Biografia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Basterretxea, aldarrikapenaren zizelkaria

Eskultorea eta margolaria. Izaera inkonformistak bultzatuta, konstruktibismotik espresionismo abstraktura eraman zuen bere obra, euskal mitologiako erreferentziak islatuz.
18:00 - 20:00
Nestor Basterretxeak 60 urtean eginiko artelanak bildu dituzte

Bermeon jaio zen Nestor Basterretxea, 1924ko maiatzaren 6an. Hamabi urte baino ez zituenean, 1936an, Espainiako Gerra Zibila lehertu zen, eta jaioterritik Ipar Euskal Herrira alde egin zuten Basterretxearen etxekoek.  Eta urte gutxiren buruan,  Parisera erbesteratu ziren. Han ekin zion Basterretxeak bere ibilbide artistikoari, margolari eta marrazkilari bezala lehen urratsak emanaz. Bonba hotsek baina, berriro, bizitokiz aldatzera behartu zuten familia. II. Mundu Gerra (1942)  abian jarri orduko, Frantzia utzi eta Atlantikoaz bestaldera joan ziren. Buenos Aires hartu zuten bizitokitzat hurrengo 11 urteetan.

Parisen emandako lehen pintzelkadek arrasto sakona utzi zioten Basterretxeari, eta Argentinan bere afizioa ofizio bilakatzea erabaki zuen. Ibilbide artistikoari jarraipena eman zion bertan, eta maila profesionalean lehendabiziko lanak egiteko aukera izan zuen. Artegintzan sakontzeko bi beka eskuratu zituen, eta  lehendabiziko artelanak plazaratzen hasi zen; hasiera hartan, Jose Clemente Orozko artista mexikarraren eta Emiloio Pettoruti margolari argentinarraren eragina oso nabarmena izan zen bermeotarraren obretan.

1952an ezkondu egin zen, eta Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. Garai berri bat abiarazi zuen bere ibilbide profesionalean. Jorge Oteiza artista oriotarrak bultzatuta, Arantzazuko santutegiko kriptarako horma-irudia egiteko lehiaketan eman zuen izena, eta irabazi egin zuen. Bi urtez etenik gabe horma-irudia lantzen egon eta gero, Elizak ez zuen egokitzat jo eta bertan behera uzteko eskatu zuen. Dudarik gabe, Basterretxearen ibilbideko unerik mingotsenetakoa izan zen. Lan hura geldirik egon zen, harik eta, 1984an,  Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean, Basterretxearen obra santutegiaren hormara ekartzea berriro onartu zen arte.

Zizelaren eta margoaren bidez,  euskal artegintza garaikidera aldarrikapena txertatzen aitzindarietakoa izan zen Basterretxea. 50. hamarkadan, jada, ezaguna zen etxean eta etxetik kanpo. Erakusketa ugaritan hartu zuen parte Europan eta Amerikan. Izaeraz inkonformista eta berritzailea,  garaiko bi talde artistiko abangoardisten sortzailea eta partaide izan zen: 1957an 57 Taldea sortu zuen, arte esperimentalean sakontzeko, Jorge Oteiza eta Agustin Ibarrolarekin, besteak beste. 1966an, berriz, Gaur taldea jarri zuen abian, Oteiza eta Eduardo Chillida lagun hartuta.

60. hamarkadan eskulturgintzara bideratu zuen, batez ere, bere sorkuntza, margo-langintza erabat baztertu gabe. Zeramika, tapizgintza, argazkilaritza eta zinema  ere landu zituen. Industria-diseinuan ere aritu zen, eraikuntza handietarako altzariak diseinatuz.

Denborak aurrera egin ahala, 70ko hamarkadan barrena,  euskal gatazka islatzen hasiko da Basterretxea bere lanetan; sentimenduak azaleratzeko haritza erabiliko du, habe zaharrak zizelkatuz euskal gatazka ulertzeko bere modua plazaratzen ahaleginduko da. Eusko Legebiltzarraren ikurra,  zazpi adarreko zuhaitza, da bere lanik ezagunenetako bat, 1982an sortutakoa.  Beranduago, Basterretxearen ibilbideko erakusketarik zabalena jasoko du Espainiako Arte Garaikidearen Museoak; 140 piezako (eskulturak, margo-lanak, marrazkiak eta collageak) antologia batean  artista bermeotarraren ibilbideko garai ezberdinak jaso ziren espazio bakarrean.

Bilboko Arte Ederren Museoak ere, Basterretxearen lanen bilduma bat jaso zuen 1973an, 'Euskal Bilduma Kosmogonikoa'; egurrezko 19 piezaren bidez, euskal mitologiaren barrunbeak azaleratu zituen artistak. 2008an bilduma hori osorik Bilboko Arte Ederren Museoari eman zion artistak berak.

Politikan ere arrastoa utzitakoa da. 80ko hamarkadan, bi urtez, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu izan zen, EAJ agintean zela. Eta hamarkada horretan bertan, amaiera aldera, bere bi lanik ezagunenetarikoak inauguratu zituen:  Bakearen Usoa (1988),  Donostiako  Zurriola pasealekuan jarrita dagoena, eta euskal artzainaren ohorez  egindako eskultura (1989), Renon  (AEB) jarri zutena. Halaber, ezaguna izan zen oso munduari buelta eman zion Gipuzkoa belaontziaren oihalerako egin zuen margo-lan berezia.

Ikus-entzunezkoen alorra ere jorratu zuen;  H operazioa (1963), Pelotari (1964),  Alquezar, pasioaren erretaula (1965) edota Ama Lur ( 1966) dira bere film labur ezagunenak.

Egindako lanaren aitortza ugari ere jaso zituen; nabarmenetakoa,  Eusko Ikaskuntzak 2005ean emandako Gizarte, Kultura eta Arte Zientzien XI. Saria.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskal Emakume Eskultoreak (E3) elkarteko kideen lanak, Batzar Nagusien Bilboko egoitzan ikusgai

Errekonozimendua lortu duten euskal eskultore gehienak gizonezkoak badira ere, emakumezkoek eragin handia izan dute arte molde horretan, arreta gutxiago eman zaien arren. Horrela, euskal eskulturan merezi eta behar duten leku hori aldarrikatzeko E3 Euskal Emakume Eskuloreak elkartean batuta daude batzuk, eta euren lanak Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan ikusgai daude, Bilbon. Erakusketa apirilaren 23ra arte egongo da zabalik.

Marie Leczinska Louis XV.aren erretratua, Bonnat Helleu Baionako museoan.
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marie Leczinska Frantziako erreginaren erretratu ofiziala, Baionako Bonnat Helleu museoan ikusgai

Frantziako Maria erreginaren erretratua 1748koa da. Jatorrizko bertsioa Versalleseko Jauregian dago, eta mexikar eta euskaldun jatorriko familia batek laga dio Baionako museoari. Museo zaharberritua ireki eta lehen hamar asteetan, 50.000 bisitari baino gehiago jaso dizute Bonnat Helleun; % 30 baionarrak, beste heren bat euskal herritarrak, eta, gainerakoak, kanpokoak. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X