Eusko jaurlaritza
Gorde
Kendu nire zerrendatik

3.587 tortura salaketa erregistratu dituzte EAEn

Paco Etxebarria auzitegi medikuak egin du ikerketa. Salaketen egiazkotasuna ez dutela aztertu azaldu du.
18:00 - 20:00
Euskal Herriko tortura kasuen errolda aurkeztu dute Donostian

Eusko Jaurlaritzak 1960 eta 2013 artean Euskadin izandako tortura kasuen ikerketa egitea agindu zion 2014ko martxoan Francisco Etxeberria auzitegi medikuak Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) gidatzen duen Kriminologiako Euskal Institutuko taldeari, eta, ikerketaren lehen hilabeteetan, 3.587 salaketarekin osatutako lehen errolda egin dute.

Paco Etxeberriak berak eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak prentsaurrekoa eskaini dute. Ikerketaren helburua torturak azken 50 urteetan Euskadin izan duen benetako eraginaren berri ematea dela azaldu dute, bai eta aintzatespena, konponketa eta prebentzioari lotutako ondorioak zehaztea ere.

Bake eta Bizikidetza Planaren seigarren ekimena da ikerketa hau, planak berak zehaztutako hiru konpromiso handietako lehenaren barruan: iragana argitzea.

Ikerlana 2016ko irailean osatzea espero dute. Ordura arte, lanak hiru fasetan egingo dira. Lehen fasean (6-8 hilabete artean), salaketak zenbatetsi dira, tratu txarren eta torturen prebalentziari buruzko informazio agiri erabilgarrien azterlanaren txostena eginda eta hainbat iturritako informazioa aztertuta, errolda osatzeko.

Bigarren fasea (9-12 hilabete artean) egiaztapena izango da, eta horretarako 200 kasu adierazgarri ikertuko dituzte, eta 40 kasu enblematikoren azterketa egingo dute. Hirugarren fasean (3-5 hilabete artean), amaierako txostena osatuko dute, ondorioak eta gomendioak adierazita .

Lehen fasearen txostena ostiral honetan eman diote Paco Etxeberriak eta bere taldeak Jonan Fernandezi, 2014ko martxoaren eta abenduaren artean egindakoa.

Hain zuzen ere, 3.587 kasu salatu dituzte, eta horietatik 2.820 kasu aztertu dira orain arte: 2.394 gizonei dagozkie, eta 426 emakumeei.

1.319 Polizia Nazionalaren aurkakoak dira, 1.174 Guardia Zibilaren aurkakoak, eta 271 Ertzaintzaren kontrakoak. 914 kasu 1980ko hamarkadan gertatu ziren; 687, 1990ekoan; 540, 2000koan; eta 474, 1970ekoan. Kasu horietan guztietan, oraingoz, 1.183 kaltedunek berretsi dute torturen edo tratu txarren ondoriozko salaketa.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X