Auzitegi Gorenak amnistia aplikatu dio Puigdemonti, eta auzi penala itxi du bederatzi urte eta gero
Llarena epaileak Puigdemonten aurkako sumarioa itxi ondotik, Justiziak auzia behin betiko artxibatu du, eta Kataluniako presidente ohiak Espainiara itzultzeko aukera du jada, baita hauteskundeetara aurkeztekoa ere.
EFEren artxiboko argazkia.
Auzitegi Gorenak amnistia aplikatu dio gaur, astelehena, Carles Puigdemonti, eta behin betiko itxi du Kataluniako independentzia-prozesuagatik duela bederatzi urte zabaldutako auzia. Kataluniako presidente ohiak Espainiara itzultzeko aukera du jada, baita hauteskundeetara aurkeztekoa ere.
Auto batean, Zigor Aretoak artxibatu egin du 2017an Puigdemonten eta Antoni Comin eta Lluis Puig kontseilari ohien aurka irekitako prozedura, eta haien erantzukizun penala iraungitzat jo du. Hiruretako inor ez zuten epaitu, urte hartako urriaren 1eko erreferendumaren ostean Justiziatik ihes egin baitzuten.
Hala, auzitegiak berretsi egin du Pablo Llarena epaileak hilaren 3an hartutako erabakia; izan ere, epaileak guztientzat itxi zuen sumarioa, eta prozedura aretora bidali zuen, Auzitegi Konstituzionalak oraindik auzipetuta zeukan delitua (bidegabeko eralgitzea) amnistiatzea erabaki ostean.