UPNk salaketa aurkeztu du Espainiako Futbol Federazioaren aurrean, Euskal Herriko mapa daraman Athleticen kamiseta berria dela eta
Alderdi erregionalistak neurriak hartzeko galdegin dio Lehiaketa Batzordeari, eta eragotz dezala lehiaketa ofizialetan elastiko hori erabiltzea. Ohartarazi duenez, bide judizial guztiak agortzeko prest dago.
Iragarrita zuen, eta azkenean gauzatu egin du. UPNk salaketa aurkeztu du Espainiako Futbol Federazioaren aurrean Athleticen elastiko berria dela eta. Kamisetak ikurrina eta Euskal Herriaren mapa txiki bat ditu atzealdean.
Cristina Ibarrola UPNren presidenteak agerraldia eskaini du gaur Iruñean, eta bertan azaldu duenez, Federazioaren Lehiaketa Batzordeari neurriak hartzeko galdegin dio elastikoa lehiaketa ofizialetan erabil ez dadin.
Ibarrolaren hitzetan, Euskal Herriko mapak "Nafarroaren errealitate juridiko-administratibo eta instituzionalari kalte egiten dio", eta gogora ekarri du EAEko zein Nafarroako auzitegi nagusiek horren inguruko epaiak eman dituztela. Horien arabera, irudi hori erabiltzea "auzi politikoa" da. Izan ere, horren iritzian, Euskal Herria "juridikoki existitzen ez den lurralde erakundea" da.
Era berean, gogorarazi duenez, Federazioaren araudiak berak ere debekatu egiten du kutsu politikoa duten logo eta mezuak erabiltzea. Horren esanetan, futbolak mediatikoki "eragin handia" du, eta arau zehatzak ditu elastikoetan edota ekipamenduan mezu politikoak agertzea saihesteko.
UPNko buruak "errespetu osoa" agertu die athleticzaleei eta taldearen koloreak sentitzen dituztenei, eta "haiek ez dute klubak hartutako erabakiaren errurik", gaineratu du.
"Arauak eta auzitegien jurisprudentzia zabala urratu dela eta, ez dugu beste alde batera begiratuko urratzen denean", berretsi, eta, are gehiago, argi utzi du bide judizial guztia agortzeko prest daudela.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik