Errusiako drone batek Errumaniako etxebizitza eraikin bat jo du, eta "bortxaketa larria" izan da EBren ustez
Ez da lehen aldia Errusiako drone bat Errumaniako aireko espazioan sartzen dena, baina bai etxebizitza baten kontra egiten duena. Bi pertsona zauritu dira. NATOk ohartarazi du aliatuak defendatzeko prest dagoela, eta Errumaniak "pareko erantzuna" iragarri du.
Droneak etxebizitza eraikin bat jo du. Argazkia: EFE
Errusiako drone batek Galati Ukrainako mugatik gertu dagoen Errumaniako hiriko etxebizitza eraikin bat jo du bart, eta bi pertsona zauritu dira leherketak eragin duen sutean, Errumaniako agintariek jakinarazi dutenez. Europar Batasunak (EB) eta NATOk gogor gaitzetsi dute gertatutakoa. EBren ustez, "Errumaniako subiranotasunaren eta Europako aireko espazioaren bortxaketa ageriko eta larria da", eta erantsi dutenez, "Moskuk aspalditik ez ditu mugak errespetatzen".
Aurretik ere sartu dira Errusiako aireontziak Europako aireko espazioan, baina lehen aldiz jo dute etxebizitza eraikin bat. Droneak eraikinaren 9. solairua jo du, eta zeraman lehergailuak eztanda egin du. Eraikineko 70 bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte, eta bi lagun arin zauritu dira.
Errumaniak "pareko erantzuna" iragarri du, eta aireko defentsa gehiago eskatu dizkio NATOri.
Nicusor Dan herrialdeko presidenteak salatu duenez, "aurrekaririk gabeko gertakari honek erantzun sendo, bateratu eta egokia merezi du, nazio mailakoa, NATOren aliatuen artekoa eta nazioartekoa".
NATOk ere egin ditu adierazpenak. Drone jaurtiketa "zuhurtziagabekeria" izan dela esan du Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak, eta ohartarazi du alituak defendatzeko prest dagoela, neurririk zehaztu gabe. "Jarraituko dugu prestatzen edozein erasoren aurrean defendatzeko, droneena barne. Errusiaren jarrera arriskutsua da denontzat", adierazi du.
Ruttek deitoratu duenez, Errusiak Ukrainako azpiegitura zibilen kontra egiten jarraitzen du, eta erasoak "Ukrainako mugatik harago" doazela salatu du.
"Ez da onargarria Errusiak Europako aireko espazioa inpunitate osoz urratzea"
Antzeko adierazpenak egin ditu Kaja Kallas Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako goi ordezkariak. Erasoa gaitzetsi eta nabarmendu du Errusiak ezin duela Europako aireko espazioa "inpunitate osoz" urratu.
Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Europako diplomaziaren buruak esan duenez, bart gertatutakoa "Errumaniako subiranotasunaren eta Europako aireko espazioaren bortxaketa agerikoa eta larria da".
"Ez da onargarria", gaineratu du. Horren hitzetan, Toiu Oana Errumaniako Atzerri ministroarekin harremanetan jarri da EBren elkartasuna agertzeko.
Joan den astean hasi zen Errusia Errumaniako mugatik gertu dagoen Ukrainako eremuaren kontrako erasoak egiten. Duela astebete antzeko gertakariak izan ziren Estonian, Lituanian eta Letonian, denak ere Ukrainako mugatik gertu.
Zure interesekoa izan daiteke
Migratzaileen erregularizazioa "Espainiari dagokio, baina eragina du haratago”, Von der Leyenen ustez
Trumpek, bere bozeramaile berriari: "Ni zu banintz, karguan jarraitzea ala ez hausnartuko nuke"
Aita santuaren ebakuntzaren osteko lehen argazkia
Trumpek iragarri du ez dutela Fort Hoodeko erasoaren egilearen fusilamendua zuzenean emango