Pertsona bat hil da eta ehundik gora artatu dituzte EAEn, beroaren ondorioz
Osakidetzak emandako datuen arabera, hildakoa Arabako 80 urteko herritar bat da. Artatu dituzten kasu gehienek sintoma arinak zituzten: zorabioak, nekea edota desorientazioa bezalako sintomekin lotutakoak.
Ia Europa osoa astintzen ari den bero-boladaren ondorioz, Osakidetzako Larrialdietarako Zerbitzuak ehun pertsona baino gehiago artatu ditu, joan den ostiraletik, eta horietako bat, 80 urtekoa, hil egin da.
Euskal Osasun Zerbitzuko iturriek jakinarazi dutenez, 12 eta 96 urte artekoak dira artatu dituzten pertsonak, eta denera, 24 ospitaleratu dituzte beroak eragindako kalteengatik. Zendu den pertsonari buruz azaldu dute bihotzeko arazoak zituela.
Kasu gehienak arinak izan dira, zorabioak, nekea edota desorientazioa bezalako sintomekin lotutakoak, eta tokian bertan artatu dira. Bizkaian eta Gipuzkoan erregistratu dira gorabehera gehienak.
Osasun-agintariek kontu handiz ibiltzeko gomendioa egin dute; bereziki adinekoei, lau urtetik beherakoei, haurdun dauden emakumeei, gaixo kronikoei eta aire zabalean jarduera fisikoa egiten dutenei helarazi die mezua.
Momoren datuak
Carlos III.a Osasun Institutuaren Eguneko Hilkortasuna Monitorizatzeko Sistemaren (Momo) kalkuluen arabera, baliteke bero-boladak 14 pertsonaren heriotza eragitea EAEn.
Datuek maiatzaren 22tik 27ra bitartean tenperatura altuek eragin dezaketen hilkortasun-tasa jasotzen dute. Momoren arabera, larunbata izan zen egunik kritikoena, beroarekin zerikusia izan zezaketen lau heriotzarekin. Igandean, astelehenean eta asteartean hiru heriotza zenbatu ziren, eta ostiralean bat.
Momo sistemak ez ditu baieztatutako heriotzak zenbatzen; aitzitik, kalkulu estatistiko bat egiten du , hilkortasun-datuak eta osasunerako arriskutzat jotzen diren tenperatura-atalaseak elkartuz.
Gainera, erakundeak gogorarazi du 2025eko udak 126 heriotza utzi zituela EAEn, maiatzaren 15etik irailaren 15era bitartean, aurreko urtean baino 63 gehiago.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera