Itzulera Operazioa abian jartzeko eskatu dio Irunek Eusko Jaurlaritzari, AP-8 autobidean auto-ilara luzeak sortu ostean
Udalerriak plan berezia aktibatu du, eta, horren arabera, bertako ibilgailuek baino ezin dute erdigunetik zirkulatu. Cristina Laborda alkateak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio dagoeneko abian jar dezala dispositibo berezia, pilaketek udalerria "kolapsatu" ez dezaten.
Auto-ilarak AP-8 autobidean, Irun parean, Baionarako noranzkoan. Argazkia: Trafiko.
AP-8an 11 kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira ostiralean Irunen (Gipuzkoa), Biriatuko mugatik aurrera, Baionarako noranzkoan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Zirkulazioan izandako gorabeherak GI-636 errepidera ere iritsi dira, Irungo ingurabidearen eta herriko zenbait bideren parean, ostegunean Baionarako noranzkoan 13 kilometroko auto-ilarak sortu eta gero.
Egoera horren aurrean, Irungo Udalak Udaltzaingoaren dispositibo berezi bat aktibatu du ostiralean. Dispositibo horretan, Irungoak ez diren ibilgailuei zirkulazio-murrizketak ezartzea aurreikusten dira. Udalak AP-8 eta GI-636 errepideak mugarako bidean ez hartzeko aholkua eman du, eta ahal den guztietan garraio publikoa erabiltzeko eskatu die herritarrei.
Itzulera Operazioa aurreratzeko eskatu du Irunek
Egoera horren aurrean, Cristina Laborda Irungo alkateak Itzulera Operazioko dispositibo berezia aktibatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, hiriarteko sarean erantzuna indartzeko eta auto-ilarak hirira ez iristeko.
Halaber, osteguneko egoeraren aurrean, ordainlekuetako hesiak altxatzeko eskatu du, trafikoa arintzeko eta bide nagusien "kolapsoa" bigarren mailako errepideetara eta Irungo kaleetara iritsi ez dadin.
Udalaren ustez, auto-ilarak nazioarteko trafikoaren presioaren ondorio dira, eta kontrolek eta Frantziako beste neurri batzuek eragindako kalteen ondorio. Labordak erantsi duenez, beharrezkoa da Hegoaldeko Ingurabidea eraikitzeko lanean aurrera egitea, hirirako sarbide nagusien gaineko presioa arintze aldera.