Lehendakariak "gure historiatik ikasteko" deia egin du ETAren jardun armatua amaitu eta 15 urtera
Imanol Pradalesek Vocento taldeko egunkarietan argitaratutako gutun batean nabarmendu duenez, "onartezina" da ETAko kide ohiak idealizatzea eta 'borroka armatua' aldarrikatzea. Era berean, salatu du ezker abertzalea abstenitu egiten dela biktimak omentzeko proposamenetan.
Pradales, Europa Presseko artxiboko argazki batean.
Hilaren 20an 15 urteko beteko dira ETAk bere jardun armatua amaitu zuela. Urtemuga gogoan, Imanol Pradales lehendakariak esan du "gure historiatik ikasi" eta "egunerokoan bizikidetza eta balio demokratikoak indartzen" jarraitu behar dugula. Ingurumari horretan, "onartezina" iritzi dio "borroka armatua gloriatzen" jarraitzeari eta erakunde armatuko kide ohiak "idealizatzeari". Lehendakariaren hitzetan, "ETAren izualdiak mende erdi" iraun zuen, eta egon ziren "atentatuak justifikatu, hauspotu eta txalotu zituztenak ere".
Pradalesek eskutitza kaleratu du Vocento taldeko egunkarietan, 15. urtemuga baliatuta. Urteotan ETAk "hil, bahitu, jazarri eta mehatxatu zituen milaka pertsonak" ekarri ditu gogora, eta "zu eta biok bezalako pertsonak" zirela nabarmendu du.
"ETA erbestean zegoen gobernu legitimo baten eta euskal gizartearen gehiengoaren aurka jaio zen", adierazi du, eta erantsi jendarte horren "borondate zabal hark" ekarri zuela 2011n armak behin betiko uztea. "ETAk ez zuen bere helburuetako bakar bat ere lortu", nabarmendu du lehendakariak, eta "mina, sufrimendua eta heriotzaren arrasto luzea" baino ez zuen utzi.
"Zor morala"
ETAren mende erdiko "izualdia" salatu du Pradalesek, eta gaitzetsi horren atentatuak "justifikatu, hauspotu eta txalotu" zituzten pertsonak egon zirela. Lehendakariaren ustez, "oraindik preskribatu ez den zor morala dute herri honekin". Lehendakariaren hitzetan, pertsona horiek "arruntak ziren, bizilagunak, uste izan zutenak egokia zela armak erabiltzea helburu politikoak lortzeko". Salatu duenez, "onargarria zen ezker abertzaleko buruzagi politikoek 'gatazka gogortzearekin' mehatxu egitea".
Biktimen mina gogoan, Pradalesek uste du "onartezina" dela gaur egun "borroka armatua aldarrikatzen jarraitzea, ETAko kide ohiak idealizatzea edo euren argazkiak eremu publikoan erakustea". Lehendakariari "ulertezina" iruditzen zaio ezker abertzaleak "mehatxupean dauden zerbitzari publikoen aldeko adierazpen instituzionalak" ez babestea, eta "onartezina" iritzi dio "biktimak oroitzeko eta omentzeko proposamenen aurrean abstentziora jotzeari".
"Gizarte demokratiko bat ezin da ahanzturaren gainean eraiki", azpimarratu du Imanol Pradalesek, eta bere buruari galdetu dio "gizarte gisa, herritar gisa, gure esku dagoen guztia egiten ari ote garen gertatu zena transmititzeko eta berriro gerta ez dadin laguntzeko". Hala, "gure historiatik lezioak ateratzeko" eskatu die herritarrei, eta egunerokoan "bizikidetza eta balio demokratikoak indartzeko" deia egin du.
Testuinguru horretan, Agirre lehendakariaren lehen gobernua eta "belaunaldi osoa" aldarrikatu ditu Pradalesek, baita euskal gizartearen gehiengoak "bakearen eta askatasunaren aldeko apustuan" erakutsitako jarrera ere.
Lehendakariaren iritzian, hurrengo belaunaldiek "etorkizun baketsua eta bizikidetzazkoa" lortuko dute ondare gisa; "denbora luzeegian ezinezkoa zirudien hori", deitoratu du.
Zure interesekoa izan daiteke