Polizia Nazionalaren operazio-buruak dimisioa eman du, agente batek bortxatu zuela salatu ondoren
Haren mendeko polizia batek Barne Ministerioaren etxebizitza ofizial batean bortxatu izana leporatzen dio; sexu-erasoaz gain, hertsapenak, lesio psikikoak eta ondasun publikoak bidegabe erabiltzea egozten diote.
Jose Angel Gonzalez. Argazkia: Europa Press.
Jose Angel Gonzalez komisario nagusiaren dimisioak hautsak harrotu ditu, horren atzean haren menpeko agente baten kereila bat baitago, bortxaketagatik. Polizia Nazionalaren operazio-burua da Gonzalez, eta Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko 8 zenbakiko Madrilgo Epaitegiak deklaratzera deitu du. Sexu-erasoak, hertsapenak, lesio psikikoak eta ondasun publikoak bidegabe erabiltzea egozten zaizkio.
Barne Ministerioak azaldu duenez, David Maman Benchimol magistratuak ikerketa abiatu du Jose Angel Gonzalezen aurka. Martxoaren 17an deklaratzera deitu du, "kereilatu gisa".
Biktimaren salaketa
Kereila 2025eko apirilean egin omen ziren delituekin lotuta dago, Jorge Piedrafita biktimaren abokatuak azaldu duenez.
Egun hartan, defentsaren arabera, salatzailea, Gonzalezen mendeko agente bat, "zerbitzuan zegoen", eta “auto kamuflatu batekin” jatetxe batera joateko agindua jaso zuen. Han, Gonzalez beste agintari batekin zegoen.
Une horretan, salatzailearen abokatuak ohar batean adierazi duenez, agindu bat jaso zuen ustezko biktimak: Jose Angel González "Barne Ministerioaren jabetzako haren etxebizitza ofizialera" eraman behar zuen. Bertan gertatu zen “sarketarekin” egindako bortxaketa, agentearen arabera.
Emakumeak etxebizitzatik ihes egin ahal izan zuen arte gertatu zen sexu erasoa. Ondoren, biktimaren abokatuak adierazi duenez, presioak jaso zituen salaketa jarri duen agenteak, zuzen-zuzenak Gonzalezen kasuan, eta zeharkakoak ere, beste goi kardudunen aldetik.
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak izendatu zuen operazio-buru Jose Angel Gonzalez, 2018an, Aragoiko Poliziaren buru nagusi izan ostean.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik