Hauteskundeak igandean

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Andaluzia: ezkerraren gotorleku eraitsia, eskuinaren bastioi berria

Zalantza nagusi bat dago igandeko hauteskundeei begira: PPk gehiengo osoa lortuko duen ala Voxen babesa beharko duen. Andaluzia ezkerraren gotorlekua zen, baina eskuina hegemonikoa da gaur egun. “Ezkerreko indarren higadura eta eztabaida politikoaren gai nagusien aldaketa giltzarriak izan dira”, adierazi du Ainara Villaño politologoak.

18:00 - 20:00

Sinesgaitza zirudiena orain 10 urte ari da gertatzen: Espainiako ezkerraren gotorleku nagusia eraitsi da, eta andaluziarrek eskuinerantz lerratzen jarraitzen dute. Igandeko hauteskundeetan ez da joera aldaketarik espero, eta zalantza da PPk bere kasa lortuko duen gehiengo osoa ala Voxen babesa beharko duen. Inkesten arabera, bi alderdi horiek batera Parlamentuko ordezkarien % 65 inguru eskuratuko dituzte. Eta hortik zalanta: zer gertatu da azken urteotan Andaluzian ezker-eskuin indar-harremana zeharo iraul dadin?

Andaluziako hauteskundeak - ES

Grafikoa: Orain

Andaluzia garrantzi handiko erkidegoa da Espainiako Estatuan, bai maila sinboliko eta politikoan, bai demografikoan. Beti izan da erkidegorik populatuena, eta oraindik ere bada —Katalunia hurbildu den arren—: 8,7 milioi biztanle ditu bere zortzi probintzietan. Eta bereziki garrantzitsua izan da ezkerrarentzat.

1980ko hamarkadan eta 1990eko hamarkadaren hasieran, ezkerrak Parlamentuko ordezkarien % 75 inguru zituen. Felipe Gonzalez eta Alfonso Guerraren PSOEk erabateko nagusitasuna zuen, eta IUk zein Alderdi Andaluzistak ere pisu nabarmena zuten.

Eskuinak ez zuen ordezkaritzaren % 40 gainditu 2000ko hamarkadaren lehen urteetara arte. Baina 2015ean ezkerra berpiztu egin zen. Bipartidismoaren hausturari eta Podemosen agerpenari esker, ezkerrak ordezkarien bi heren hartu zituen berriz ere. Harrezkeroztik, ordea, ez du burua altxatu.

2018ko hauteskundeetan, eskuinak lehen aldiz hautsi zuen ezkerraren gehiengoa. PPk ordezkaritza apala lortu zuen (26 eserleku 109tik), baina indarrak batu zituen Ciudadanosekin (21 ordezkari) eta Voxekin (12 eserleku) boterea eskuratzeko. Juan Manuel Moreno Bonilla alderdi kontserbadore bateko Andaluziako lehen presidentea bihurtu zen  2019ko urtarrilean.

Legealdi gogorra izan bazuen ere, hurrengo hauteskundeetan, 2022an, zeharo indartuta atera zen. Alderdi laranja irentsi, popularren ordezkaritza bikoiztu eta gehiengo osoa eskuratu zuen: 58 eserleku 109tik.

Igandeko hauteskundeei begira egindako inkesten arabera, popularrak gehiengo osoa ematen duten 55 eserlekuak eskuratzetik gertu ibiliko dira; PSOEk 28 lortuko ditu —gaur egun baino bi gutxiago—, eta Voxek 15 —gaur egun baino bat gehiago—. Por Andaluciak eta Adelante Andaluciak 5 ordezkari eskuratuko ditu bakoitzak.

Andaluziako hauteskundeak - ES

Grafikoa: Orain

Ezkerraren higadura

Azken hamarkadan egoera erabat irauli da. Zazpi urtean, ordezkarien bi heren izatetik heren eskasa izatera igaro da ezkerra. Eta egoera are gehiago okertu liteke Andaluziako ezkerrarentzat.

Ainara Villaño politologo eta Silvan & Miracle aholkularitza enpresako Analisi eta Ikerketa arduradunaren iritziz, dinamika hori "elkar elikatzen duten faktoreen konbinazioaren ondorio" da.

"Gobernuan 36 urtez egon ondoren, etenik gabe, Andaluziako PSOE zeharo higatuta atera zen. Horrek eta EREen auziaren eskandaluak sakon urratu zuten ezkerraren alderdi nagusiaren sinesgarritasuna bere gotorleku historikoan", azaldu du.

Adituaren arabera, horri espazio progresistaren zatiketa kronikoa gehitu behar zaio: "Podemosen agerpenak 2015ean ezkerraren oinarria handitu zuen une batez, baina epe ertainera botoa atomizatu zuen PSOEren, Podemosen, IUren eta Adelante Andaluziaren artean. Gainera, barne gatazkak azaleratu ziren, eta desorden irudia zabaldu zuten, hautesleek egonkortasuna nahi zuten arren.

Aldi berean, "lehenik Ciudadanosek eta gero PPk asmatu egin zuten erdiguneko eta zentro-ezker moderatuko hautesleak erakartzen. Sozialisten kudeaketarekin deseroso zeuden hautesleak ziren, baina ez ziren identifikatzen ezkerreko aukera erradikalagoekin".

Gai nagusien aldaketa: Kataluniatik immigraziora

Bigarren faktore nagusia Andaluziako eztabaida politikoan nagusitu den "testuinguru tematikoarekin" lotuta dago. Lehenik, 2017 eta 2019 artean, Kataluniako prozesuak indar handia hartu zuen politika munduan. Fokua eztabaida sozioekonomikotik lurralde eta identitate auzietara mugitu zen.

"Eskuina erosoago mugitzen den eremua da hori, eta ezkerra defentsiban agertzen zen behin eta berriz. Hautesleriaren zati batek epeltzat jo zuen ezkerra Estatuaren batasunaren aurkako erronkaren aurrean", dio Villañok.

Bestalde, azken urteetan immigrazioa herritarren kezka nagusietako bat bihurtu da, eta Voxek "asmatu egin du ezinegon hori baliatzen tradizionalki ezkerraren oinarri izan diren langile klaseetako boto-emaileak erakartzeko".

"Azken batean, Andaluziako ezkerrak galdu egin zuen bere kontakizun hegemonikoa, gaur egungo kezkei erantzuten zien beste bat eraiki gabe. Bitartean, PPk lortu zuen eskuineko hautesleak Juanma Morenoren inguruan batzea. Alternatiba sendo bat eskaini, eta 2022an gehiengo absolutu historikoa eskuratu zuen", azaldu du.

andalucia cadidatos andaluzia hautagaiak juanma moreno maria jesus montero manuel gavira antonio maillo jose ignacio garcia

María Jesús Montero, Andaluziako PSOEko hautagaia; Antonio Maíllo, Por Andalucia alderdiko hautagaia; Juan Manuel Moreno, PPren hautagaia; Manuel Gavira, Voxekoa; eta José Ignacio García, Adelante Andaluciakoa.

Taula politiko berria

Azken hauteskundeetan, 2022koetan, ezkerrak 2015ean eskuratutako 2,3 milioi botoen erdiak galdu zituen. Ikusteko dago odolustea ez den areagotuko oraingo hauteskundeetan. PSOErekiko boto-fideltasuna mugatua da, eta gainerako ezkerreko indarrek ez dute lortzen beren espazioa handitzea.

"2022an PSOEri botoa eman ziotenen % 65,7k berriro egingo dute, baina gainerakoak norabide askotan sakabanatuko dira. % 7,3 zuzenean PPra joango dira; hori esanguratsua da, ezkerretik eskuinerako boto transferentzia zuzena delako", azaldu du Villañok.

