Desklasifikazioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Otsailaren 23ko itzalak: Erregearen rola, elefante zuria, militarrak eta beste zalantza batzuk

Espainiako Gobernuak astearte honetan onartuko du 1981eko estatu-kolpe saiakeraren gaineko paperen desklasifikazioa. Mikel Aizpuru katedradunak erabakia aztertu eta argitzeko dagoenaz hitz egin du.

(Foto de ARCHIVO)

23 FEBRERO 1981 - MADRID, ESPAÑA: El teniente coronel de la Guardia Civil, Antonio Tejero, accede al Congreso de los Diputados durante la segunda votación de investidura de Leopoldo Calvo Sotelo como presidente del Gobierno.



Europa Press / Europa Press

23/2/1981

Estatu-kolpe saiakeraren irudia, Tejero teniente-koronela lehen planoan. Argazkia: EITB Media

Itzal ugari daude oraindik ere otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakeraren inguruan. 45 urte bete berri diren arren, zalantza asko pilatzen dira oraindik: nola jokatu zuen errege emerituak? Nor zen elefante zuria? Zer- nolako parte-hartzea izan zuten zerbitzu sekretuek?

Zalantza horietako batzuk, ordea, datozen orduetan argitu litezke. Edo hori da behintzat Espainiako Gobernuak zabaldu duena. Ministro Kontseiluak gaur onartuko du 1981eko otsailaren 23ko gertakariei buruzko agiriak desklasifikatzea, eta erabakia bihar sartuko da indarrean.

Horrela, dokumentuak Moncloaren webgunean egongo dira eskuragarri bihartik aurrera, eta ikusteko dago argitara emango den informazioak benetan balioko duen Espainiako Trantsizioaren pasarterik ilunenetako bat argitzeko.

Egia jakingo al da?

Mikel Aizpuru Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Historia Garaikideko katedraduna eszeptiko agertu da Gobernuaren erabakiak ekarriko duenaz.

“Estatu-kolpearen inguruan bi informazio-multzo handi daude. Batetik, epaiketarekin lotutako dokumentazioa dago. Orain arte sekretupean egon da, eta garrantzitsua da estatu-kolpe saiakeraren nondik norakoak eta mekanika zehazten dituelako. Baina benetan garrantzitsua dena da Espainiako inteligentzia zerbitzuen dokumentazioa, CESIDena, alegia”, azaldu du.

Aizpuruk gogorarazi duenez, prozesu judizialean epaitu zituzten estatu-kolpean parte hartu zuten militarrak, baina ikerketa ez zen harago joan: “Ez zen aurretik zer gertatu zen ikertu. Ez zen ikertu aurreko egunetan eta estatu-kolpearen egunean beste agintari batzuek zer egin zuten. Ez zen ikertu erregearen rola zein izan zen eta PSOErekin kontaktuak izan ziren ala ez. CESIDen agiriak argitara eman ezean, dakiguna baino askoz ere gehiago ez dugu jakingo”.

Argitu gabeko galderak

EHUko katedradunaren iritziz, zera da argitu beharreko gako nagusia: zein izan zen zenbait eragile politikok —Espainiakoek zein nazioartekoek— izan zuten jarrera Espainiaren etorkizun politikoaz.

“Egoera politiko eta ekonomikoa oso hauskorra zen. Adolfo Suarezek dimisioa eman berria zuen, eta mahai gainean zeuden bai batasun nazionaleko gobernu baten aukera, bai estatu-kolpe bigun batena. Oraintsu hil den Gregorio Moranek esan bezala, 23ra arte inork ez zien matxinatutako militarrei ezetz esan. Aurreko egunetan zer hitz egin zen jakitea funtsezkoa da ulertzeko nola eta zein testuingurutan agertu zen kolpearen aukera hura. Jende askok bazekien zerbait gertatzekoa zela, eta ez zuen ezer egin hori geldiarazteko”, azaldu du.

Juan Carlos erregearen rola

Juan Carlos Borboikoaren papera zein izan zen da O23aren inguruko galdera nagusietako bat. Hamarkadetan zehar, haren esku-hartzea kolpe saiakera zapuzteko erabakigarria izan zela zabaldu da. Eta kontakizun hori giltzarri izan zen monarkiaren zilegitasuna indartzeko. Mito moduko bat. Azken urteotan, ordea, indarra hartu dute haren benetako jokabideari buruzko zalantzek.

