Bakea eta bizikidetza
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Presoak gizarteratzeko programa aurkeztu du Jaurlaritzak

Presoek 'beren borondatez' erabaki beharko dute programarekin bat egin edo ez, baina giza eskubideekiko konpromisoa agertu eta eragindako kaltea onartu beharko dute.
18:00 - 20:00
Presoen bergizarteratzea bultzatzeko plana aurkeztu du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak Hitzeman programa aurkeztu du, "presoen legezko gizarteratze prozesuei laguntzeko legezko bidea". Bake eta Bizikidetza Planaren zortzigarren ekimena da, eta terrorismo delituengatik preso dauden pertsonei zuzenduta dago.

Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza zuzendariak aurkeztu du programa, gaur, Donostian. Horren hitzetan, terrorismo delituengatik epaitu dituzten eta kartzelan dauden pertsonak "gizarteratzea" da programaren oinarria. "Printzipio horrek are balio handiagoa du ETAk indarkeria behin betiko utzi ondoren sortutako baldintza soziopolitikoak hain aproposak diren une honetan", esan du.

Legedia abiapuntutzat hartuta, Euskal Herriko gizartearen testuinguru berriarekin bat egingo duen espetxe-politika sustatzeko ekimena dela esan du Jaurlaritzak: "Hitzeman programaren helburua Konstituzioak ezarritako xedeari laguntzea eta hura bizkortzea da; alegia, gizarteratzeko prozesu pertsonalei laguntzea".

Fernandezen esanetan, ekimena ez dago presoei berez dagozkien eskubide edo onurak eskuratzearekin lotuta. "Gaixo dagoen preso batek edo 70 urtetik gorako batek ez dauka zertan Hitzeman programa jarraitu behar legez dagokiona jasotzeko; presoak hurbiltzea ere ez dago horrekin lotuta", esan du.

Programak aukera ematen die "presoei giza eskubideekiko konpromisoa hartzeko, biktimei eragindako kaltea onartzearekin eta autokritika egitekoarekin lotuta". Ekimenarekin bat egiten dutenek "aholkularitza eta babes sozio-asistentziala jasoko dute, behar bezala gizartera daitezen". Fernandezen arabera, "proposamen irekia" da, eta errespetua du mugarri; biktimekiko, gizartearekiko eta presoekiko errespetua.

Fernandezek argi utzi nahi izan du Hitzeman ez dela "aparteko erantzun bat". "Ez du itxaropen faltsurik sortu nahi arazo oso konplexu baten konponbidearen inguruan", esan du. Jaurlaritzaren asmoa "legezko bide bat" irekitzea da, "bideragarria, errealista eta mailakatua", modu eraikitzailean partekatu ahal izango dena "gizartearekin eta politikariekin".

Prozedura

Presoak "beren borondatez" sartuko dira programan. Lehenik eta behin, hasierako adierazpen bat onartuko beharko dute: bertan, bakea eta bizikidetza behin betiko ezartzeko eta horretan laguntzeko konpromisoa hartuko dute. Adierazpenarekin bat egin ondoren, Eusko Jaurlaritzak abian jarriko luke programa. Kudeaketa batzorde bat sortuko da eta talde horrek proposatuko die programarekin bat egitea erabaki duten presoei zer ibilbide jarraitu. Preso bakoitzak bere ibilbidea izango du.

Hasierako prozesu hori behar bezala aztertu eta amaitzen denean, kudeaketa batzordeak gizarteratze-prozesuaren aldeko edo aurkako irizpena emango du.  Eta, azkenik, Jaurlaritzak irizpen hori balioetsiko du eta dagokien erakundeei igorriko die.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X