Gernikako Udalak ere "Gernika" artelana lekualdatzea eskatu du, bonbardaketaren urteurrena dela eta
Udalerriko alkateak azpimarratu du "Gernikako herriak" berak nahi duela Picassoren artelana aldi baterako lekualdatzea. Jaurlaritzak duela gutxi egin zuen eskaera, baina Reina Sofia Museoak ez du onartu, kontserbazio arrazoiak tarteko.
Gernika artelana lekualdatzeak eztabaida piztu du azken boladan. Eusko Jaurlaritza izan zen Espainiako Gobernuari eskaera egiten lehena, bonbardaketaren 90. urteurrenaren harira, aldi baterako artalana Bilboko Guggenheim Museoan egon zedin. Reina Sofia museoak, baina, atzera bota zuen eskaera, obraren "inguruko baldintzak zorrotz kontrolatuta" zeudela argudiatuta.
Espainiako Gerra Zibilaren amaieraren urteurren ekitaldia egin dute gaur Gernikan, eta Gernikako alkate Jose Maria Gorroñok Gernika aldi baterako Euskadira ekartzea eskatu du, urteurrenaren harira aire erasoaren izandako "biktimei omenaldia" egiteko.
Gorroñok azpimarratu duenez, “Gernikako herria” ari da eskatzen artelana ekartzea, eta gogorarazi du herrian koadro enblematikoaren erreprodukzio bat ere badagoela.
Jaurlaritzak duela gutxi egin zuen eskaera, baina Reina Sofia Museoak kontserbazio-txosten bat argitaratu zuen, eta bertan “erabat baztertu” zuen lekualdatzea, artalana ekartzeko bidean izan zitezkeen bibrazioek obra kaltetu zezaketela argudiatuta.
Jaurlaritzaren ustez, "larria" da egoera, eta Imanol Pradales lehendakariak berak adierazi du Reina Sofia museoaren ezezkoak ez lukeela nahikoa izan behar "atea ixteko".