Oposizioak presidente zeneko ustezko ustelkeriaz galdetu dio Pujoli
ERC alderdiko Gemma Calvet diputatuak Jordi Pujoli gogoratu dio atzerrian gordetako diruaren inguruan egindako aitorpenak "tristura eta haserrea" sortu zuela Kataluniako gizartean. Presidente ohiak parlamentuan egin du agerraldia arratsaldean eta taldeen galderei erantzun behar izan die.
Calveten aburuz, "gaurko agerraldia zaila eta deserosoa da". "Zure jarreraren, zure familiaren jarreraren eta aitortu gabeko diruaren jatorriaren inguruan zalantza asko dituzte herritarrek", gogoratu du.
Gai horri lotuta ondorengo galderak luzatu dizkio Pujoli: Zergatik ez zenuen dirua erregularizatu 1980 urtetik aurrera? Zergatik sartu ditu orain gutxi Pujol familiak 3 milioi euro Andorrako Bankuan? Zergatik heldu da aitorpena une honetan?
Diputatuak ez du "inor akusatu" nahi izan, baina presidente ohiari galderak arduraz erantzuteko eskatu dio.
"Zintzotasunez egiten den proiektu politiko batekin konprometituta gaude", esan du eta Kataluniako politikan katarsi bat izateko beharra aipatu du.
Banca Catalanako akzioak
Miquel Iceta PSCko idazkariak bestalde, "Kataluniako politikan susmoa zabaldu izana" egotzi dio Pujoli. Andorrara eramandako dirua Banca Catalanaren akzioetatik zetorren ere galdetu dio.
Artur Masek eta Xavier Triasek presidente ohiaren inguruan esandako hitzak ere kritikatu ditu PSCko ordezkariak. Pujol auzia gai pertsonala zela esan zuen Pujolek, eta Triasek, berriz, "Pujolek desagertu eta denari uko egin behar" ziola.
"Egindakoak kataluniar guztiei azaldu behar dizkio, eta Generalitatearen babesean familiako kideek legez kanpoko negozioak egin zituzten edo ez argitu", zehaztu du Icetak.
Egindakoengatik justiziaren aurrean erantzun beharko duela gogoratu dio Icetak Pujoli. "Parlamentak, ordez, sortutako galerak garbitzeko eta gertatutakoaren ingurun erantzuteko aukera ematen dizu", esan dio presidente ohiari.
Ogasunari iruzur egindakoaren zenbatekoa argitzeko eskatu dio PSCko ordezkariak, baita hori baieztatzen duten agiriak aurkezteko ere. Dirua Banca Catalanetik zetorren zehazteko ere eskatu du.
Pasqual Maragallek Kataluniako ganberan lan publikoengatik %3ko dirusariak jasotzen zituela ezagutzera eman izanak Kataluniako Gobernuaren arreta piztu ez izana deitoratu du.
"Politikari ustela zaren edo ez esateko aginterik ez duzu"
Kataluniako PPko Alicia Sanchez-Camachok agerraldian ezer argitu ez izana leporatu dio Pujoli. 30 urte baino gehiagoz "kataluniarrak engainatu izana" ere egotzi dio.
"Politikari ustela zaren edo ez esateko aginterik ez duzu", zehaztu du. "Denbora luzean esan zenuen atzerrian dirurik ez zenuela, baina azkenean baietz izan da", gaineratu du.
Pujolek jakitera eman dituen zenbatekoak familiak azken hilabeteetan erregistratu dituen zifrekin bat ez datozela zehaztu du Sanchez-Camachok. "Zure agerraldiak ez du ezer argitu", esan dio Pujoli.
Ondorengo gaiak argitzeko ere eskatu dio: atzerriko funtsak lan publikoen dirusarietatik datozen edo ez, eta funts horiek kudeatzen zituen pertsonetako bat Artur Mas egungo presidentearen aita zen edo ez.
