen topaleku bihurtu da azoka. Betiko moduan, gazta enkanteak bereganatu du arreta gehien. Lehen saria Galarretako (Donemiliaga, Araba) Azkarra gaztandegiari egokitu zaio, eta 4.200 euroan saldu diote Bermeoko Eguzki tabernari.
Eguraldia lagun, 100.000 bisitari baino gehiago hurbildu dira Gernika-Lumora. Aurten, lehortea izan da hizketagai nagusietako bat. Izan ere, euri faltaren ondorioz, produktu gutxiago izan dira salgai, eta zenbait kasutan, garestiago.
Gernikako indaba kiloa (azokako erregina) 22 euroan saldu dute, iaz baino karuago. Ezti kiloa 14 eurogan ordaindu dituzte, eta intxaurrak, 8 eurogan. Idiazabalgo gazta kiloa 27 euroan saldu dute. Gernikako prezioak gainerako azoketarako erreferente izan ohi dira.
4.200 euro gazta irabazlearen truke
Arabako Azkarra gaztandegiak irabazi du Idiazabalgo gazta lehiaketaren lehen saria, eta horren erdiaren truke 4.200 euro pagatu ditu Bermeoko Eguzki tabernak. Bigarren saria Ricardo Remiro nafarrari (Eulate) egokitu zaio, eta Zurekin Busek erosi du, 800 euroan. Bildutako dirua Gernika-Lumoko Calzada egoitza fundazioari emango zaio.
Eztiaren lehiaketan, Baskones Eztiak jaso du lehen saria. Txakolinaren alorrean, Erdikoetxe (ardo beltza eta beltza) eta Magalarte Zamudio (zuria) saritu dituzte.
Halaber, ortuko produktuen lehen saria Bihotz Atxatu baserriak eraman du; frutarena, Urtza Sarrionandiak, eta lore eta landareena, Ortuberrik.
Udalak Lekerika eta Barandika puntista gernikarrak omendu ditu, munduko txapelketa irabazi baitute, baita enpresa batzuk ere, horien lan solidarioa eskertzeko.
Azkenik, 80 pertsona baino gehiago izan dira jai-esparrua zaintzen, Gurutze Gorriko kideak, Ertzaintza eta Udaltzaingoaren agenteak eta suhiltzaileak, tartean.