Euskal herritarren % 90 kezkatuta daude munduko gerrekin, eta % 75ek uste dute etorkizuna gatazkatsuagoa izango dela
Herritarren erdiek uste dute Europak bere defentsa indartu beharko lukeela, horrek baliabide publiko gehiago bideratzea ekarri arren. Lau herritarretik hiruk uste dute Europak AEBren menpekotasun txikiagoa izan beharko lukeela eta Txina bezalako potentziei begiratu beharko liekeela.
Nazioarteko testuinguru gatazkatsuak kezka handia eragiten du euskal gizartean, eta ikuspegi ezkorra nagusitzen ari da herritarren artean. Euskal herritarren % 93,8 "oso edo nahiko kezkatuta" daude munduan gertatzen ari diren gerrekin, baita etorkizunarekin ere. Horrekin batera, herritarren % 75,8k uste dute etorkizuna gatazkatsuagoa izango dela, eta soilik % 11,6k uste dute baketsuagoa izango dela.
Datuok EITB Focus inkestaren azken neurketan jaso dira. Euskal politikarekin eta gizartearekin lotutako hainbat gairi buruz galdetu dute, baita Europak munduan duen tokiari eta nazioarteko egoerarekin lotutako zenbait alderdiri buruz ere.
Nazioarteko egoerak sortzen duen kezkaren ondorioz, euskal herritarrek Europaren defentsa “indartzearen alde” egiten dute, baita horretarako baliabide publiko gehiago bideratzearen alde ere.
Hala, inkestatutako euskal herritarren erdiek baino gehiagok (% 52,8) esan dutenaren arabera, "Europak bere defentsa indartu beharko luke, horrek baliabide publiko gehiago erabiltzea ekarriko balu ere", eta soilik % 7,2 daude horren aurka. Herritarren % 40k, berriz, ez dute erantzun edo ez dakitela adierazi dute.
Halaber, gazteenen artean handiagoa da Europako defentsa indartzearen aldeko jarrera hori. 18 eta 35 urte artekoen % 56,3 alde daude, eta % 4 bakarrik dago aurka. % 39,7k ez dute erantzun edo ez dakitela esan dute.
Hori bat dator euskal gizartean nagusi den apustu multipolar baten aldeko jarrerarekin. Herritar gehienen arabera, "Europak AEBrekiko mendekotasun txikiagoa izan beharko luke bere segurtasuna bermatzeko, eta harremanak indartu beharko lituzke Txina bezalako beste potentzia batzuekin". Baieztapen hori herritarren % 74,1ek partekatu dute. Kasu honetan ere, gazteak dira horren alde gehien egin dutenak: 18 eta 35 urte arteko gazteen ia % 80 (% 78,7) harreman multipolarren alde agertu dira.
Kontsultatu EITB Focusen datu guztiak
EITB FOCUSen edizio honek berrikuntza garrantzitsu bat dakar: sistema berri bat ezarri da, eta horri esker, EITBren web korporatiboko Gardentasun atalean ikerketaren mikrodatuei sarbidea eman zaie, OPEN DATA nazioarteko formatu estandarrean. Datu egituratuak publiko espezializatuaren eskura jartzeaz gain, herritar guztiek ere datuak modu erakargarriagoan ikusi ahal izango dituzte, herria, hiria edo edozein aldagai soziodemografiko aukeratuta.
Datu-multzoak Europar Batasuneko administrazio-maila guztietako estandarren arabera sindikatuta daude (nazioarteko bertsio bat ere badute, ingelesez), baita Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Administrazioaren estandarren arabera ere. Datuak hemen kontsulta daitezke.
Era berean, EITB Focus inkestak agerian utzi du euskal gizarteak garrantzi handia ematen diola Europari ikuspegi estrategiko eta ekonomiko batetik. Herritarren % 90en ustez, "EAEk eta Nafarroak Europa sendo bat behar dute beren ekonomia eta industria babesteko". Horien % 40,8 "oso ados" daude baieztapen horrekin, eta % 49,2, berriz, "nahiko ados".
Metodologia eta lagina
Ikerketa honetan erabilitako metodologia izaera kuantitatibokoa izan da, elkarrizketa-teknikaren bidez gauzatua.
Ikerketa-teknika horrek planteatutako helburu guztiak erantzuteko aukera ematen du, baliozkotasun eta fidagarritasun handieneko emaitzak lortuz. Azterlanaren unibertsoa 18 urte edo gehiagoko pertsonek osatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bizi direnek, eta landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen.
Laginketa estratifikatua egin da, kuoten araberako esleipen proportzionalarekin, metodologia kuantitatiboa erabiliz.
Lagina
4.250 inkesta egin dira guztira (950 Araban, 1.500 Bizkaian, 1.200 Gipuzkoan eta 600 Nafarroan). Inkestak honela banatu dira: 400 hiriburuetan —Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñea—; 200 Laudio, Amurrio, Getxo, Basauri, Barakaldo, Tolosa, Irun eta Eibarren; 50 Agurainen; 500 Bizkaiko gainerako udalerrietan; 200 Gipuzkoako eta Nafarroako gainerako udalerrietan; eta 100 Arabako gainerako udalerrietan.
