Preso katalanak Kongresuan eta Senatuan izan direla hasi da legegintzaldia
Apirilaren 28ko hauteskunde orokorren ondotik, gaur hasi da 13. legegintzaldia Diputatuen Kongresuan eta Senatuan. Kongresuko eta Senatuko saioak aldi berean hasi dira, 10:00etan.
Diputatuen Kongresuan, Meritxell Batet sozialista aukeratu dute Mahaiko presidente. Bigarren bozketan, aldeko 175 boto eskuratu ditu. Ana Pastor hautagai popularrak, bere aldetik, 125 lortu ditu (PP + Ciudadanos + Navarra Suma). 35 boto zuri (JxCat eta Vox) eta 15 boto baliogabe (ERC + EH Bildu) ere izan dira.
Lehendabiziko bozketan (gehiengo absolutua beharrezkoa zen) Meritxell Batet bozketa irabazteko boto baten faltan gelditu da; izan ere, 176 behar zituen eta 175 lortu ditu.
Gloria Elizo (Unidas Podemos), Alfonso Rodriguez Gomez de Celis (PSOE), Ana Pastor (PP) eta Ignacio Prendes (Cs) izango dira, ostera, Kongresuko presidenteordeak.
Elizok 112 boto jaso ditu, De Celisek, 82; Pastorrek, 70 eta Prendesek, 58. Hori dela eta, hurrenez hurren, lehendabiziko, bigarren, hirugarren eta laugarren presidenteordeak izango dira.
Senatuan, Manuel Cruz hautatu dute Mahaiko presidente, aldeko 140 botorekin. PSOEko 136 senatariek ez ezik, beste lauk ere Cruzen alde bozkatu dute. Guztira, 250 boto izan dira. Aldeko boto horiez gain, 84 boto txuri eta 15 boto baliogabe izan dira. Azken horien artean, batzuk, ERCko senatarienak dira, "Llibertat" idatzi eta lazo hori bana sartu baitute.
Cristina Narbona sozialista aukeratu dute, berriz, Senatuko lehendabiziko presidenteorde eta Pio Garcia-Escudero popularra, berriz, bigarren presidenteorde. Lehendabizikoak aldeko 142 boto lortu ditu eta bigarrenak, 68 boto.
Gainerako bi idazkaritzak PPk eta EAJk beteko dituzte. Rafael Hernando PPko hautagaiak 70 senatariren babesa jaso du eta Imanol Landa EAJko senatari eta Getxoko alkateak, berriz, 97 senatarirena.
Gauzak horrela, Senatuko Mahaiaren osaketa honela gelditu da. PSOEk presidentetza ez ezik, presidenteordetza bat eta bi idazkaritza izango ditu; PPk, presidenteordetza bat eta idazkaritza bat eta EAJk, idazkaritza bat.
Preso kataluniar hautetsiak Kongresuan eta Senatuan
Gorteen osaketan, Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Jordi Turull, Josep Rull eta Raul Romeva preso kataluniarrek protagonismo berezia izan dute.
Atzo gertatu bezala, preso kataluniar hautetsiak Kongresura eta Senatura itzuli dira. Atzo, diputatu eta senatari agiriak jaso zituzten, eta gaur Kongresuaren eta Senatuaren osaketan izan dira, horretarako Auzitegi Gorenaren baimena jaso ostean.
Poliziaren zaintzapean egon dira Soto del Realgo espetxetik Kongresurako eta Senaturako bidea egin duten bitartean. Bertara iritsitakoan, mugitzeko askatasuna izan dute eta beste alderdietako ordezkariak agurtu dituzte. Hala ere, Auzitegi Gorenak ukatu egin die bilerak egitea edo prentsaren aurrean hitz egitea, eta osoko bilkurak amaitutakoan espetxera eraman dituzte berriro.
Eguneko irudietako bat preso dauden lau diputatu kataluniarrak (Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Josep Rull eta Jordi Turull) Kongresuan sartu direnekoa izan da. Txalo hotsak izan dira nagusi, baina tartean "kanpora, kanpora" oihuak ere entzun dira.
Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Josep Rull eta Jordi Turull diputatuek alderdikideak eta beste zenbait diputatu agurtu dituzte. Oriol Junquerasek, esaterako, Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias agurtu ditu.
"Nola zaude?", galdetu dio Sanchezek Junquerasi, eta honek zera erantzun dio: "Hitz egin behar dugu".
Raul Romevak, bere aldetik, Senatuko bere aulkiaren jabe egin da ERCko senatarien txalo artean. Halaber, diosala egin dio Manuel Cruz ganberako presidenteari.
Legeak behartuta eta Errepublikaren alde
Kataluniako diputatu independentistek “legeak behartuta” onartu dute Espainiako Konstituzioa, preso politikoen askatasunagatik eta Errepublikaren alde. Horrek espainiar nazionalisten haserrea eragin du eta protestak izan dira, bereziki Voxeko ordezkarienak.
Oriol Junquerasek “konpromiso errepublikarrarekin, preso politiko gisa eta legeak behartuta” egin du karguaren zina. “Preso eta erbesteratu politikoen askatasunagatik eta Kataluniako Errepublikaren alde, zin dagi”, esan du Gabriel Rufianek.
Junts per Catalunyako ordezkariek, berriz, “2017ko urriaren 1eko mandatuarekiko leialtasunez eta legeak behartuta” egin dute Konstituzioaren zina.
EH Bilduko lau ordezkariek euskaraz egin dute karguaren zina: “Bai, hitza ematen dut legeak behartuta, Euskal Errepublika sortu arte”. EAJko diputatuek ere euskaraz eta legeak behartuta onartu dute Konstituzioa.
Juantxo Lopez de Uraldek (Unidas Podemos) ondokoa esan du: “Demokraziagatik, eskubide sozialengatik eta planeta guztiagatik”. Alberto Garzon IUko buruzagiak, ostera, “demokraziaren eta errepublikaren alde” egin du karguaren zina.
Vox alderdi ultraeskuindarreko diputatuek “Jainkoaren eta Espainiaren izenean” egin dute Konstituzioaren zina.
Raul Romeva ERCko senatariak “preso politiko gisa” egin du karguaren zina: “Kataluniako Errepublika aldarrikatu arte, askatasuna eta berdintasunarekiko konpromisoarekin, preso politiko gisa eta legeak behartuta, bai, zin dagit”.
Rafael Hernando Senatuko Mahaiko idazkaria haserretu egin da eta Romevari hitza kentzen saiatu da.
Kataluniako senatari independentistek txalo artean hartu dute Romeva, baita EH Bilduko eta EAJko senatariek ere.
Gorteak osatuta, Mahaiek preso kataluniar hautetsien inguruan erabaki beharko dute orain. Meritxell Batet eta Manuel Cruz kataluniarrak izango dira, hurrenez hurren, Kongresuko eta Senatuko presidenteak.
Legegintzaldi honetan, aurrekoan baino emakume gehiago izango dira; 139tik 166ra igo da kopurua. Batez besteko adina 47 urtekoa da, eta hautetsien % 60 berriak dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Gaupasa eginda ere, bozkatzeko eskubidea erabili dute mutrikuarrek
Mutriku jaietan da. Behin bozkatuta, bi aukera izan dituzte mutrikuarrek: jaiez gozatzen jarraitu edo atzokotik errekuperatu.
Ikusmin handia Katalunian, Kongresuko 48 eserleku dagozkiolako
Inkestek diotenez, sozialistek gora egingo dute, eta ERC, ordea, behera. Kongresuan 48 diputatu izango ditu Kataluniak, ondorioz, garrantzia berebizikoa izango da.
Correoseko langileak buru-belarri ibili dira goiz osoan, posta bidezko milaka bozak banatzen
Bilboko Indautxu Ikastetxean grabatutako irudiak dira, baina EAEko eta Nafarroako hautesleku guztietan izan dira lanean Correoseko furgonetak.
Paseoan, familiarekin edo festetan pasa dute hausnarketa eguna hautagaiek
Alderdiek hauteskunde osteko balizko agertoki estuaren aurrean boto erabilgarria eskatuz itxi zuten atzo kanpaina.
PSCk irabazi lezake Katalunian; independentismoak, berriz, babesa galduko luke
Azken lau urteetan Pedro Sanchezek Esquerraren sostengua izan du baina, inkestek diotenez, sostengu horrek botoak galaraziko dizkie bihar errepublikanoei.
Dena prest IFEMA datuen zentroan ere biharko hauteskundeen jarraipena egiteko
Biharko 14:30ean eta 18:30ean parte-hartze datuak jakinaraziko dituzte, eta 22:30ak aldera Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak agerraldia egingo du behin-behineko emaitzak iragartzera.
Erosteko, familiarekin solasean nahiz hondartzatik ibiltzeko eguna EAEko hautagaientzat
Azken 15 egunetan EAEko txoko guztietan buru-belarri ibili ostean, erlaxatzeko eguna izan da gaurkoa EAEko zerrendaburuentzat. Sukaldatzeko, hondartzatik paseatzeko eta Madalenetako festetaz gozatzeko, besteak beste, aprobetxatu dute.
Alderdiek hauteskunde osteko agertoki estuaren aurrean boto erabilgarria eskatuz itxi dute kanpaina
EAJk Bilbon itxi du kanpaina, PSE-EEk Portugaleten, EH Bilduk Donostian eta PPk Gasteizen, eta Sumarreko hautagaiak Madrilen izan dira.
Iturgaizek aldarrikatu du bi aukera baino ez daudela: ''Sanchez eta horren aldekoak edo PP''
PPk Gasteizen itxi du hauteskunde kanpaina, "Sanchismoa" kentzeko deia eginez.
Nafarroako alderdiek boto eske agortuko dute kanpaina, bost eserleku jokoan dituztela
Navarra Suma deseginda, PP atera daitekeela onuradun diote inkestek, baina baita PSN ere. EH Bilduk duen ordezkariari eustea du helburu, eta inkestek Sumarri ematen diotena eskuratzeko ahalegietan dabil.