Euskal artista eta galeriak, Arcomadrid azokarako prest
Arcomadrid arte garaikideko azoka handiaren 45. edizioa martxoaren 4tik 8ra egingo dute, Ifema erakustazokan. Lehen hiru jardunaldiak profesionalei eskainita egongo dira, eta ostiral eguerdian, larunbatean eta igandean publiko orokorra sartu ahalko da, 33 euro ordainduta.
Guztira 211 galeria hartuko dituen topagunean, Euskal Herriko hiruk hartuko dute parte: Carreras Mugica bilbotarrak eta Cibrián donostiarrak programazio orokorrean, eta Villa Magdalena donostiarrak, “Opening. Nuevas galerías” atalean.
Carreras Mugicak Lara Almarcegui, June Crespo, Mar de Dios, Erlea Maneros, Asier Mendizabal eta Juan Perez Agirregoikoaren lanak eramango ditu, besteak beste, eta Cibrianek, Jose Ramon Amondarainenak.
Euskal Herritik kanpoko galeriek ere, dena dela, eramango dituzte Madrilera euskal artisten lanak, eta ordezkatuta egongo dira, horrenbestez, Prudencio Irazabal, Kepa Garraza, Sahatsa Jauregi, Ixone Sadaba, Nora Aurrekoetxea, Eduardo Chillida, Ibon Aranberri, Cristina Iglesias, Miren Doiz, Elena Asins, Juan Luis Moraza, Manu Muniategiandikoetxea, Sergio Prego, Damaris Pan, Agustin Ibarrola, Dario Urzay, Elena Mandizabal, Jorge Oteiza, Angel Bados, Itziar Okariz, Amaya Suberviola…