PSOEren ezkerreko espazioak, berriz, zatituta jarraitzen du, eta, kasurik onenean, siglen artean hautesleak trukatzen ditu.

Alabaina, daturik kezkagarriena ezkerrarentzat hautesle berriena da. Egindako azterlanen arabera, lehen aldiz bozkatuko dutenen artean, ezkerra ez da % 30era ere heltzen; eskuinak, berriz, % 46 gaindituko du. "Horrek erakusten du arazoa ez dela soilik unean unekoa, egiturazkoa eta belaunaldikoa baizik", gaineratu du.

Andaluziako PPren hegemonia berria

Testuinguru horretan, PP sendotzen ari da duela urte batzuk pentsaezina zirudien hegemonia bat, orain hiru hamarkada PSOEk zuenaren parekoa.

Ikuspuntu geografikotik, PP nagusi da Andaluziako zortzi probintzietan, arrakalak dauden arren. "Nagusiagoa da Andaluzia ekialdeko eta barnealdeko eremuetan —Jaenen eta Almerian, esaterako—. Ezkerrak, berriz, hobeto eusten dio Atlantikoko hiriguneetako ardatzetan: Sevillan, non Adelante % 10aren gainetik dagoen, eta Cadizen, bere gotorleku historiko bat, non andaluzismoak eta langileen borrokak indarra izan duten. Voxek, berriz, landa eremuetan eta immigrazio presio handiena duten mugako probintzietan lortu du indarra", Villañoren arabera.

PPren hautesleen profilari dagokionez, klase ertainekoak eta ertain-altukoak dira gehienak: "Geruza horietan nagusitasunez irabazten du, % 50era hurbilduta; baina langile klasean % 22tik behera geratzen da".

PSOE da, berriz, "eskala sozial osoan alderdi egonkorrena", nahiz eta langileen artean Adelante Andaluciaren eta Por Andaluciaren baturak gainditzen duten.

Bestalde, Voxen kasua bereziki deigarria da: "Profil bimodala du. Indartsua da bai klase altuetan bai baxuetan; horrek erakusten du liberal-kontserbadoreak eta populista-desadostuak uztartzeko duen gaitasuna".

Adinari erreparatuta, popularrek lidergoa sendotu dute adin-tarte guztietan. "PP da nagusi adin multzo guztietan —oso ezohikoa da hori—, baina babesak gora egiten du adinarekin: gazteenen artean % 30 inguruan dabil, eta adinekoenen artean % 45 gainditzen du", azaldu du.

PSOEk, berriz, adin-profilean zahartuagoa den joera luke; Voxek eta Adelante Andaluziak, aldiz, belaunaldi gazteenetan dituzte gotorleku nagusiak.

Nolanahi ere, hautesle berriez harago ere, eskuina gazteen artean indarra hartzen ari da era orokorrean. Duela urte gutxi sinesgaitza zirudiena gertatzen ari da. “PPk eta Voxek ia % 47 batzen dute 18 eta 24 urte artekoen artean, ezkerrak, berriz, % 34 baino ez. Eskuina ari da belaunaldi borroka irabazten Andaluzian, eta ezkerrak baditu kezkatzeko arrazoiak", erantsi du Villañok.

Zure interesekoa izan daiteke

Laura Garrido PP Euskadi
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Osasun arloko gatazkaren aurrean Ministerioak eta Jaurlaritzak egindako kudeaketak kritikatu ditu Laura Garridok

Euskadiko Alderdi Popularraren buruak azaldu duenez, Ministerioak ez du egin beharrekoa egin, baina Jaurlaritzak badu nahikoa eskumen arazoari aurre egiteko. Horrez gain, argitu duenez, itunpeko osasun-zerbitzuetara jotzea ez da neurri berri bat, 2009tik dekretu batean jasotako eskubidea baizik. Ziurtatu duenez, Osakidetzan arazo estrukturalak daude, besteak beste, mediku eskasiari aurrez heldu ez zaiolako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X