ICEko agenteek banandutako familia baten argazkiak irabazi du World Press Photo 2026 saria
ICE Immigrazioaren eta Aduanaren Polizia Indarrek Luis migratzaile ekuadortarra atxilotu eta emazte eta hiru seme-alabengandik banatzen duten une lazgarria islatzen duen Carol Guzy argazkilari estatubatuarrak egindako erretratuak irabazi du aurten.
Carol Guzy Zuma Press agentziako argazkilari estatubatuarrak irabazi du 2026ko World Press Photo saria "Separated by ICE" (ICEk bananduak), 2025eko abuztuaren 26an New Yorken (Estatu Batuak) ateratako argazkiagatik.
Argazkilaritzako sari ospetsua jaso duen irudian, Luis migratzaile ekuadortarra ageri da, Concha emazte eta hiru seme-alabengandik (7, 13 eta 15 urtekoak) banatzen duten unean.
Gazako gosetea eta Achi etniako emakumeen aurkako epaiketa, argazki finalistak
Urteko argazki onenarekin batera, epaimahaiak bi argazki finalistak aukeratu ditu: gosetea Gazan eta Guatemalako Achi etniako emakumeen borroka.
Lehendabiziko argazkia "Aid Emergency in Gaza" (Larrialdia Gazan) Saber Nuraldin argazkilariak ateratakoa da, Gazako Zerrendan, 2025eko uztailaren 27an. Bertan, dozenaka pertsona ageri dira giza laguntza humanitarioa daraman kamioi batera igota, janaria lortu nahian.
"The Trials of the Achi Women" (Achi emakumeen epaiketak) argazkia Victor J. Blue argazkilariak atera zuen, 2025eko maiatzaren 30ean, The New York Times Magazine aldizkarirako.
Lehen planoan, Paulina Ixpata Alvarado Achi etniako emakumea ageri da, Guatemala hiriko epaitegi baten aurrean, beste hainbat emakume indigena atzean dituela.