Euskal herritarren % 79k babesten dute esku hartze publikoa industriaren errotzea sustatzeko
EITB Focusen azken inkestaren arabera, inkestatutakoen % 63,2k lankidetza publiko-pribatuaren alde egin dute; % 22,5ek, berriz, esku hartze erabat publikoa hobetsi dute.
Euskal herritarrek garrantzitsutzat dute industria sendoa izatea, eta, era berean, enpresen errotzea ere baloratzen dute. Euskal herritarren % 79ren ustez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak dirua bideratu beharko lukete lurraldean industria eta enpresa estrategikoak mantentzera.
Datu hori EITB Focus inkestaren azken azterlanetik ondorioztatzen da. Euskal politikarekin eta gizartearekin lotutako hainbat gairi buruz galdetu dute oraingo honetan, baita Europak munduan duen posizioaz eta nazioarteko egoeraz ere.
Enpresen errotzearen aldeko babes publikoari dagokionez, inkestak erakutsi du jarrera hori nagusi dela adin talde guztietan eta lurralde guztietan. Hala ere, 36 eta 50 urte arteko herritarrak dira aldekoenak: adin tarte horretako % 82,2k babesten dute diru publikoa industria eta enpresa estrategikoak mantentzera bideratzea.
Industria eta enpresa estrategiko horiek mantentzeko formularik egokienaz ere galdetu dute oraingoan, eta galdetutakoen % 63,2k lankidetza publiko-pribatuaren alde egin dute; % 22,5ek, berriz, esku hartze publiko hutsa hobetsi dute.
Azkenik, herritarren % 90ek uste dute Euskadik eta Nafarroak Europa sendoa behar dutela beren ekonomia eta industria babesteko. Horien % 40,8 "oso ados" daude baieztapen horrekin, eta % 49,2, berriz, "nahiko ados".
Kontsultatu EITB Focusen datu guztiak
EITB FOCUSen edizio honek berrikuntza garrantzitsu bat dakar: sistema berri bat ezarri da, eta horri esker, EITBren web korporatiboko Gardentasun atalean ikerketaren mikrodatuei sarbidea eman zaie, OPEN DATA nazioarteko formatu estandarrean. Datu egituratuak publiko espezializatuaren eskura jartzeaz gain, herritar guztiek ere datuak modu erakargarriagoan ikusi ahal izango dituzte, herria, hiria edo edozein aldagai soziodemografiko aukeratuta.
Datu-multzoak Europar Batasuneko administrazio-maila guztietako estandarren arabera sindikatuta daude (nazioarteko bertsio bat ere badute, ingelesez), baita Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Administrazioaren estandarren arabera ere. Datuak hemen kontsulta daitezke.
Metodologia eta lagina
Ikerketa honetan erabilitako metodologia izaera kuantitatibokoa izan da, elkarrizketa-teknikaren bidez gauzatua.
Ikerketa-teknika horrek planteatutako helburu guztiak erantzuteko aukera ematen du, baliozkotasun eta fidagarritasun handieneko emaitzak lortuz. Azterlanaren unibertsoa 18 urte edo gehiagoko pertsonek osatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bizi direnek, eta landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen.
Laginketa estratifikatua egin da, kuoten araberako esleipen proportzionalarekin, metodologia kuantitatiboa erabiliz.
Lagina
4.250 inkesta egin dira guztira (950 Araban, 1.500 Bizkaian, 1.200 Gipuzkoan eta 600 Nafarroan). Inkestak honela banatu dira: 400 hiriburuetan —Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñea—; 200 Laudio, Amurrio, Getxo, Basauri, Barakaldo, Tolosa, Irun eta Eibarren; 50 Agurainen; 500 Bizkaiko gainerako udalerrietan; 200 Gipuzkoako eta Nafarroako gainerako udalerrietan; eta 100 Arabako gainerako udalerrietan.
Errore-marjina ±%1,5ekoa da datu orokorretarako; ±%3,17 Arabako Lurralde Historikorako; ±%2,53 Bizkaiko Lurralde Historikorako; ±%2,82 Gipuzkoako Lurralde Historikorako; eta ±%3,99 Nafarroarako, %95eko konfiantza-mailarekin.
Lagina ausazkoa eta estratifikatua izan da, lurralde-eremuaren, udalerriaren, sexuaren eta adinaren arabera.
Inkesten % 24 euskaraz egin dira, eta gainerako % 76ak gaztelaniaz. Emaitza orokorrak inkestatutako udalerrien biztanleria-tamainaren arabera ponderatu dira.
Landa-lana 2026ko apirilaren 17tik maiatzaren 13ra bitartean egin zen, telefono bidezko elkarrizketen bidez.
Inkestaren batez besteko iraupena 10 minutu eta 22 segundokoa izan da; laburrena 6 minutukoa eta luzeena 36 minutukoa.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera