Xabier Paya Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen zuzendari nagusi izendatu dute
Sorkunde Aiarza Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen zuzendari kudeatzailearekin batera jardungo da Paya Euskal Museoa Bilbao, Bilboko Berreginen Museoa eta San Frantziskoko komentuko aztarnategia kudeatzen dituen erakundea gidatzen.
Bilboko Euskal Museoa kudeatzen du elkarteak, besteak beste
Bilbao Bizkaia Museoak erakundeak Xabier Paya izendatu du elkarteko zuzendari nagusi, eta zuzendaritza taldean sartuko da, horrenbestez, zuzendari kudeatzaile postuari eutsiko dion Sorkunde Aiarzarekin batera.
Izendapena Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak osatutako administrazio kontseiluaren azken bileran onartu zuen, martxoan hasitako hautaketa prozesu baten ondoren.
Bilbao Bizkaia Museoak erakundeak Euskal Museoa Bilbao, Bilboko Berreginen Museoa, San Frantziskoko komentu zaharreko aztarnategia eta kanpoko gordailu bat kudeatzen ditu, arduradunek prentsa ohar batean jakinarazi dutenez.
Hain zuzen ere, bihar irekiko dute Bilboko Euskal Museoa, zaharberrituta.
Paya Getxo Kultura udal erakundearen zuzendaria izan da 2021etik 2026ra. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua Fundazioan ere lan egin du, kultur zuzendaritza bere gain hartuz.