Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu dio "Gernika" Guggenheimen egon dadin bederatzi hilabetez
Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura sailburuaren arabera, keinuak "balio sinboliko handia" izango luke Espainiako Gobernuaren partetik, Jaurlaritzaren eta Gernikako bonbardaketaren 90. urteurrenean gertatuko litzateke eta. Ernest Urtasun Kultura ministroari egin dio eskaera, Madrilen egindako bilera batean.
Alemaniako presidentearen bisita, Madrilgo Reina Sofia Museoan.
Eusko Jaurlaritzak Pablo Picassoren Gernika aldi baterako lekualdatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, lehen Eusko Jaurlaritzaren sorreraren eta Gernikako bonbardaketaren 90. urteurrena dela eta.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Ernest Urtasun Kultura ministroari egin dio eskaera, Madrilen egin duten bileran, "Euskal Herriarentzat esanahi historiko, sinboliko eta emozional sakona" izango lukeela eta "duintasun eta erreparazio" keinua izango litzatekeela azpimarratuz.
Jaurlaritzak horrela eskatuta, obra bederatzi hilabetez egongo litzateke Bilboko Guggenheim Museoan, 2026ko urriaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitartean. Exekutiboaren ustez, keinuak "balio sinboliko handia izango luke, lehen Eusko Jaurlaritzaren sorreraren eta Gernikako bonbardaketaren 90. urteurrenean”.
Bengoetxeak azpimarratu duenez, Gernika lekualdatzeak “memoria historikoa indartzen eta, orainetik, demokraziaren, askatasunaren eta bizikidetzaren aldeko mezu argia zabaltzen lagunduko luke”.