Erretzea eta bozgorailuak erabiltzea debekatuta egongo da aurrerantzean Donostiako hondartzetan
Astelehenean hasiko da hondartzen denboraldia Gipuzkoako hiriburuan. Udalak 100 eta 750 euro bitarteko isunak jarriko ditu arau hausteengatik.
Kontxako hondartza, bero handiko egun batean. Argazkia: EFE
Donostiak astelehenean ekingo dio hondartza denboraldiari, eta hainbat berrikuntza garrantzitsu izango dira aurten, besteak beste, erretzea eta bozgorailuak erabiltzea debekatuta egongo baita.
Iñigo Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako eta Ingurumeneko zinegotziak irailaren 30a arte martxan egongo den denboraldiaren aurkezpena egin du gaur. Horren hitzetan, neurri horiek "bizikidetza, iraunkortasuna eta kalitatea" hobetzeko hartu dituzte. "Itsasoak, paisaiak eta elkarrekiko errespetuak protagonista izatea nahi dugu", gaineratu du.
"Zigarrokinek sortutako kutsadurarekin gero eta arduratuago daude herritarrak, eta zaratarekin lotuta kexa ugari izan ditugu. Horiei guztiei erantzun nahi izan diegu", adierazi du Garciak.
Zinegotziaren arabera, hondartzetan dagoen hondakin nagusia da, eta horren erakusgarri, AZTIk egindako ikerketa baten ondorioak plazaratu ditu. Zigarro-puntak Kontxako hondartzaren zaborraren % 38 dira, eta Ondarretan, % 50. Debekuaren helburua hareatzan eta itsasoan kutsadura gutxitzea da, baita kerik gabeko eremuak bultzatzea ere.
Bozgorailuak erabiltzea galarazita, "gozamen kolektibo lasai eta errespetuzkoa" bultzatu nahi da. "Gure hondartzen esentzia berreskuratu nahi dugu: itsasoa entzutea, inguruaz gozatzea eta errespetuzko bizikidetza izatea", azaldu du Garciak.
Udalak iragarri duenez, arau-hausteek 100-750 euroko isunak izango dituzte. Unean uneko jarrera desegoki bat izan eta berehala jaramon egiten duenak 100 eta 200 euro arteko isuna jasoko du. Enbarazua handiagoa bada eta ohartarazpena jaso ostean jarrera desegokiari eutsiz gero, 200-500 eurokoa. Azkenik, arau-haustea behin eta berriro egiten duenak edota gainerako erabiltzaileekiko traba handia egiten duenak, berriz, 500-750 euroko isuna ordaindu beharko du.
Hondartza denboraldia hastearekin batera, salbamendu eta sorospen zerbitzua jarriko da martxan Kontxan, Ondarretan eta Zurriolan, ekainaren 1etik aurrera. Santa Clara uhartean geroago hasiko dira zerbitzuok, hilaren 15ean. Aurten lehen aldiz, uharteko zerbitzua irailaren 30a arte izango da martxan, gainerako hondartzetan bezala.
Halaber, aurreko urteetan bezala, Kontxako bainu lagundua goi-denboraldian erabili ahal izango da, 11:00etatik 19:30era.
Azkenik, eta kazetarien galderei erantzunda, hondartza sasoiaren hasiera aurreratzearen aukeraz mintzatu da Garcia. Izan ere, azken egunetako bero bolada tarteko, jendetza ibili da hondartzetan eta surfistek hainbat erreskate egin behar izan dituzte. Zinegotziak aitortu duenez, gogoeta egin behar dute, eta erabakia "iraila eta urria bitartean" hartu beharko dute moldaketak garaiz egin ahal izateko.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera