Herritarrak pozik bizi kalitatearekin, baina kezkatuta etxebizitza, osasun sistema eta segurtasunarekin
EITB Focusen azken inkestan, herritarrek 7,6ko nota eman diote bizi kalitateari EAEn, eta 7,5ekoa Nafarroan. Etxebizitza da kezka nagusia udalerri gehienetan.
Euskal herritarrek balorazio ona egiten dute Hego Euskal Herriko bizi kalitateaz, eta nota altua ematen diote: 7,6koa EAEn eta 7,5ekoa Nafarroan. Hala ere, etxebizitza, osasun sistema eta segurtasuna kezka iturri bilakatu dira herritarrentzat. EITB Focusen azken inkestaren arabera, etxebizitza da, alde handiz, administrazioek lehentasunez jorratu beharko luketen gaia, udalerriaren arabera alde nabarmenak dauden arren.
Inguruaren bizi kalitatearen asebetetzeari dagokionez, ez dago alde handirik adin taldeen artean, baina EAEren kasuan gazteenek balorazioa hobexeagoa egin dute (7,72) batez bestekoarekin alderatuta.
Azterlanak, halaber, administrazioek lehenetsi beharko lituzketen gaiei buruz galdetu du, udal mailan zein lurralde eta Euskal Herri mailan. Inkestatutakoen heren batek etxebizitza aipatu du; % 19-24k (kudeaketa eremuaren arabera), osasun sistema; eta % 14-16k, herritarren segurtasuna.
Azterlanaren atal honetan, baina, alde handiak daude udalerrien artean. Etxebizitzaren arazoa nabarmentzen da Donostian (% 49,7), Tolosan (% 41,2) eta Amurrion (% 36,6). Osasun sistema, berriz, lehentasunezko gai gisa ageri da Agurainen (% 48,3) eta Iruñean (% 31,8). Herritarren segurtasuna, azkenik, lehenetsi beharreko gai moduan agertzen da Irunen (% 49,6), Barakaldon (% 42,9) edo Bilbon (% 38,3).
Inkesta ostiral honetatik aurrera egongo da ikusgai, eta gai horien nahiz beste batzuen (adimen artifiziala, industria…) inguruko analisi zabala jasotzen du.
Horrez gain, EITB Focusek atal bat eskaini dio herritarren aldarte soziala aztertzeari. Inkestatutakoen % 68k adierazi dute EAEn eta Nafarroan giro soziala "oso edo nahiko lasaia" dela. Herritarren % 35,9k, ordea, esan dute badirela jendaurrean saihesten dituzten gaiak, “kritikak, iritziak edo gatazkak ekiditeagatik".
EAEn eta Nafarroan dagoen egoera orokorrari dagokionez, inkestatutakoen % 78k uste dute egoera "ona edo oso ona" dela; % 9,9k, berriz, "txarra edo oso txarra" dela esan dute. Egoera ekonomikoaren balorazioari erreparatuz, herritarren % 55ek uste dute egoera ona dela, eta % 4,1ek "oso ona" dela diote. Bestalde, % 20,2k uste dute egoera "erdipurdikoa" dela, eta % 19k "txarra edo oso txarra" dela iritzi diote.
Kontsultatu EITB Focusen datu guztiak
EITB FOCUSen edizio honek berrikuntza garrantzitsu bat dakar: sistema berri bat ezarri da, eta horri esker, EITBren web korporatiboko Gardentasun atalean ikerketaren mikrodatuei sarbidea eman zaie, OPEN DATA nazioarteko formatu estandarrean. Datu egituratuak publiko espezializatuaren eskura jartzeaz gain, herritar guztiek ere datuak modu erakargarriagoan ikusi ahal izango dituzte, herria, hiria edo edozein aldagai soziodemografiko aukeratuta.
Datu-multzoak Europar Batasuneko administrazio-maila guztietako estandarren arabera sindikatuta daude (nazioarteko bertsio bat ere badute, ingelesez), baita Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Administrazioaren estandarren arabera ere. Datuak hemen kontsulta daitezke.
Metodologia eta lagina
Ikerketa honetan erabilitako metodologia izaera kuantitatibokoa izan da, elkarrizketa-teknikaren bidez gauzatua.
Ikerketa-teknika horrek planteatutako helburu guztiak erantzuteko aukera ematen du, baliozkotasun eta fidagarritasun handieneko emaitzak lortuz. Azterlanaren unibertsoa 18 urte edo gehiagoko pertsonek osatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bizi direnek, eta landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen.
Laginketa estratifikatua egin da, kuoten araberako esleipen proportzionalarekin, metodologia kuantitatiboa erabiliz.
Lagina
4.250 inkesta egin dira guztira (950 Araban, 1.500 Bizkaian, 1.200 Gipuzkoan eta 600 Nafarroan). Inkestak honela banatu dira: 400 hiriburuetan —Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñea—; 200 Laudio, Amurrio, Getxo, Basauri, Barakaldo, Tolosa, Irun eta Eibarren; 50 Agurainen; 500 Bizkaiko gainerako udalerrietan; 200 Gipuzkoako eta Nafarroako gainerako udalerrietan; eta 100 Arabako gainerako udalerrietan.
Errore-marjina ±%1,5ekoa da datu orokorretarako; ±%3,17 Arabako Lurralde Historikorako; ±%2,53 Bizkaiko Lurralde Historikorako; ±%2,82 Gipuzkoako Lurralde Historikorako; eta ±%3,99 Nafarroarako, %95eko konfiantza-mailarekin.
Lagina ausazkoa eta estratifikatua izan da, lurralde-eremuaren, udalerriaren, sexuaren eta adinaren arabera.
Inkesten % 24 euskaraz egin dira, eta gainerako % 76ak gaztelaniaz. Emaitza orokorrak inkestatutako udalerrien biztanleria-tamainaren arabera ponderatu dira.
Landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen, telefono bidezko elkarrizketen bidez.
Inkestaren batez besteko iraupena 10 minutu eta 22 segundokoa izan da; laburrena 6 minutukoa eta luzeena 36 minutukoa.
Zure interesekoa izan daiteke
20 urteko mutil bat hil da Lekeitioko Antzar Egunean, hesi batetik erorita; ospakizuna bertan behera utzi dute
Gaztea portuan zegoen, antzarren proba jarraitzen, eta bi metro inguruko altueratik erori da. Milaka lagun bildu dira gaur Lekeition, eta ekitaldia normaltasunez ari zen garatzen istripua gertatu den arte.
4.000 pertsona inguru bildu dira Donostiako Sagardo Egunean
Gipuzkoako 32 sagardotegitako sagardoak dastatzeko aukera eskaini dute. Trikitilari eta bertsolarien musikaz girotu dute eguna. Une hunkigarrienetako bat Jabier Ansorena eta Marian Matasen omenezko ekitaldia izan da.
Irailaren 5a Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu dute Irunen
Irungo Udalak Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu du irailaren 5a, Udaleko talde politiko guztien babesarekin. Kolpe militarra, gerra eta diktadura sufritu zituzten irundar guztiak oroitu dituzte gaur.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Urdulizen, hiru pertsonari botilak jaurtitzea leporatuta
06:20 aldera jazo da erasoa, metro geltokitik gertu. 200 bat lagun bildu dira inguruetan. Atxilotua aurretik ere atxilotu dute antzeko gertakariengatik.
Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Barakaldoko hilketaren susmagarriari
Barakaldoko lehen auzialdiko guardiako epaitegiak hartu du erabakia.
Hiru pertsona atxilotu dituzte Gernikan, 14 urteko neska haurdun bat ezkontzera behartzea egotzita
Hiru atxilotuak (adingabearen gurasoak eta 27 urteko gizon bat) behin-behinean aske utzi ditu epaileak. Hala ere, auzitegira joan beharko dute deitzen dituztenean. Halaber, 17 urteko mutil baten bila ari dira, haurraren ustezko aita, baina ez dute aurkitu.
Datorren astean hasiko dira Topoaren lurpeko pasanteko trenen probak
Azpiegitura Gabonetan egongo da erabiltzaileko prest, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera.
Azpeitiko hilketaren ustezko egilea atxilotu dute Ondarroan
Ertzaintza haren bila ari zen asteartetik, eta azkenean, gaur goizaldean, ustezko hiltzaileak bere burua entregatu du ertzain-etxean. Arma bat zeraman soinean, baina oraindik ez dute jakinarazi hilketan erabilitakoa ote den.
Kontrolpean hartu dute Urzainkiko baso-sutea, abuztuaren 14an piztu eta astelehenean bizitu ondoren
Ostiral gauean brigada batek bertan jarraituko du, zaintza-lanak egiten. Joan den asteartean, itzaltze-lanek sutea perimetratzea ahalbidetu zuten, eta, horri esker, su-gune beroen gainean jardun ahal izan zuten. Ordutik, egoerak hobera egin du.
Bederatzi zauritu A-21 errepidean, Irunberrin, bost ibilgailuk talka eginda
Ezbeharra ostiraleko 18:17an jazo da, eta istripuan zauritutako zortzi pertsona Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte. Zaurituek hainbat lesio dituzte, batez ere traumatismoak.