Andaluziako hauteskundeak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

PPk zalantzan du gehiengo osoa Andaluziako hauteskundeetan, faborito nagusia bada ere

6.812.902 dira Andaluziako hauteskunde autonomikoetan botoa emateko eskubidea duten andaluziarrak —2022an baino 171.046 gehiago—. Parlamentua 109 diputatuk osatuko dute, eta 25 alderditako eta hiru koaliziotako hautagaitzak aurkeztu dira.

hauteskundeak

Hamahirugarren hauteskunde autonomikoak ditu igandean Andaluziak, eta PP da faborito nagusia inkesta guztietan. Gehiengo osoa lortuko duen ostera, jakinkizun dago. Parte-hartzeak baldintzatuko du ziur asko popularren gehiengoa.

Hartara, andaluziarrek bihar erabakiko dute sozialistarik gabeko hirugarren gobernua osatuko dute ala ez. Izan ere, PPko hautagai Juanma Morenok Voxekin egindako akordioei esker, PSOE "Gobernutik kanpo" utzi dute azken bi agintaldietan.

Emaitzen faltan, inkestek argi dute. Orain arte egindako galdeketa guztiek garaipen zabala ematen diote PPri —astelehenean argitaratutako azken sei inkestek 52 eta 55 eserleku bitartean aurreikusi zituzten popularrentzat—.

Morenok, baina, ez du garbi adierazi Voxekin gobernua osatzeko prest ote dagoen, kanpainan beste gai edo kontu batzuetan jarri baitu fokua.

Duela lau urteko hauteskundeetan egin zuen bezala, gehiengo zabala eskatu du Morenok "bide andaluziarra" deiturikoa indartzeko, eta, modu horretan, Voxekin Gobernua sortzeak ekar ditzakeen "buruhausteak" saihesteko. 

Horretarako, bere buruan ardaztu du kanpaina, PPren hauteskunde sintoniari ahotsa jarrita adibidez, eta behin eta berriz azpimarratu du duela zazpi urte baino gehiago Andaluzian hasitako "aldaketa" sendotzeko giltzarria izango dela maiatzaren 17a.

Juanma Moreno, kanpainako azken ekitaldian

PSOEk boto progresista eskatu du

 

Maria Jesus Monterok, bere aldetik, 2018a baino lehenagoko egoerara bueltatu nahi du, iragarpen guztiak kontra baditu ere. Agertoki onenean, inkestek diote 2022ko emaitzak berdintzea lortuko duela PSOEk — 30 diputatu lortu zituen orduan Juan Espadasek—. Halere, PPtik oso urrun geratu zen orduko hartan ere.

Kanpainan zehar, "erreferendum" gisa aurkeztu du M17a hautagai sozialistak, eta zerbitzu publikoen kudeaketan egin du azpimarra, batez ere, Osasun arloan.  

Oraingo honetan, Monterok hasieratik itxi zuen abstentzioaren atea inbestidurara begira, PPk Voxekin egin ahal dituen balizko itunak gorabehera.

Montero, kanpainako azken ekitaldian

Aurrera Andaluzia alderdiaren sorpassoa?

 

Por Andalucia eta Adelante Andalucia alderdien banaketa ere nabarmendu da Andaluziako hauteskundeen atarikoan. 2022ko ekainaren 19ko bozetan sortu zen Por Andalucia, eta Podemos, IU, Sumar eta ezkerreko beste indar batzuk batzea lortu du. Adelante Andaluciak, berriz, Jose Ignacio Garcia du buru, Teresa Rodriguezen lekua hartuta.

Por Andaluciak Antonio Maillo hautagaiari eman dio garrantzia kanpainan zehar. Sumar eta IU alderdietako buruzagien babesa lortu du, baita Pablo Bustinduy eta Sira Rego ministroena ere. Ez du, ordea, Podemoseko buruzagiekin ekitaldirik egin, nahiz eta alderdi morearen babes edo keinu puntualak jaso dituen. Horiek horrela, Maillok uste du M17ko "ezustekoa" izan daitekeela, eta ez du baztertu gaur egun duen diputatu kopurua (5) handitzea.

Bestalde, telebista saioetako eztabaidetan bereganatutako arretagatik zabal hitz egin da Jose Ignacio Garcia hautagaiari buruz, kanpainan zehar. Sare sozialetan Garciak erabilitako estrategiak ere lagundu du horretan. Arrakasta ikusita, inkestek aurreikusi dute orain arteko emaitzak hirukoizteko aukera duela, eta horrenbestez, Por Andaluciari aurrea hartu diezaiokeela. Dena den, galdeketek erabat baztertu dute —bi alderdi horiek batuta ere— 2018an lortutako 17 eserlekuko langara iristea. 

6,8 milioi andaluziar daude hauteslekuetara deituta

 

6,8 milioi andaluziarrek baino gehiagok izango dute botoa emateko aukera Andaluziako Parlamenturako hauteskundeetan.

Zehazki, 6.812.902 dira hauteskunde autonomikoetan botoa ematera deituta dauden andaluziarrak —2022an baino 171.046 gehiago—.

Hautesle horietatik 302.070 atzerrian bizi dira, baina XIII. legegintzaldirako Andaluziako Parlamentua osatuko duten 109 diputatuak aukeratzeko deitu dituzte. Guztira, 25 alderditako eta hiru koaliziotako hautagaitzak aurkeztu dira.

Zer du jokoan alderdi bakoitzak M17an?

 

Andaluziako Parlamenturako hauteskunde autonomikoek agertoki ezberdinak marraztu dituzte bost alderdi nagusi edo koalizio bakoitzarentzat.

Guztira 27 alderdi politiko daude, baina 13 baino ez dira aurkeztu barruti guztietan. Dena den, bost alderdiren arteko lehia aurreikusten da: PP, PSOE, Vox, Por Andalucía eta Adelante Andalucia.

Baina zer du bakoitzak jokoan?

Ezkerraren gotorleku eraitsia, eskuinaren bastioi berria

andalucia cadidatos andaluzia hautagaiak juanma moreno maria jesus montero manuel gavira antonio maillo jose ignacio garcia

 

Sinesgaitza zirudiena orain 10 urte ari da gertatzen: Espainiako ezkerraren gotorleku nagusia eraitsi da, eta andaluziarrek eskuinerantz lerratzen jarraitzen dute. Igandeko hauteskundeetan ez da joera aldaketarik espero, eta zalantza da PPk bere kasa lortuko duen gehiengo osoa ala Voxen babesa beharko duen. Inkesten arabera, bi alderdi horiek batera Parlamentuko ordezkarien % 65 inguru eskuratuko dituzte. Eta hortik zalanta: zer gertatu da azken urteotan Andaluzian ezker-eskuin indar-harremana zeharo iraul dadin?

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Anduezak dio EH Bilduk ez duela erantzunik euskal herritarren lehentasunetarako, "marketin kanpaina asko egin arren"

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak esan du EH Bilduk ez duela erantzunik euskal herritarren lehentasunei eta beharrei erantzuteko, "marketin kanpaina asko egin arren". Gainera, koalizio soberanistari leporatu dio "diagnostiko eta plan asko egin arren, ezer gutxi egitea benetako herri proiektu bat falta zaielako". Anduezak baieztatu du koalizio subiranista espezialista dela arazoak konpondu beharrean areagotzen, zaborraren kudeaketarekin, atez-atekoarekin, egin zuten bezala.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Etxebizitza planarekin lursailak eta etxebizitza pribatuak "desjabetu" nahi dituen argitzeko eskatu dio Pradalesek EH Bilduri

Imanol Pradales lehendakariak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan erantzun dio EH Bilduk etxebizitza eskuratzeko krisiari buruz egindako galderari. Pello Otxandianok esan duenez, etxebizitzaren alorrean "gauza asko egin behar dira", baina "nagusia" prezioak jaistea da, "errenta ertaineko langileei benetan eskuragarriak diren etxebizitzak" eskaintzeko.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X