Javier Ortiz de Guinea gasteiztar margolaria zendu da
Arabako paisajista eta erretratugileak 79 urte zituen, eta haren lanak, besteak beste, Arabako Arte Ederren Museoko eta Eusko Legebiltzarreko hormetan daude zintzilik.
Ortiz de Guineak margotutako Gasteizko paisaia baten zatia. Argazkia: Familiak lagata.
Javier Ortiz de Guinea Díaz de Otalora arabar margolaria ostegun honetan hil da, 79 urte zituela, familiak iragarri duenez.
Miguel Indurain txirrindulariaren, Carmelo Bernaola musikariaren eta Garaikoetxea, Ardanza, Ibarretxe, Lopez, Agirre eta Leizaola lehendakarien erretratuak egin ditu Ortiz de Guineak.
Horrez gain, Gasteizko txoko enblematikoak ere islatu zituen koadroetan, eta bi liburu egin ditu: 100 personajes alaveses eta Vitoria-Gasteiz en acuarela y verso.
Haren lanak Arabako Foru Aldundian, Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Arabako Arte Ederren Museoan eta Eusko Legebiltzarrean daude ikusgai.