"Giza jarduera batek" eragin zuen Llantenoko sutea, baina argitzeko dago "nahita edo nahi gabe" piztu zen
Llantenoko baso-sutea perimetratu eta egonkortu dute. Guztira, 100 hektarea kiskali ditu suak. Datozen orduotan lanean jarraituko dute, sutea erabat kontrolatzeko.
Llantenoko (Araba) baso-sutea perimetratuta eta egonkortuta dute jada suhiltzaileek azken orduetan lanean gogotik aritu ondoren.
Dena dela, larrialdi-taldeek lekuan bertan lanean jarraitzen dute, helikoptero baten laguntzarekin. Lehentasuna perimetroa ziurtatzea da eta garrak edo fokuren bat piztuz gero berehala itzaltzea.
Aurrerapauso nabarmena egin dute bertan azken orduotan, ostiraleko egoerarekin alderatuta.
Tenperaturen jaitsierak lagundu egin du goizean eta arratsaldea ere espero bezala joan da.
Kontrol-lanek aurrera jarraitzen dute
Guztira, 100 hektarea kiskali ditu suak, eta datozen orduotan lanean jarraituko dute, eremua egonkortuta mantentzeko eta behin betiko kontrolatzeko bidean aurrera egiteko.
Etxaurrengo igerilekuak ere itxita egongo dira oraingoz.
Suhiltzaileek lurreko zaintza-lanei eusten diete, sutea egonkortuta egon arren kontrolatzeko eta hozteko lanean jarraitu behar baitute, garrak edo foku berriak piztuz gero lehenbailehen itzaltzeko.
Itzaltze-lanak indartu dituzte
Astelehen arratsaldean piztu zen sua, Aiara, Artziniega eta Gordexola artean, pinu, iratze eta landare ugariko inguru batean. Ostegunean indartu egin zen, eta Eusko Jaurlaritzak Baso Suteetarako Larrialdi Plan Bereziaren larrialdi-faseko 0 egoera ezarri zuen.
Prebentzio-neurri gisa, hainbat baserri hustu zituzten Basualdu, La Cabaña, Ureta eta Abiaga auzoetan, eta bizilagunetako batzuek Artziniegan edo Laudion eman dute gaua. Era berean, A-3634 errepidea itxi zuten Llanteno aldean, sutea zela eta.
Sua lurretik itzaltzeko lantaldeak indartu zituzten ostegun arratsaldean eta gauean, eta Laudioko, Langraiz Okako eta Espejoko suhiltzaile-parkeetako suhiltzaileak aritu dira bertan azken orduotan, basozainen, baso-brigaden eta makina astunen laguntzarekin.
Ostiralean, aireko baliabideak batu zitzaizkien, helikopteroak eta hegazkinak bertaratuta, eta Artziniegako igerilekuak erabili zituzten berriro helikopteroek ura hartzeko.
Nekazaritzako foru brigadaz gain, Medina de Pomar (Burgos) eta Kantabriako beste bi brigada ere batu ziren itzaltze-lanetara.
"Egoera asko hobetu" ondoren, pixkanaka Medina de Pomarreko (Burgos) eta Kantabriako dotazioak erretiratu egin dira, baita Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (Miteco) bidalitako aireko bitartekoak ere.
Mitecoko lau helikopterok eta euskal administrazioetako batek hartu dute parte kontrol lanetan, eta sutea kontrolatze bidean den honetan, Espainiako Ministerioko baliabideak erretiratu egingo dira, Arabako Foru Aldundiko iturriek azaldu dutenez.
Giza esku-hartzea
Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatu eta suhiltzaileen arduradun politikoak adierazi duenez, sutearen jatorrian "giza jarduera edo esku-hartzean" dago, baina ikerketaren amaierara arte itxaron beharko da sutea "nahita edo nahi gabe" piztu zen argitzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera