Euskal Museoaren klaustroa, musika, dantza, zirku, herri kirol eta bertsolaritzaz beterik barikuetan
Bilboko Euskal Museo zaharberrituak "Plazara" ekimena egingo du eraikin berrituaren klaustroan uztailaren 3an, 10ean, 17an eta 24an, ostiralarekin, 19:30ean. Emanaldi bakoitzerako sarrerak 3 eurotan daude salgai, Euskal Museoaren webgunean.
Musikak, dantzak, zirkuak, herri kirolek eta bertsolaritzak hartuko dute museoko klaustroa programazio horretan.
Uztailaren 3an, Kankarro Konpainiak zirkua, dantza eta musika elkartuko ditu, “sagarraren inguruko euskal kulturan inspiratuz”, eta uztailaren 10ean Aukeran konpainiak ADK3.7 Dualtasuna lana aurkeztuko du, “dantza tradizionala eta garaikidea uztartzen dituen bidaia koreografikoa, eta bizitzaren eta memoria kolektiboaren parte diren dualtasunei buruz hausnartzeko eszenaratze murgiltzailea”.
Uztailaren 17an, Sustabiz Fundazioak herri kirolak eta horien inguruko kultura hurbilduko dizkio publikoari, eta uztailaren 24an Ez Da Kasualitatea bertso saio musikatua egingo dute, Maite Berriozabal gai-jartzaile dela, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Miren Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolariek Araitz Bizkai eta Oihana Landa musikariak lagun.