Lau urte, Ukrainako gerra hasi zenetik
Ukrainako presidenteak Europaren eta Estatu Batuen arteko batasunari eusteko deia egin du Errusiari aurre egin ahal izateko. Kremlinak, bere aldetik, adierazi du inbasioarekin jarraitzeko asmoa duela, helburu guztiak lortu arte. Errusiak inbasioari ekin zioneko urteurrena dela eta, Europako goi agintariak Ukrainara gerturatu dira babesa adierazteko eta hainbat euskal eragilek ekitaldiak antolatu dituzte, Bilbon eta Iruñean, bakea eskatzeko.
Lau urte bete dira gaur Errusiak Ukrainan inbasioa hasi zuela.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gaur Europako Parlamentuaren aurrean onartu duenez, "ez da erraza" Europaren eta Estatu Batuen arteko batasunari eustea "egungo egoeran", baina bi potentziek "bat eginda" eutsi ahal izango diote Errusiari.
Bideokonferentzia bidez egindako hitzaldian, Zelenskik eskerrak eman dizkio Europako Parlamentuari azken lau urteetan emandako babes eta arretagatik.
Kremlinek, bere aldetik, ez dauka Ukrainako inbasioarekin amaitzeko asmorik. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, Errusiak Ukrainako operazio militar bereziarekin jarraituko du, "helburu guztiak" lortu arte.
Operazio militarrak aurrera jarraitzen badu ere, bere helburuak bitarteko politiko-diplomatikoen bidez lortzeko prest dagoela ziurtatu du Errusiak.
15.000 hildako eta 41.000 zauritu baino gehiago
Urteurren hori dela eta, NBEko Segurtasun Kontseilua Ukrainako egoera aztertzeko bilduko da, eta bilera horretan estatu kideek gatazkaren bilakaerari eta tokian tokiko egoera humanitarioari buruz dituzten jarrerak azaltzea espero da.
Nazio Batuen Erakundeak Ukrainan duen Giza Eskubideen Ikuskapen Misioak egiaztatutako zifren arabera, 2022ko otsailaren 24tik 15.000 zibil baino gehiago hil dira, horien artean 766 haur, eta 41.000 zauritu baino gehiago, 2.540 adingabe barne. Txostenak gehitzen du 2025 biztanleria zibilarentzat urterik hilgarriena izan zela, gutxienez 2.526 hildako eta 12.162 zauritu izan baitziren, 2024an baino % 31 gehiago.
Testuinguru horretan, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak ohartarazi du "gerra suntsitzailea" gero eta "hilgarriagoa" dela zibilentzat, eta "orbana" dela "gure kontzientzia kolektiboan". "Hori onartezina da", adierazi du, eta "berehalako, erabateko eta baldintzarik gabeko" su-eten baterako deia egin du, bake "justu, iraunkor eta integral" baterako lehen urrats gisa, NBEren Gutunean eta nazioarteko zuzenbidean oinarrituta, eta Ukrainaren independentzia, subiranotasuna eta lurralde-osotasuna errespetatuko dituena.
Bestalde, Ursula von der Leyen Europako Batzordearen presidenteak eta Antonio Costa Europako Kontseiluaren presidenteak Ukrainara joan dira, Europak herrialdeari emandako babesa azpimarratzeko.
Mobilizazioak Euskal Herrian
Testuinguru horretan, Bilbon, UkraniaSOS–Euskrania elkarteak ekitaldia antolatu du, 18:00etan, gerrak lau urte bete dituela gogoratzeko eta bakea eskatzeko, Elkarbizitza plazan. Iruñean, 19:00etan elkarretaratzea deitu dute, Gaztelu plazan.
Zure interesekoa izan daiteke
Trumpek, bere bozeramaile berriari: "Ni zu banintz, karguan jarraitzea ala ez hausnartuko nuke"
Aita santuaren ebakuntzaren osteko lehen argazkia
Trumpek iragarri du ez dutela Fort Hoodeko erasoaren egilearen fusilamendua zuzenean emango