PSOEk bere Kode Etikoa aldatuko du prostituzioa erabiltzen dutenak kanporatzeko
Pedro Sanchez bere alderdiko Berdintasun idazkariekin bildu da erreformari heltzeko. Kode Etiko berriak PSOE abolizionista dela azpimarratuko du, prostituzioa "emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpena" baita.
PSOEren batzorde federala. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidenteak bere alderdiko Berdintasun idazkariei adierazi dienez, PSOEren Kode Etikoa aldatu egingo da prostituzioa erabiltzen duten guztiak kanporatzeko.
Sanchezek Berdintasun arduradunekin ateak itxita egindako bileraren ostean PSOEk ohar bidez jakinarazi duenez , paragrafo bat gehituko zaio PSOEren Kode Etikoaren 4.5 artikuluari. Horren arabera, "ordainsari baten truke pertsona bati sexu-ekintza bat eskatzea, onartzea edo lortzea erabat bateraezina da PSOEko militantziarekin, eta organo federalek hutsegite oso larri gisa izapidetuko dituzte kasu horiek, Estatutu Federalen arabera, eta, gainera, zigorrik handiena ezarriko diote, hau da, alderditik kanporatuko dute".
Bertan gaineratu dutenez, prostituzioa "emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpena" da, eta giza eskubideen eta etika demokratikoaren printzipioekin bateraezina da, "emakumeak objektu edo merkantzia gisa tratatzea dakarrelako, eta ez eskubideen subjektu gisa".
"Prostituzioaren abolizionistatzat jotzen dugu geure burua, emakumeak prostituitzera behartzen dituzten kausak desagertzearen alde borrokatzen duen gizarte-eredu bat defendatzen dugulako, proposatzen dugun gizarte-ereduarekin, berdintasunarekin eta pertsonen duintasunarekiko errespetuarekin eta emakumeen giza eskubideen defentsarekin bateraezina delako", azpimarratu du Kode Etikoaren erredakzio berriak.