Errenteriako Xenpelar Bertso Eskolako irakasle baten erasoak salatu dituzte eta Udalak bertan behera utzi du eskolaren jarduera
Bertsozale Elkarteak, Oreretako Mugimendu Feministak eta Oiartzungo Feministen Asanbladak salatu dutenez, bertso-irakasle horrek “bere posizioa eta erreferentzialtasuna baliatu ditu modu sistematizatuan botere-harremanak garatzeko eta erasotzeko”. 2018an jaso zuen lehen salaketa eta ordutik hona neurriak hartu badira ere, erasoek jarraitu egin dute. Errenteriako Udalak jakinarazi du Bertso Eskolako zuzendaritzako kide batek gutxienez babestu duela erasotzailea eta, beraz, Udal zerbitzua izanik eta egoeraren "larritasunaz" jabetuta, bertan behera utzi du eskolaren jarduera.
Xenpelar Bertso Eskolako bertso-irakasle batek “bere posizioa eta erreferentzialtasuna baliatu ditu modu sistematizatuan botere-harremanak garatzeko eta erasotzeko”, hala salatu dute ostegun honetan Bertsozale Elkarteak, Oreretako Mugimendu Feministak eta Oiartzungo Feministen Asanbladak, elkarrekin kaleratu duten ohar bateratuan, aspalditik datorren gaia dela nabarmendu dute, nahiz eta mugimendu feministak orain izan duen eraso hauen berri.
Azaldu dutenez, ez da arazo berria ez eta "kasu isolatuak" ere. Lehenagotik dator kontua, izan ere 2018an indarkeria matxistagatiko salaketa jarri zen irakasle horren kontra Bertsozale Elkartean eta orduan erasotzailearekin neurri batzuk adostu zirela azaldu dute, “bertsolaritzaren esparru formal zein informaletik desagertzea zekartenak, betiere bertsolaritza erasotuarentzat espazio seguru izateko asmoarekin eta horrelako gertakariak ez errepikatzeko helburuarekin”.
Hala ere, kontua ez zen konpondu, eta erasotzailea adostutako neurriak hausten ari zela jakitean, 2024an, Bertsozale Elkarteak Indarkeria Matxisten kasuen kudeaketarako Barne-Protokoloa jarri zuen martxan. Irakasleak, orduan, gertaerak onartu zituen eta aipatutako helburuak betetzeko konpromiso-agiria sinatu zuen; bertso eskolako zuzendaritzak, bere aldetik, konpromiso horiek betetzen zirela bermatzea hitzeman zuen. 2024tik ez du eskolarik ematen irakasleak.
Erasotzaileak bere jarrera aldatzeko bigarren saiakera hori ere ez zen nahikoa izan ordea eta, azaldu dutenez, “Xenpelar Bertso Eskolarekin lotutako espazio informaletan eta bertso mundutik haratagokoetan” jarraitu egin dute erasoek. Aurten bertan, “hainbat sexu-eraso eta jazarpen psikologikoren salaketak” jarri zaizkio erasotzaileari bertso eskolaren baitan. Salatu dutenez, 2018ko lehen salaketatik hona, erasotzaileak “ez ditu Bertsozale Elkartearekin egindako lanketan hartutako konpromisoak bete eta neska gazteekiko jazarpena eta manipulazioa behin eta berriz errepikatu ditu”.
Nabarmendu dutenez, “autodefentsa eta saretze feministari esker” jakin da erasotzaileak bere dinamikari eusten ziola, “bertsolaritzan eta herrian daukan botere posiziotik botere-harremana garatzen du, manipulatu egiten du eta zapaldu; erasotu”.
Oiartzun eta Errenteriako mugimendu feministek orain, maiatzean, izan dute honen guztiaren berri, erasotuek eurengana jo dutenean.
Oharraren egileek diotenez, “ezinezkoa” da halako jokabideak izatea “inguruan babesik ez badu” eta euren hitzetan, “konplizeek ere ahalbidetu dute erasotzaileak aipaturiko jarrerak izatea”. Baina argitu dutenez, jakin badakite ez dela bertso eskola osoa konplize izan, ezta bertso eskolak erabili dituen espazio guztiak ere.
Mugimendu Feministak nabarmendu du erasotuek eskatu diotena: “urteetan bertso-irakasle honek egin dituen erasoak eta betikotu dituen botere-dinamikak publikoki salatzea, baita horretarako babes izan zitzakeen konplizitateak, inpunitatea eta aliantza patriarkalak salatzea ere”.
Horregatik, mobilizazioa deitu dute larunbaterako. 12:30ean Errenteriako Foru Plazan (Xenpelar) elkarretaratzea egingo dute kasua salatzeko.
Udalak erasoak gaitzesi eta bertan behera utzi du bertso eskolaren jarduera
Errenteriako Udalak ere oharra kaleratu du Xenpelar Bertso Eskolako erasoekin lotuta eta jakinarazi du eskolaren jarduera bertan behera uztea erabaki duela.
"Errenteriako Udalak adierazi nahi du erabat gaitzesten dituela Bertso Eskolaren baitan inoiz gertatu behar ez ziren eta gertatu diren erasoak". "Salatu diren erasoek larritasun berezia dute, udal zerbitzu baten baitan gertatu direlako, adin txikikoak tartean zirela, eta denboran errepikatuak izan direlako", azaldu du oharrean.
