''Astelehen beltza''
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Japoniako burtsak azken 37 urteetako galerarik handiena jasan du, eta herrestan eraman ditu beste burtsak

AEB atzeraldian sartuko den beldur, Japoniako akzioak saltzeari ekin diote atzerriko inbertsoreek, eta indizeak % 12,40 egin du behera. Kutsatuta, zenbaki gorriekin hasi dute saioa Europako burtsek, eta Wall Stretek ere behera egin du bere irekieran.
Tokioko burtsa, gaur.
Tokioko burtsa, gaur. Argazkia: EFE

"Astelehen beltza" mundu osoko burtsetan. Balore merkatuentzat egun madarikatua bilatzeko traza handiak ditu astelehen honek. Izan ere, Asiako burtsa nagusiak, Japoniako Nikkeiak, % 12,40 galdu du. Azken 37 urteotan izandako beherakada handiena da, 1987ko urriaren 20ko Black Monday ("astelehen beltza") ostean. Orduko hartan % 14,90 egin zuen behera. Puntuen galeran, bestalde, marka hautsi du gaurko saioak: 4.451,28 puntu egin du behera, 1987ko 3.836,48 puntuak aise gaindituta. 

Beldurrak airean, Europako burtsek ere zenbaki gorriekin abiatu dute gaurko saioa. Hala, Milango Burtsak % 3,8 egin du behera; Alemaniako Dax 40k, % 3; Ibex espainiarrak, % 2,8; Parisko Burtsak, % 2,7, eta Londreskoak % 2,4. 

Gaur ere, Wall Street New Yorkeko burtsak (AEB) behera egin du bere irekieran, 1.000 puntutik gorako beherakadekin Dow Jones eta Nasdaq adierazleetan.

Izua joan den astean zabaldu zen AEBk enplegu eta industria jarduera datuak ezagutarazi ostean. Ameriketako Estatu Batuetako ekonomia espero baino motelago ari da suspertzen, eta adituek atzeraldian sartuko ote den beldur dira. Ostiralean beherakadak izan ziren Wall Streeten, eta gaurko saioan, antzerako egoera zabaldu da Asian eta Europan. 

Tokiko burtsaren beherakadan beste faktore bat ere izan da. Izan ere, Japoniako Bankuak (BoJ) interes tipoak igotzea ebatzi zuen, eta horrek yenaren balioa igoarazi zuen euroaren eta dolarraren aldean. Joera horrek kalte egiten die Japoniako esportatzaile handiei. 

"Inbertsore atzerritarrek euren Japoniako akzioak saltzen hasi dira, AEB atzeraldian sartuko den beldur", azaldu du Naka Matsuzawa Nomura Securities enpresako analistak. 

Beherakadaz galdetuta, Japoniako Gobernuak ez du adierazpenik egin nahi izan. "Burtsaren balioa hainbat faktoreren arabera erabakitzen da, egoera ekonomikoa eta enpresen jardunaren arabera, besteak beste. Halakoetan ez dugu eguneko gorabeheren berri ematen", adierazi du Yoshimasa Hayashi gobernuko bozeramaileak prentsa aurrekoan. Dena dela, jakinarazi du erne jarraituko dutela eta Japoniako "ekonomia eta finantzak kudeatzeko eginahalak" egingo dituztela. 

Nikkei indizeko galera handienak teknologia arloko enpresek pairatu dituzte. Hori horrela, Softbank teknologia eta inbertsio taldeak % 18,65 galdu du; Mitsubishi UFJ banketxeak % 17,84. Nintendo bideojokoen erraldoiak % 16,53 egin du behera, eta Nissanek, % 14,48. Aipagarriak dira, halaber, Toyota Motorren (% 13,65) eta Sonyren (% 7,61) zartakoak.

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 18/03/2026.- El secretario general de CCOO Euskadi, Santi Martínez (i), y el responsable de política lingüística, Alfonso Ríos (d), intervienen este miércoles en la rueda de prensa en la que el sindicato ha expuesto su política lingüística y las consecuencias de su defensa. EFE/ Miguel Toña
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela

Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X