Kukaiko zuzendariaren ustezko eraso sexistei buruzko testigantzek Errenteriako udal politika astindu dute
Errenteriako PSE-EEk udal gobernuaren kudeaketa aztertzeko premiazko batzorde bat eskatu du, eta PPk, berriz, Aizpea Otaegi alkatearen dimisioa.
Errenteriako udalbatza. Argazkia: EITB
Urak harro daude Errenterian. Bertako PSE-EEk batzorde berezi bat premiaz deitzeko eskatu du, udal gobernuak Kukai dantza taldeari lotuta eta Xenpelar bertso eskolan egin duen kudeaketa aztertzeko.
2024. urtean Jon Maya Kukai dantza taldeko zuzendariaren kontra hainbat emakumek egindako eraso sexisten testigantzak daude oinarrian. Biktima izan ziren emakumeek eskatuta, ez zen salaketa publikorik egin. Paraleloan, Oreretako Mugimendu Feminista lanean hasi zen, modu pribatuan, Kukaiko arduradunak prozesu eraldatzaile eta konpontzaile bati ekiteko.
Errenteriako udalbatzak asteartean egindako osoko bilkuran jarri zen Kukai dantza taldearen gaia mahai gainean. PPk interpelazioa aurkeztu zuen, eta alkatearen dimisioa eskatu, udal gobernuko kideek gertakari larrien berri jakin arren gardentasunez jokatu ez zutela iritzita.
Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak azaldu zuenez, udal taldeei ostiralean jakinarazi zieten zer informazio zuten eskura, nola lantzen ari diren eta zein puntutan dagoen prozesua.
Horren inguruko zurrumurruak bolo-bolo dabiltza azkenaldian herrian. Aurreko hilabetean Kukaiko gida batzordeko bozeramaileak prozesu horren berri eman zuen gutun ireki baten bidez. Mugimendu feministatik konfidentzialtasuna haustea leporatu zioten.
Kukai dantza taldearen egoitza ofiziala Errenterian dago, konpainia egoiliarra da eta azken urteotan Udalaren dirulaguntza publikoak jaso ditu.
Mayak "zuhurtzia eta errespetua" eskatu du
Jon Maya dantzariak "zuhurtzia eta errespetua" eskatu du, eta azaldu du elkarte feminista batek "portaera desegokiei buruzko hainbat emakumeren testigantza" helarazi zionean, haiekin izandako harremanean "gogoeta egiteko eta ez errepikatzeko erantzukizuna" hartu zuela.
“Arazoa politiko bihurtu da orain”
Arazoak arlo politikora salto egin duela adierazi du Xabier Oleaga Kukairen bozeramaileak: “Hemen gurutzatzen dira izaera askotako faktoreak”. Horren arabera, Kukai taldeak ez du aurtengo dirulaguntza jaso, baina ez ukatu diotelako, baizik eta geldiarazita dagoelako.
Xenpelar Bertso Eskolaren jarduera bertan behera
Atzo Bertsozale Elkarteak, Oreretako Mugimendu Feministak eta Oiartzungo Feministen Batzarrak publikoki salatu zituzten Errenteriako Xenpelar Bertso Eskolako irakasle bati egotzitako erasoak.
Azaldu zutenez, ez da arazo berria. Izan ere, Xenpelar Bertso Eskolako bertso-irakasle batek “bere posizioa eta erreferentzialtasuna baliatu ditu modu sistematizatuan botere-harremanak garatzeko eta erasotzeko”. 2018an indarkeria matxistagatik salaketa jarri zen irakasle horren kontra Bertsozale Elkartean. Orduan erasotzailearekin neurri batzuk adostu ziren “bertsolaritzaren esparru formal zein informaletik desagertzea zekartenak", baina erasoek jarraitu egin dute “Xenpelar Bertso Eskolarekin lotutako espazio informaletan eta bertso mundutik haratagokoetan”.
Errenteriako Udalaren arabera, Bertso Eskolako zuzendaritzako kide batek gutxienez babestu du erasotzailea, eta, beraz, udal zerbitzua izanik eta egoeraren "larritasunaz" jabetuta, bertan behera utzi du eskolaren jarduera.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera