Arantza Quirogak dimisioa eman du
Arantza Quiroga badoa. EAEko PPren Presidentetza eta 20 urteko ibilbide politikoa utzi du, bizikidetzaren alorrean emandako pausoak porrot egin ostean. Askok egintzat ematen zuten dimisioaren iragarpena goizean egin du, Alderdi Popularrak Donostian duen egoitzan emandako prentsaurreko batean.
Sei egun eman ditu Quirogak agerraldi publikorik eta adierazpenik egin gabe. Sakelako telefonoa ere itzalita eduki du. Informaziorik ezak ezinegona eragin du EAEko PPko alderdikideen artean. Quirogak zer egin behar zuen ez zekiela esan zuen atzo bertan Nerea Llanos idazkari nagusiak.
Joan den asteazkenetik, 'Askatasun eta Bizikidetza' Lantaldea sortzeko mozioa erretiratu zuela iragarri zuenetik, egon da isilik Quiroga. Alderdi guztiak, EH Bildu barne, bizikidetzaren inguruko akordio batera biltzeko saiakera bertan behera geratu zen egunetik, hain justu. "Kale egin dut akordioa lortzeko saiakera horretan. Zintzoena alde egitea da, beste batzuek lekukoa har dezaten", aitortu du.
"Banoa, baina alderdi honek bere bideari jarraituko dio, aurrera ateratzeko prest dauden pertsonak badaudelako, eta proiektua badagoelako. Nik baino askozaz hobeto egingo dute", agertu du.
Sei egunotako "isilunea"ren nondik norakoak azaldu ditu agerraldian. Quirogaren hitzetan, mozioa atzera botako zuela iragarri eta biharamunean jakinarazi zion Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiari dimititzeko asmoa zuela. Honek, baina, "ondo pentsatzeko" eskatu, eta mozioa atzera botatzeko eskatu ziotenean "gaitzesteko" asmorik ez zutela argitu zion.
Bizikidetza helburu
Mozioaren harira, egindakoa "ondo" egin duela sinetsita, "mila aldiz" aurkeztuko lukeela esan du Quirogak, Alderdi Popularra "bizikidetzaren, egiaren eta biktimekiko justizia bilatzeko orduan abangoardian" izan behar dela iritzita.
"Hori izan dut helburu politikan aritu naizen urte luze hauetan. Uste dut, orain, ETAk hiltzen ez duen honetan, aurrerapausoa eman behar genuela eta bizikidetzan aurrera egin, horren alde borrokatu dugu eta hainbat urtez".
"Hori da bidea", erantsi du, eta "gaur-gaurkoz posible izan ez bada ere", ziur da denbora bat igarota, "berriro aurkeztuko dutela". "Espero dut alderdikideak ausartak izatea", erantsi du. "Ez da helburu politiko bat, gizarte helburu bat baizik", borobildu du.
Biktimak
Halaber, egun hauetan isilik egon dela-eta, bere jarreragatik "deseroso" sentitu direnei barkamena eskatu die.
Biktimei ere zuzendu zaie, eta mozioarekin "irainduta sentitu diren edo erabakia ulertu ez duten biktimei" barkatzeko eskatu die. "Ez diet inoiz minik egin nahi izan", azpimarratu du. Izan ere, argudiatu duenez, "euren ahotsa" izateko lanean izan da urteotan, "euren duintasunak eta memoriak euskal gizartean merezi duten lekua izan dezaten".
Era berean, euren "ulermena" helarazi dioten biktimei eskerrak eman dizkie. Alderdiko kideentzat, batez ere Cospedalentzat eta Nerea Llanos EAEko PPko idazkari nagusiarentzat, esker oneko hitzak izan ditu, erakutsi dioten "leialtasunagatik".

Kazetari andana bildu da Quirogaren agerraldiaren berri emateko. Argazkia: EFE
Alderdiak eskatu zion mozioa erretiratzea
Kazetarien galderei erantzunda, mozioa erretiratzeko eskaera alderdiak, Estatuko zein Euskadiko kideek, egin ziola aitortu du Quirogak. Atzera egitearen erabakia "erantzukizunez" hartu zuen, ez zuelako alderdi barruan "bere kasa zebilen bakarra" izan nahi. Edukia hizpide hartuta, "aparteko berrikuntza ez" zela nabarmendu du. "Orain ez du inork edukia zalantzan jarri", erantsi du
Hala, aitortu du ez dela "bidezkoa" "jarreraren bat izan zen, egunkari bateko azal faltsuren bat, eta horrek eragin zuen dena".
Alderdiaren gaitzespena jasan ote duen itaunduta, ezezkoa erantzun du Quirogak. Mozioa erretiratuko zuela jakinarazteko prentsaurrekoan, ordea, hala sentitu zela onartu du.
"Premiazko erabakiak"
Borja Semper Gipuzkoako PPko presidenteak adierazi du alderdiak "premiazko erabakiak" hartu behar dituela Arantza Quirogaren dimisioaren ostean. Erabaki horiek "Euskadin" hartu behar dituztela jakinarazi du, "EAEko PPko militanteen artean".
"Quirogaren erabakia zein den jakin dugu eta hori ekintza politikora eraman behar dugu orain", adierazi du Semperrek Eusko Legebiltzarreko pasabideetan, Quirogak dimisioa eman duela jakin ostean. Semperrek Quirogaren lana goraipatu du eta, esan duenez, "ez da oharkabean igaro euskal politikatik", baina alderdia ezin da "zehaztasunik ezean" gelditu Semperren arabera. Hiritarrek "barne arazoetan murgilduta" dauden irudia hartu dutela uste du Gipuzkoako PPko presidenteak.
"Gauzak nola egin behar diren esaten digutela, horren irudia eman dugu, eta uste du Euskadiko PPk irudi hori albo batera utzi behar duela. Euskadiko PPko militanteek eta zuzendaritzak erabaki behar dute EAEko PP nork zuzendu behar duen", gaineratu du.
Bere aldetik, Alfonso Alonso Arabako PPko presidentea eta Osasun ministroak adierazi du Quirogaren erabakia "errespetatzen" eta "deitoratzen" duela. Aldi berean, EAEko PPko buruzagiei deia egin die "erantzun azkarra" emateko, "talde sendoa egiteko".
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.