Alderdi Popularreko kideak Pujolen Gobernuan parte hartu zuten hainbat kidek oraindik ere agintean jarraitzea kritikatu du. Masen jarrera ere deitoratu du eta larunbatean kontsulta deitzeko dekretua sinatzea Pujolen agerraldia "isiltzeko" dela esan du.
Masek ba al zekien?
Albert Rivera C’s-ren buruak, bere aldetik, Artur Mas presidenteak atzerriko kontuen berri ba ote zuen galdetu dio Jordi Pujoli. "Mas sarearen eta taldearen kide zen? Bai ala ez? Inoiz ez du ezer jakin % 3az edo 4az? Ez zen ezertaz ohartu kontseilari zenean?", galdetu dio, ‘Pujol auzia’ baño gehiago ‘CDC auzia’ dela esan aurretik.
"Pujolez gain, guzti honetan nork parte hartu duen jakin nahi dugu", gaineratu du. Horren harira, Parlamentuan sortuko duten ikerketa batzordean Masen agerraldia eskatuko dutela jakinarazi du. Izan ere, Riverak ez du uste Pujolek atzerrian duen dirutzak Kataluniako Gobernuan zegoen garaiarekin zerikusirik ez duenik.
Egiaren azalpena
Joan Herrera ICVren buruak Pujoli exijitu dio familiaren dirutzaren jatorriaz "egia" esateko eta ez komeni zaiona bakarrik, eta alderdiren batek onuraren bat jaso duen argitzeko eskatu dio.
"Ez zara Ogasuneko iruzurgile bakarra izan, baina 23 urtez presidente izan zara. Gainera, bizilagun elkarteei errieta egiten zenien zerga tratamendu justuagoa eskatzen zutenean", gogorarazi du ICVren koordinatzaile nazionalak.
Era berean, atzerrian gordetako diruak Banca Catalanarekin zerikusirik ote duen galdetu dio.
Politikariaren ingurua
Jordi Turull CiUren Parlamentuko bozeramaileak berretsi du gaitzetsi egiten dituela Generalitatearen presidente ohiak aitortutakoak, baina argi adierazi nahi izan du CDCk ez diola uko egiten Pujolek 23 urtez sustatu zuen proiektu politikoari. "Minduta gaude, eta ez ditugu onartzen Pujolek aitortutakoak, baina bizitza osoan Kataluniaren alde egindako lanaren aitortza du", azpimarratu du.
Turullen arabera, Pujolen aitortzak "politikariaren inguru pertsonalari eragiten dio, ez ekintza politikoari".
Era berean, gogor jo du oposizioko kideek izandako jarreraren kontra, PPren eta C’s-ren kontra bereziki; izan ere, gezurrak esatea eta CDCrekin eta CiUrekin zerikusia duen guztia "gehiago zikintzea" leporatu die.
Pujolismoaren heriotza
David Fernandez CUPen Parlamentuko diputatuak hitzaldi gogorra egin du Jordi Pujolen kontra, eta "prozesuak pujolismoa lurperatu" duela eta kataluniarrei iruzur ondarea utziko diela adierazi du.
CUPen diputatuaren ustez, hondakinak dira Pujolek gazte kataluniarrei utziko diena, beraz, "kataluniarrak Itacara eramango dituen itsasontzian, ez du eserlekurik izango gordeta", independentziari erreferentzia eginez.
Pujolen haserrea
Alderdien txandaren ostean, presidente ohiak berotasun handiz eta oso haserre erantzun die Parlamentuko taldeei, ustelkeria handia egin izana leporatu diotelako. Haren esanetan, "fribolitatea eta dena nahasteko gogoa" dago salaketa horien atzean.
"Dena horren ustela izan balitz, ez zen 23 urtez jarraitzeko aukerarik izango", adierazi du Pujolek, eta gaineratu du agerraldia atzerrian duen diruaz hitz egiteko zela eta ez presidente zeneko balizko ustelkeriaz.
