Llantenoko baso-sutea larunbat honetarako kontrolatzea espero dute suhiltzaileek
Datozen egunotan bertan jarraitu beharko dute lanean, ingurua hoztu eta garrak berriro piztuz gero berehala itzaltzeko. Larunbatean, bost helikoptero izango dituzte berriro lanean.
Suhiltzaileek datozen orduotan kontrolatu nahi dute Llantenoko (Araba) baso-sutea. Hala ere, hurrengo egunotan inguruan lanean jarraitu beharko dute, lurra hoztu eta garrak berriro piztuz gero berehala itzaltzeko.
Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko diputatuaren arabera, ostiral honetako 20:00etan sutea "ondo perimetratuta" zegoen. "Artziniegara jotzen duen hegalean ia lau metroko zabalera duen su-eten bat dago, eta horrek segurtasun handia ematen digu. Orain, beste hegalean ari gara lanean, eskuineko aldean, Amurriorantz joko lukeen aldean. Hori ere indartzen ari gara, baina nahiko ondo perimetratuta daukagu", azaldu du.
Haizearen bilakaerari adi
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Gurtubai haizearen bilakaerari adi daudela esan du, "ezegonkortasuna" eragiten ari baita. Eremua ondo mugatuta dago, eta sua bertan baino ez dago, baina haize-bolada indartsu batek garrak berriro piztea eragin dezake, horren hitzetan.
"Horregatik, jende asko ari da inguruan lanean, aireko baliabideekin batera, egoera egonkortu eta suak perimetroa gainditzea saihesteko", gaineratu du. Ostiral arratsaldean euri gutxi egin du han, eta ez dago aurreikusita prezipitazio handirik datozen orduetarako.
Ostiral gauean, hiru suhiltzaile-parke eta bi brigada aritu dira lanean. Larunbaterako, berriz, bost helikoptero izango dituzte berriro lanean, eremua hozten eta zaintzen jarraitzeko. "Suhiltzaile gehiago ekarriko ditugu, eta 17 lagunek osatutako brigada bat izango dugu goiz osoan lanean, bost helikopteroekin batera", gaineratu du.
Haize "indartsua" berriro agertu eta itzaltze-lanak zaildu ditzakeen arren, suhiltzaileen asmoa da "perimetroa sendo mantentzea" eta larunbat goizean helikopteroekin eta langile berriekin, sutea ia erabat kontrolpean hartzea. Hala ere, Gurtubaik ohartarazi du datozen egunetan "etengabe" itzuli beharko dutela bertara, ingurua hoztu eta garrak berriro piztuz gero lehenbailehen itzaltzeko.
Foru diputatuaren arabera, "beste lau egunez, ziur, zalantzarik gabe" egon beharko dute bertan lanean, eta baliteke denbora gehiago ere behar izatea, "sua berriro ez dela piztuko ziurtatzeko".
Guztira, suak 75 eta 100 hektarea artean kiskali ditu. Eguneko hezetasunari eta zeru estaliari esker, baina, sua ez da gehiago zabaldu.
Sua berriro piztu da
Astelehen arratsaldean piztu zen sua, Aiara, Artziniega eta Gordexola artean, pinu, iratze eta landare ugariko inguru batean. Ostegunean indartu egin zen, eta Eusko Jaurlaritzak Baso Suteetarako Larrialdi Plan Bereziaren larrialdi-faseko 0 egoera ezarri zuen.
Sutea mugatuta eta kontrolpean zegoen, baina ostegun arratsaldean indartu egin zen eta suhiltzaileek egindako su-etenetako bat gainditu zuen.
Prebentzio-neurri gisa, hainbat baserri hustu zituzten Basualdu, La Cabaña, Ureta eta Abiaga auzoetan. Bizilagunetako batzuek Artziniegan edo Laudion eman dute gaua. Era berean, A-3634 errepidea itxi zuten Llanteno aldean, sutea zela eta.
Itzaltze-lanak indartu dituzte
Sua lurretik itzaltzeko lantaldeak indartu zituzten arratsaldean eta gauean, eta Laudioko, Langraiz Okako eta Espejoko suhiltzaile-parkeetako suhiltzaileek parte hartu zuten, basozainen, baso-brigaden eta makina astunen laguntzarekin.
Egunez, aireko baliabideak batu zitzaizkien, itzaltzeko hainbat helikoptero eta hegazkin tartean. Artziniegako igerilekuak berriro erabili zituzten helikopteroak urez hornitzeko; ondorioz, prebentzio-neurri gisa, itxita egon ziren.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera