Brent upela % 5 baino gehiago garestitu da ostegun honetan, 126 dolarrera ere iritsita
Pasa den otsailaren 28an AEBk eta Israelek Iranen aurkako gerra abiatu zutenetik, Brent upela % 70 baino gehiago garestitu da.
Petrolioa ateratzeko plataforma bat. Artxiboko argazkia: Europa Press
Europan erreferentziazkoa den Brent petrolio-upelaren prezioa % 5,77 egin du gora ostegun honetan, eta 125 dolar ingurukoa da Londreseko etorkizuneko merkatuan. Hala ere, goizaldean gora egin du, eta 126 dolarrak gainditu ditu, 2022tik izan duen preziorik handiena.
Ostegun honetako 07:30ean (05:30 GMT), brentak % 5,77 egin du gora eta 124,84 dolarrean kotizatzen du, EFE agentziak jasotako merkatu-datuen arabera. Minutu batzuk lehenago, % 6ko igoera gainditu du, eta gehienez 126,10 dolarrean ibili da upela.
Pasa den otsailaren 28tik (AEBk eta Israelek Iranen aurkako gerra abiatu zutenetik), Brent upela % 70 baino gehiago garestitu da; urtea hasi zenetik, % 94 inguru.
Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak Ormuzko itsasartea blokeatzen jarraitzeko asmoa duela iragarri du, bonbardaketak egitea baino "eraginkorragoa" dela iritzita.