Udalak bere elkartasun osoa adierazi die, bai eraso horien biktima izan diren neska eta emakume gazteei, baita euren guraso eta familiei ere, eta adierazi du ikasleek zein familiek behar dituzten baliabide guztiak jarriko dituela gertatu denari aurre egiteko tresnak izan ditzaten.
Argitu duenez, "Udalak berriki jakin du iraganean irakasle eta orain Bertso Eskolako kide aktibo izan den pertsona batek ikasle batzuekiko jokabide desegokiak izan dituela, eta, kasu batzuetan, modu jarraituan jazarri eta eraso egin diela". Orain jakin du, halaber, erasotzaileak ez dituela Bertsozale Elkartearekin adostutako konpromisoak bete.
Udalak gehitu duenez, ordea, "erasotzailea ez da Bertsozale Elkartearekin hartutako konpromisoak bete ez dituen bakarra". Izan ere, Bertsozale Elkarteak bere garaian erasotzailearekin izandako elkarrizketaren eta honek hartutako konpromisoen berri eman zion Bertso Eskolako zuzendaritzako kide bati, zuzendaritzak ere behar ziren neurriak har zitzan. "Erasotzaileak Bertsozale Elkartearekin hartutako konpromisoak ez bete izanak erakusten du, egoeraren jakitun zen zuzendaritzako kide horren babesa gutxienez izan duela, bere Bertso Eskolari lotutako jarduera garatu ahal izateko", nabarmendu du Udalak.
"Onargaitz" jo du "erasotzailea babestu" izana, "biktimak edo biktima izan zitezkeenak babesgabe utzita". Horregatik, orain, "erasotzaileak babesa izan duela ezagututa", Bertso Eskolaren jarduera osoki bertan behera uztea erabaki du Udalak, "bertako ikasleen eta familien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko ezinbesteko neurri gisa".
Asteazkenean presaz deitutako bilera batean, gertaeren eta erabakiaren berri eman zien Udalak bertso eskolan seme-alabak dituzten familiei, eta horien eskura jarri du indarkerian aditua den profesional bat, "ikasleak zein familiak modu egokian artatzeko".
Udalak ez du baztertu bestelako neurriak hartzea eta bat egin du Mugimendu Feministak eta Bertsozale Elkarteak larunbaterako egindako mobilizazio deialdiarekin.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan; beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Zure interesekoa izan daiteke
Irailaren 5a Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu dute Irunen
Irungo Udalak Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu du irailaren 5a, Udaleko talde politiko guztien babesarekin. Kolpe militarra, gerra eta diktadura sufritu zituzten irundar guztiak oroitu dituzte gaur.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Urdulizen, hiru pertsonari botilak jaurtitzea leporatuta
06:20 aldera jazo da erasoa, metro geltokitik gertu. 200 bat lagun bildu dira inguruetan. Atxilotua aurretik ere atxilotu dute antzeko gertakariengatik.
Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Barakaldoko hilketaren susmagarriari
Barakaldoko lehen auzialdiko guardiako epaitegiak hartu du erabakia.
Hiru pertsona atxilotu dituzte Gernikan, 14 urteko neska haurdun bat ezkontzera behartzea egotzita
Hiru atxilotuak (adingabearen gurasoak eta 27 urteko gizon bat) behin-behinean aske utzi ditu epaileak. Hala ere, auzitegira joan beharko dute deitzen dituztenean. Halaber, 17 urteko mutil baten bila ari dira, haurraren ustezko aita, baina ez dute aurkitu.
Datorren astean hasiko dira Topoaren lurpeko pasanteko trenen probak
Azpiegitura Gabonetan egongo da erabiltzaileko prest, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera.
Azpeitiko hilketaren ustezko egilea atxilotu dute Ondarroan
Ertzaintza haren bila ari zen asteartetik, eta azkenean, gaur goizaldean, ustezko hiltzaileak bere burua entregatu du ertzain-etxean. Arma bat zeraman soinean, baina oraindik ez dute jakinarazi hilketan erabilitakoa ote den.
Kontrolpean hartu dute Urzainkiko baso-sutea, abuztuaren 14an piztu eta astelehenean bizitu ondoren
Ostiral gauean brigada batek bertan jarraituko du, zaintza-lanak egiten. Joan den asteartean, itzaltze-lanek sutea perimetratzea ahalbidetu zuten, eta, horri esker, su-gune beroen gainean jardun ahal izan zuten. Ordutik, egoerak hobera egin du.
Bederatzi zauritu A-21 errepidean, Irunberrin, bost ibilgailuk talka eginda
Ezbeharra ostiraleko 18:17an jazo da, eta istripuan zauritutako zortzi pertsona Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte. Zaurituek hainbat lesio dituzte, batez ere traumatismoak.
Barakaldon ostegunean tirokatu zuten gizona hil egin da
Osteguneko 20:30ean, Lasesarre futbol-zelaiaren inguruan, gizon batek ibilgailu baten barrutik hainbat aldiz egin zion tiro eskopeta batekin.
Epaileak artxibatu egin du Getxoko Irurak Bat jauregitxoaren kasua, hirigintza deliturik eta prebarikaziorik ez dagoelako
Magistratuak uste du higiezina eraistea (2024ko abuztuan egin zen) hirigintza-araudiaren babespean zegoela, eta ondorioztatu du ez dagoela ikertzen jarraitzeko oinarririk. Hamar pertsona ikertu zituzten auzian, tartean EAJko hiru zinegotzi ohi. Testuinguru horretan, Getxoko PPk eta EH Bilduk helegiteak aurkeztuko dituztela iragarri dute.