Errore-marjina ±%1,5ekoa da datu orokorretarako; ±%3,17 Arabako Lurralde Historikorako; ±%2,53 Bizkaiko Lurralde Historikorako; ±%2,82 Gipuzkoako Lurralde Historikorako; eta ±%3,99 Nafarroarako, %95eko konfiantza-mailarekin.
Lagina ausazkoa eta estratifikatua izan da, lurralde-eremuaren, udalerriaren, sexuaren eta adinaren arabera.
Inkesten % 24 euskaraz egin dira, eta gainerako % 76ak gaztelaniaz. Emaitza orokorrak inkestatutako udalerrien biztanleria-tamainaren arabera ponderatu dira.
Landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen, telefono bidezko elkarrizketen bidez.
Inkestaren batez besteko iraupena 10 minutu eta 22 segundokoa izan da; laburrena 6 minutukoa eta luzeena 36 minutukoa.
Zure interesekoa izan daiteke
Josu Zabala Erasun gogoratu dute Hondarribian, haren heriotzaren 50. urteurrenean
Josu Zabala Erasun 1976an hil zen Guardia Zibilaren tiroen ondorioz, Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur' ETAko kidearen bahiketaren aurka egindako manifestazio batean.
Ertzain baten aurkako pintaketa bat agertu da Gasteizko bere etxe ondoan
Segurtasun Sailak poliziak seinalatzeak eta mehatxuak gaitzetsi ditu, "iraganeko garaiak gogora ekartzen dituztelako eta eraso egiten dietelako, ez bakarrik aipatutako agenteari eta Ertzaintzari, baita demokraziaren eta bizikidetzaren oinarriei ere". ESAN eta SIPE sindikatuek ere gaitzetsi dute gertatutakoa.
Agirrek "erreparazio publikoa" eskatu du Irurak Bat jauregitxoaren harira, "aurrera egitea" nahikoa ez dela iritzita
Alkatearen arabera, hilabeteotan auzi juridikotik harago joan da eztabaida, salaketa oso larriak egin baitira kaltetu diren pertsonen eta EAJren aurka; horregatik, argi esan du ez dela nahikoa gertatutakoa atzean uztea.
Lehendakariak ziurtatu du ez dagoela inolako kriminalitate antolaturik gaur egun Euskadin
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan, Imanol Pradales lehendakariak adierazi du azken urteotako hilketak, batez ere, drogek, mendekotasunek edo genero-indarkeriak eragindako harreman pertsonalen narriadurarekin lotuta daudela. Gaur egun Euskadin ez dagoela inolako delinkuentzia antolaturik nabarmendu du.
Isuskitza mendiko gurutze frankista bota du Ernaik
Errekete frankisten omenez Isuskitza mendian (Araba) 1940an jarritako gurutzea bota du Ernaik, baita bideoz grabatu eta sareratu ere. Gazte antolakundearen arabera, “faxismoak ez du lekurik gure herrian”, eta hilaren 13an Donostian egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
Nora Abetek (PSE-EE) Bilboko alkatetzarako hautagaitza aurkeztu du
Bilboko Udaleko egungo alkateorde eta PSE-EEren bozeramaileak azaldu duenez, bere hautagaitza "hurbiltasunetik, entzute-ahalmenetik eta erabakiak hartzeko gaitasunetik" sortu da.
Gipuzkoako Foru Aldundia datorren astean hasiko da aurrekontuak eta neurri fiskalak negoziatzen
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarri du oposizioko taldeekin elkarrizketa sorta bat hasteko asmoa duela, lurraldeko aurrekontuen eta zenbait neurri fiskalen inguruan negoziatzen hasteko.
Lehendakariak ekonomiari, autogobernuari eta etxebizitzari buruzko akordioak planteatuko ditu alderdi eta gizarte-eragileekin egingo duen bilera-sortan
Topaketak irailaren 8tik 15era egingo dira, elkarrizketa indartzeko eta aliantzak sustatzeko helburuarekin. Nazioarteko ziurgabetasunak eta 2027ko hauteskunde-zikloak markatutako testuinguruan burutuko dira.
Imanol Pradales: "Irailaren 8an hasiko gara alderdi politiko, sindikatu eta patronalarekin biltzen"
Imanol Pradales elkarrizketatu dute Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Lehendakariak bertan jakinarazi duenez, erronda politikoa irailaren 8an hasiko du, asteartean, eta bilera horietan jorratuko diren gaiak iragarri ditu.
Pradalesen ustez, Sanchezen gobernua "nokeatuta" dago, eta Ceutako krisiari erantzuna eman ezean legealdia amaitu beharko luke
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioari eskainitako elkarrizketan, alderdi politiko eta eragile sozioekonomikoekin bilera-sorta irailaren 8an hasiko duela iragarri du lehendakariak.