"Esan diren gauza batzuengatik nago sututa", esan du Pujolek alderdiei erantzuteko tarte horretan.
Zure interesekoa izan daiteke
Espazio publikoetan burka eta niqab-a debekatzeko Voxen proposamena atzera bota du Kongresuak
PPk eta UPNk bakarrik babestu dute eskuin muturreko alderdiaren proposamena. Juntsek kontra bozkatu du, baina bere lege-proposamena erregistratu du, debekuaren eskariari eutsiz. EAJk, berriz, gaia lantzea beharrezkoa ikusten du, eta horretarako azpibatzorde bat sortzea proposatu du.
UCO unitateko agenteek ez dituzte galderak erantzun Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean, Auzitegi Gorenak hala aginduta
Santos Cerdan, Jose Luis Abalos eta Koldo Garcia auzipetzea eragin duen auziari sekretua kendu diotela azaldu du UCO unitateko agenteetako batek, Adolfo Araiz EH Bilduren bozeramaileak egindako galderaren harira.
Kongresura iritsi da burka eta niqab-a debekatzeko asmoa: PP eta Vox alde daude, baina Juntsek kontra bozkatuko du
Kataluniako alderdiak iragarri du lege proiektu propioa aurkeztuko duela espazio publikoetan belo integrala erabiltzea debekatzeko.
Eneko Andueza: "Ez ditut Estebanen adierazpenak ulertzen, Pradalesek eta Itxasok dena konpondu ostean"
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak "Egun on Euskadi" saioan adierazi duenez, Denis Itxaso sailburuak Imanol Pradales lehendakaria kritikatzean "marra gorria gurutzatu" zuela esanez Aitor Estebanek egindako adierazpenek, ez dute ezer onik ekartzen.
"Kontrolez kanpo dagoen merkatuan" esku hartzea beharrezkotzat jo du Otxandianok
Euskal Herrian dagoen arazorik larriena eta herritarren kezka nagusia etxebizitza dela nabarmendu du EH Bilduk, eta kritikatu du Jaurlaritzak ez duela egoerak eskatzen duen etxebizitza politikarik ezarri.
Ubarretxenak azpimarratu du "aurrerapausoak" eman direla aireportuen gaineko negoziazioan
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eskatu du Euskadik parte hartu ahal izan beharko lukeela 13.000 milioi euroko inbertsioak bideratuko dituen dokumentuan, eta tasei eta estrategiari buruz erabakitzeko ahalmena ere bai.
Alba Garcia: "Harrigarria iruditzen zait EH Bilduk horren arin jotzea euskal eskuinarengana"
Gabriel Rufianek proposatutako ezkerreko aliantzari buruz galdetuta, Alba Garcia Sumarren koordinatzaile nagusiak adierazi du EH Bilduk argi utzi duela hauteskunde-aliantza bat egitekotan EAJrekin elkartuko litzatekeela.
Diez Antxustegi, EAJk PSE-EErekin duen harremanaz: "Politikan ez gaude elkarrekin errietan ibiltzeko; ni ez naiz horrelako borroketan sartuko"
Joseba Diez Antxustegi EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak Euskadi Irratiko mikrofonoen aurrean esan du, oro har, egunerokoan PSE-EErekin harremana ona dela. "Egunen batean gustatzen ez zaigun zerbait entzun behar badugu, ba onartu egin beharko dugu, baina gu ez gaude hemen horretarako".
Aireportuetan 13.000 milioi euroko inbertsioa ekarriko duen Aenaren egitasmoan parte hartzen ahaleginduko da Jaurlaritza
Ubarretxenak defendatu du Euskadiko hiru aireportuen inguruko plan estrategikoan Jaurlaritzak zer esana izan behar duela.
Espazio publikoetan burka eta niqab-a debekatzeko Voxen lege proposamenaren alde bozkatuko du PPk
Abascalen alderdiak bultzatutako ekimena astearte honetan eztabaidatuko dute Diputatuen Kongresuan.