Sanchezek hamahiru neurri proposatu ditu alderdi barruko ustelkeria kasuei aurre egiteko
Rebeca Torro valentziarra, orain arte Industriako Estatu idazkari zena, izango da Cerdanen ordezkoa. Ezagunak ziren polemikez gain, orain beste bat gehitu zaie, Salazarrek uko egin baitio bere karguari sexu-jazarpen salaketengatik.
Pedro Sanchez, PSOEren Batzorde Federalean. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEren idazkari nagusiak mugarri izango den PSOEren Batzorde Federala abiatu du gaur, eta alderdiaren buruzagitza berregituratzeaz gain, ustelkeriaren aurkako barneko neurriak onartu dituzte, Santos Cerdan Antolakuntza idazkari ohiak sortutako krisiaren ostean. Hain zuzen, hamahiru izan dira alderdi barruko ustelkeria prebenitzeko eta zigortzeko neurriak.
Irekiera hitzaldian aurkeztu ditu Sanchezek hamahiru neurri horiek, hiru ardatzetan bilduta, eta horietako batzuk azaldu ditu, kargu kolegiatuagoak sortzea eta funtsezko postuetan dokumentu askotarako sinadura bikoitza ezartzea, esaterako.
Horiekin batera, ustelkeria kasuetan informazio- eta diziplina-espedienteak ebazteko gehienezko epeak berriro arautzea proposatu du, "bermeak murriztu gabe".
"Ahalik eta arreta handienarekin jokatu behar dugu, prozesu horien arintasunean dagoelako arrakastaren eta porrotaren arteko aldea", esan du neurri horiek azaltzeko orduan.
Exekutiba Federala onartu dute
PSOEren Batzorde Federalak berretsi egin du larunbat honetan Pedro Sanchez idazkari nagusi sozialistak eta Espainiako Gobernuko presidenteak proposatutako Exekutiba Federal berria (54 izatetik 48 izatera igaroko da). Organuko 300 kide baino gehiagoetatik bakarrak bozkatu du kontra.
Maider Etxebarria Gasteizko alkatea PSOEren Batzorde Federaleko presidente izendatu dute. Kargu hori ez da, ordea, gaurko ekitaldira mugatzen, gutxienez urtebete beteko du, eta luzatu egin daiteke, alderdiaren estatutuen arabera.
Cerdan preso dago ‘Koldo auzia’n ustez izan zuen parte hartzeagatik, eta krisi horren erdian antolatu dute Batzorde Federala, Rebeca Torro valentziarra, orain arte Industriako Estatu idazkari zena, Antolakuntza idazkari izendatzeko, besteak beste.
Sanchezek erabakita, Antolakuntza idazkariak hiru “laguntzaile” izan behar zituen. Dena den, azkenean, Anabel Mateos (sozialisten Exekutiba Federaleko Kostako Udalerrietako idazkari zena, Lurralde Koordinazio idazkari izango da) eta Borja Cabezon (Ekintza Demokratikoko eta Gardentasuneko arduradun izango da aurrerantzean ere) bakarrik izango dira; hirugarrena Francisco Salazar izan behar zen, baina Batzorde Federala hasi baino ordu batzuk lehenago uko egin dio postuari, sexu-jazarpen salaketa batzuen ostean.
Halaber, emakumezkoak izango dira alderdiaren hirugarren agintari nagusiak: bozeramailea, Montse Minguez, eta horren ondokoa, Enma Lopez.
Bestalde, Sanchezek alderdiko Exekutiba Federal berrian mantendu du Santos Cerdan Antolakuntza idazkari ohiaren albokoa, Juanfran Serrano, Udal Politikako idazkari berria izango dena.
Aroa Jiletek, berriz, Exekutiba Federalean zuen postua utzi du, bietan jarraitzea ezinezko izanik, Arabako PSE-EEren zuzendaritzan jarraitzea lehenetsi baitu.
PSOEren Exekutibako bost kidek, gutxienez, kargua utzi dute, alderdiaren estatutuek ezartzen dituzten karguen bateraezintasunengatik; izan ere, horien arabera, kideen % 10 baino ezin dira bateraezintasun horretatik salbuetsita geratu, eta Sanchezek bakarrik du erabaki hori hartzeko eskumena.
Hori da, hain justu, Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko presidenteordearen eta PSOEko idazkariorde nagusiaren kasua, zeini ez zaion bateraezintasuna aplikatuko. Horregatik, PSOEren Batzorde Federalak Maria Jesus Montero PSOE-Ako idazkari nagusia izendatu du Andaluziako Juntako presidente izateko hautagai, 2026ko ekainerako aurreikusita dauden hauteskundeetan.
Chiviteren eta Anduezaren hitzartzeak
Alderdiko 315 kargudun izan dira Sanchezen hitzaldiarekin hasi deb Ferrazeko bilera. Presidentearen atzetik, hitza hartu ahal izan dute hala eskatu duten buruzagiek, besteak betse, Eneko Andueza eta Maria Chivite.
Maria Chivite PSN-PSOEko idazkari nagusi eta Nafarroako presidenteak "militantziaren eta kargu publiko sozialisten gehiengoaren zintzotasuna" defendatu du, eta "batasuna" eskatu du "proiektu sozialista babesteko, zerbitzatzea ez den beste helburu baterako erabiltzeko eskubiderik ez dutela ulertzen ez dutenengandik".
"Erakundeari eragiten dioten azken gertakarien ondoren, irmotasuna, autokritika eta birsorkuntza demokratikoarekiko konpromisoa" aldarrikatu ditu. "Ustelkeriak politikarekiko konfiantzaren porrot sakona dakar berekin, eta, horregatik, barneko zein kanpoko neurrietan sakondu behar dugu, kontrolak hobetzeko eta gaur egun oraindik dauden zuloak estaltzeko", azpimarratu du.
Nafarroako hainbat eremutan afiliatu sozialistekin bilerak egin ostean jaso duen "militantziaren babesa" azpimarratu du Maria Chivitek. "Hasierako kolpetik haratago, ia aho batez helarazi didaten mezua indarrarena da, ezin dugula amore eman, proiektuarekin aurrera jarraitu behar dugula, ezin baitugu bazter utzi herrialde hau hobetzeko eta Nafarroa adierazle ekonomiko eta sozial bikainetara eramateko eman zaigun lana", adierazi du.
Bere aldetik, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak azken asteetan PSOEren baitan izandako "kolpe gogorrari" aurre egiteko apustua egin du, eta lasaitasunerako deia egin du.
EAEko sozialisten buruzagiak ziurtatu du iraganean ere "garai zailak" pairatu izan dituztela sozialistek, eta "elkarrizketatik eta adiskidetasunetik" gogoeta egiteko deia egin du.
Gainera, "presazko erabakiak" ez hartzearen alde egin du, eta "Pedro Sanchezek hartzen duen edozein erabaki errespetatuko" duela aurreratu du.
Garcia-Pagek konfiantza mozioa eskatu dio Sanchezi
Buruzagi sozialista kritikoenetako batek, Emiliano Garcia Page Gaztela-Mantxako PSOEko idazkari nagusi eta erkidegoko presidenteak, Pedro Sanchez PSOEko buruzagi nazionalari eskatu dio konfiantza galdea egin diezaiola Kongresuari edo, bestela, hauteskunde orokorrak aurreratu ditzala, ez baititu nahikotzat jo larunbateko Batzorde Federalean mahai gainean jarri diren neurriak.
Pageren inguruko iturriek jakitera eman dutenez, buruzagiak adierazi duenez bi aukera daude. Batetik, galdu den konfiantza berreskuratzea, eta ez "independentisten xantaia" gehiagoren truke -Gobernua mantentzeko ezinbestekoak diren botoen truke ERCrekin eta bereziki Juntsekin legealdian lortutako akordioei aipu eginez-; ala, bestela, Sanchezek hauteskundeak aurreratzea.
