Heriotzen zio nagusienak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Tumoreak, heriotzen eragile nagusia Euskadin

Azken hamar urteotan dementziaren batek eragindako heriotza kopuruak % 61 egin du gora.

2011n, 19.832 pertsona (10.296 gizon eta 9.536 emakume) zendu ziren guztira Euskadin, aurreko urtean baino % 2,5 gehiago. Heriotzen % 60,1 tumoreek eta zirkulazio aparatuaren gaixotasunek eragindakoak izan dira, Eustat Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera.

Heriotzen % 31,6 (6.261 heriotza) tumoreek eragindakoak izan dira; % 28,5 (5.655 heriotza) zirkulazio aparatuaren gaixotasunek eragindakoak. Hirugarren postuan, berriz, heriotzen % 8,9 (1.758), arnasketa-gaixotasunak agertzen dira.

Sexu generoaren arabera ezberdinak dira heriotza gehien eragiten dituzten eragileak. Gizonezkoen artean tumoreak izan ziren heriotza eragile nagusiak, eta emakumezkoen artean, gaixotasun kardiobaskularrak.

40 urte artekoen artean, eragile nagusiak kanpokoak izan dira, besteak beste, istripuak eta suizidioak; 40-80 urtekoen artean, tumoreak; eta 80 urtetik aurrerakoen artean, zirkulazio sistemaren gaixotasunak.

Tumoreek eta arnas-gaixotasunek eragindako heriotza kopuruak gora egin du (% 14 eta % 7 hurrenez hurren) azken hamarkadan, eta gaixotasun kardiobaskularren kopuruak, berriz, % 2 egin du behera. Hala, bihotzekoen ondorioz izandako heriotza kopuruak % 28 murriztu dira; 2001ean 861 pertsona zendu ziren horren eraginez, eta 2011n, 623.

Bestalde, dementziaren batek eragindako heriotza kopuruak % 61 egin du gora (1.093 pertsona zendu ziren 2011n horietakoren batek eraginda). Endekapenezko gaixotasunek eragindakoen artean, alzheimerrak eragindako heriotzen kopurua % 74 handitu da (611).

Eustaten arabera, 2001. eta 2011. urteen arteko hamarkadan auto istripuen ondorioz izandako heriotza tasa asko murriztu da (% 69). Hori dela eta, 2011n suizidioak eta erorketak izan dira kanpoko eragile nagusiak.

Bizi-itxaropena

2011n zendutako pertsonen batez besteko adina 78,1 urtekoa izan da (2001ean 75,3 urtekoa izan zen). Beraz, bizi-itxaropenak 2,8 urte egin du gora azken hamarkadan.

Sexu generoaren arabera, gizonezkoak 74,8 urterekin zendu ziren, eta emakumezkoak 81,7 urterekin, batez beste.

Hazkunde begetatiboa positiboa izan zen. Izan ere, heriotzak baino 1.348 jaiotza gehiago izan ziren. Lurraldeen arabera, Araban eta Gipuzkoan 910 eta 763 pertsona irabazi zituzten, hurrenez hurren; Bizkaian, ordea, jaiotzak baino 325 pertsona gehiago zendu ziren.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X