“Harri biguna” dokumental sailak artearen irakurketa “kritiko eta garaikidea” proposatzen du ikuspegi feministatik
Primeran eta ETB ON plataformetan izango da ikusgai, ekinaren 30etik aurrera, Tamara Garcíak idatzi eta zuzendu duen sei ataleko lana. Elkarrizketen eta artxiboko materialaren bidez, ikusezin bihurtu diren narratibak azaleratzen ditu, collagean oinarritutako proposamen estetikoa erabilita.
Harri biguna
Harri biguna Tamara Garcíak idatzi eta zuzendu duen sei ataleko dokumental saila ikusgai da Primeran eta ETB ON EITBren plataformetan, ekainaren 30etik aurrera.
Harri bigunak begirada berritzailea proposatzen du, euskaraz, arte garaikidearen gainean. Sei ataletan zehar, 1960tik 2000ko hamarkadara egiten du lanak, “artearen kontakizun ofiziala nola eraiki den eta bertatik kanpo geratu diren ahotsak aztertzeko”.
Lanak “artearen irakurketa kritiko eta garaikidea” dakar, proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, ikuspegi feministatik: “Serieak tradizionalki neutraltzat jo izan diren kontzeptuak zalantzan jartzen ditu, kalitatea, egiletza zein garrantzi artistikoa, eta agerian uzten du nola egon diren faktore sozial, politiko eta generoarekin lotutakoek baldintzatuta”.
Artistekin, komisarioekin eta adituekin egindako elkarrizketen bidez, “historikoki ikusezin bihurtu diren narratibak erdigunean kokatu” nahi ditu dokumental sortak, artxiboko materiala ere erabiliz eta collagean oinarritutako proposamen estetiko baten bidez.