Pageren ustez, PSOEren egungo krisia ezin da gainditu Sanchezek planteatutako neurriekin, hala nola alderdiaren erabakietan sinadura bikoitza, botere-kontzentrazioa edo alderdiko buruzagien ondarearen ausazko kontrolak saihesteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Correoseko presidente ohiak Leire Diezi kargu bat eman ziola uste du UCOk
UCOren arabera, Juan Manuel Serranok parte-hartze aktiboa izan zuen ikertutako gertakarietan, "bai SEPIren enpresa-eremuan etekinak lortzearekin lotuta, bai PSOEko kide jakin batzuen zein Espainiako Gobernuaren interesen defentsarekin lotuta".
Espainiako Gobernuak biktima gisa aitortu du Josu Zabala Erasun, duela 50 urte Guardia Zibilak tiroz hildako irundarra
"Arrazoi politiko eta ideologikoengatik jazarpena" jasan zuela, eta "aitortzarako eta erreparaziorako eskubidea" dio onartutako adierazpenak.
Fiskaltzak Begoña Gomezen absoluzioa eskatu du, deliturik egin ez zuela iritzita
Ministerio Fiskalak Gomezi pasaportea kentzearen aurkako helegitea aurkeztu du ere, eta Peinado epaileak hartutako beste erabaki batzuk "zentzurik gabekoak" direla adierazi du.
Jaurlaritzak "positibotzat" jo du Konstituzionalak euskarari buruz hartutako erabakia, eta Bilduk ohartarazi du "oldarraldia ez dela eten"
Ibone Bengoetxearen esanetan, EAEko Auzitegi Nagusiak oraindik erabaki behar du PPk eta Voxek Enplegu Publikoaren Legeari jarritako helegiteari buruz.
Sanchezek, Trumpen kritiken ostean: "AEBren eta Espainiaren arteko harremanak oso positiboak dira"
Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu du Estatu Batuetako presidentearekin hitz egiteko aukera izan duela, azken horrek Espainia beste behin kritikatu eta gero. "Solasaldi informala" izan dela azaldu du, eta "adeitsu"jardun dutela.
"Ez litzateke lehen aldia presidente batek ihes egiten duena", erantzun dio Peinado epaileak Begoña Gomezi
Magistratuak ekainaren 30ean sinatutako auto batean defendatu du bere erabakia, bere ordezkoak gai horren inguruan beste erabaki bat hartu baino lehen. Azken horrek baimena eman dio Gomezi Londresera bidaiatzeko, baina ez Ankarara.
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak legea aldatzea adostu dute, delituak errepikatzen dituztenak zigortzeko
Helburua da delituak egin dituzten baina oraindik epai irmorik izan ez duten delitugileek "ondorioak" ordain ditzaten.
PSOEk eta sindikatuek Feijooren aurka egin dute absentismoa "minbizi bat" dela adierazteagatik
Sozialistek kritikatu dute PPk lan eskubideak murriztea proposatzea, enpresen lehiakortasuna hobetzeko.
Transferentzien inguruko negoziazioak ez doazela ondo onartu du Ubarretxenak
Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburuak onartu du materia zailak dituztela mahai gainean, baina "borondate politikoa" egonez gero oztopoak gainditzea posible dela uste du.
Pau Blasi legebiltzarkide sozialistak “pazientzia” izateko eskatu dio lehendakariari eskumenen negoziazioan
Pau Blasi PSE-EEko legebiltzarkideak jarrerak lasaitzeko eskatu dio Pradalesi, lehendakariak joan den astean salatu ondotik Espainiako Gobernuak transferentzien inguruko akordioa ez betetzea "errespetu falta onartezina" dela. Testuinguru horretan, Blasik azpimarratu du "hitz potolorik gabe" aritu behar dela eskumenen negoziazioa behar bezala bideratzeko.