Zer egin zuen erregeak aurreko egunetan? Zergatik ez zen azaldu goizaldeko 01:14 arte —Tejero Kongresuan agertu eta ia zazpi ordura—?

“Badakigu gauerdia pasata estatu-kolpearen aurka agertu zela. Baina zantzu guztiek erakusten dute ordura arte zain egon zela, atea guztiz itxi gabe. Gainera, Alemaniak eta beste zenbait herrialdek dokumentuak desklasifikatu dituzte, eta badakigu 1981eko martxoan erregea Alemaniako enbaxadorearekin bildu zela. Harrituta geratu zen erregeak kolpistekiko erakutsi zuen enpatiarekin”, adierazi du Aizpuruk.

Der Spiegel astekariak Alemanian argitaratutako agirien inguruko informazioa plazaratu izan du. Zabaldu zutenez, Espainiako monarkak “ez zuen mespretxurik ez haserrerik agertu militarren aurrean; aitzitik, ulerkor agertu zen, eta, are, sinpatia erakutsi zuen”.

Militarren jokabidea

Aizpururen ustez, beste gakoetako bat da estatu-kolpe saiakeran parte hartu zuten zenbait militarrek benetan zer helburu zuten argitzea.

“Espainiako agintari militarrek bazekiten zer gertatu zen Frantzian De Gaulleren aurkako estatu-kolpe saiakerarekin. Ondo zekiten goi-agintari militarren babesik gabe halako operazio batek ez zuela aurrera egiterik. Batzuen asmoa eragin politikoa lortzea zen, estatu-kolpe bigun baten bidez: zenbait aldaketa geldiaraztea, autonomia-erkidegoen garapena mugatzea edo ETAren aurrean eman beharreko erantzuna baldintzatzea. Izan ere, kolpe saiakerak ondorio politiko nabarmenak izan zituen”.

Elefante zuria

Azkenik, asko idatzi da elefante zuria delakoaren inguruan. Estatuaren kontrola hartuko zuen agintaria izango zen hura, eta EHUko katedradunaren esanetan, horretaz ez dago zalantzarik: “Elefante zuria Armada jenerala zen, nahiz eta epaiketan hala ez adierazi. Haren asmoa Gobernuko presidentetza eskuratzea eta ezaugarri jakin batzuk izango zituen gobernu bat eratzea zen. Bidean, ordea, zerbaitek huts egin zuen. Ez dut uste desklasifikazio honek hori guztia argituko duenik”.

Zure interesekoa izan daiteke

berangoko-auzipetuak-prentsaurrekoa
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

'Berangoko 16ak' babesteko manifestazioa deitu dute maiatzaren 30erako

2026ko ekainaren 8a eta 26a bitartean, Berangoko 16 bizilagun epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean. 2022an Berangoko preso ohi bati "ongi etorri" esateko ustez antolatu zuten ekitaldiagatik terrorismoa goratzea egozten diete. 36 urteko kartzela-zigorra, 177 urteko inhabilitazioa eta 75.000 eurotik gorako isuna eskatzen dute auzipetuentzat. Berangokoekin Elkartasun Komiteak salatu du “beste makrosumario politiko bat” dela, eta manifestazio nazionala deitu du maiatzaren 30erako.

lander martinez
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

EH Bildurekin ez du aukerarik ikusten, baina Podemosekin batera aurkeztu nahi luke Euskadiko Sumarrek hurrengo udal hauteskundeetara

Sumarrek Madrilen egin berri duen ekitalditik Euskal Herrira bueltan, Lander Martinezekin egon da ETB, hurrengo hauteskunde orokorrei begira ezkerra batuta aurkezteko aukeraz aritzeko. Euskadin EH Bildurekin zerrenda berean joatea oso zaila ikusten badu ere, Sumar Mugimenduak eta Podemosek boto-paper berean bat eginda joan beharko luketela uste du. Legebiltzarrerako hauteskundeetan ezker konfederalak jaso zuen porrotetik lezioa ikasi dutela esan du Martinezek.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X