Horrela jarraitu dugu, zuzenean, Frantziskoren aitasantutzaren hasiera
13:15. Amaitu egin da Frantziskoren aitasantutzari hasiera emateko ekitaldia. Konklabea hasi zenean kardinal ezezaguna bazen ere, astebetean fededunen errespetua lortu du, nortasun apala eta gertua erakutsita.
13:08. Frantziskok protokoloa hautsi du, eta apaizgaiak eta argazkilariak agurtzera hurbildu da.
13:06. Estatuburu eta gobernuburu guztiak dagoeneko pasatu dira aita santuaren aurretik.
12:51. Maria Elena Bergoglio aita santuaren arrebaren adierazpenak Argentinatik: "Jainkoari eskerrak, Frantziskok Jorge izaten jarraitzen du".
12:34. Frantzisko aita santuak ez ditu bere txioak idazten. Gaur, behintzat, ez. Izan ere, San Petriren basilikan nazioarteko estatuburuei eta gobernuburuei harrera egiten dien bitartean, hainbat mezu agertzen ari dira @pontifex bere Twitter profilean.
12:19. Mugabe diktadorea ere gerturatu zaio aita santuari. Une deserosoa Frantziskorentzat.
12:12. Asturiasko printze-printzesek eta Mariano Rajoyk dagoeneko agurtu dute Frantzisko.
11:58. Agintariak herrialdearen izenaren orden alfabetikoaren arabera agurtzen ari dira aita santua.
11:43. Frantziskorekin batera, Tarcisio Bertone Vatikanoaren Estatu idazkaria.
11:41. Aita santuak arropa liturgikoak kendu ditu, eta zuriz jantzita dago berriz, nazioarteko agintariak agurtzeko. Lehena Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidentea izan da, aita santuaren herrialdeko estatuburua baita.
11:27. Bukatu egin da otoitza, eta orain Frantzisko aita santua San Petriren basilikan sartuko da, ekitaldian izan diren 132 herrialdeetako ordezkariei harrera egiteko.
11:19. 150.000 eta 200.000 pertsona artean daude San Petri plazan, Vatikanoaren Prentsa Bulegoaren esanetan.
11:07. Ekitaldiaren musika bi abesbatzaren esku dago (Kapera Sixtinoarena eta Musika Sakratuaren Pontifize Akademiarena).
10:59. Frantziskok otoitz eukaristikoa hasi du, eta 1.200 apaiz eta diakono fededunei Jauna ematen hasi dira.

Kardinalak, meza hasi baino lehen. EFE
10:50. 'Fededunen otoitza' bost hizkuntzatan irakurri dute: errusieran, frantsesean, arabiarreran, swahilian eta txinatarrean. Eliza katolikoak agintariekin hartu-eman zailak dituen herrialdeetako hizkuntzak dira horiek.
10:39. Frantziskok pobreak ekarri ditu gogora, eta aita santuaren zeregina "pobreenei, ahulenei, txikienei, gose eta egarri direnei, kanpotarrei, biluzik daudenei, gaixoei eta kartzelatuei zerbitzu ematea" dela adierazi du.
10:32. Aita santua politikariei zuzendu zaie, eta "ontasunaren beldur ez izateko" eskatu die.
10:29. Pontifizeak "sorkuntzaren eta ingurumenaren zaintzaileak" izateko deia egin die politikariei eta eragile sozialei. "Ez utzi suntsipena eta heriotza gure munduaren bidelagunak izaten".
10:18. Gaur San Joseren, Eliza unibertsalaren patroiaren, eguna dela gogora ekarri du aita santuak. Joseph Ratzinger aita santu emerituaren santua ere badela adierazi du.
10:15. Frantzisko aita santuak hasiera eman dio homiliari, italieraz, bertaratutakoei eskerrak emanda.
10:08. Apaltasun keinu gisa, aita santuak uko egin die zapata gorriei, eta beltzak jantzi ditu.
10:02. Frantziskok aita santuaren ikurrak jaso eta gero, sei kardinalek horren aginduak beteko dituztela zin egin dute, Kardinalen Kolegioaren izenean: Giovanni Battista Re, Tarcisio Bertone, Joachim Meisner, Jozef Tomko, Renato Raffaele Martino eta Francesco Marchisano.
09:53. Artzapezpikuen palioak gurutze beltzak ditu; aita santuarenak, aldiz, gorriak. Arrantzalearen eraztunari dagokionez, urre koloreko zilarrez eginda dago, eta San Petriren irudia du. Enrico Manfrini artista italiarrak diseinatu du (2004. urtean hil zen).

Aita santua, Arrantzalearen eraztuna jasotzen. EFE
09:45. Jean-Louis Tauran kardinal protodiakonoak palioa (Artzain Onaren ikurra) eman dio aita santuari, eta Angelo Sodano kardinal deanak, aldiz, Arrantzalearen eraztuna.
09:41. Hasi da Frantzisko aita santuaren meza.
09:36. Jean-Louis Tauran kardinal protodiakonoak (Habemus papam iragarri zuena) Arrantzalearen eraztuna darama. Une batetik bestera Frantziskori emango diote.
09:34. Aita santua eta kardinalak basilikaren kanpoaldera joaten ari dira, meza emateko.
09:29. Frantzisko San Petriren hilobira jaitsi da, otoitz egiteko, ekialdeko elizen patriarkekin eta artzapezpiku nagusiekin batera.
09:26. Aitasantutzari hasiera emateko meza hastear da, San Petriren basilikan.
09:22. Konstantinopolisko patriarka ekumenikoa, Bartolome I.a, ekitaldian dago, 1.000 urtean lehen aldiz. Telebistako kamerak une oro hari begira.
09:13. Besteak beste, Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidentea, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea ikus daitezke San Petri plazan.
09:07. Aita santuaren ibilgailuak ez du kapotarik, gertutasun irudia eman nahi du.
09:03. Frantzisko berriz igo da jeep zurira. Jende andana dago plazan.
08:56. Aita santua ibilgailutik jaitsi, eta herritarrengana gerturatu da. Urritasunak dituen gizon bati muxu bat eman dio kopetan.

Frantzisko, kapotarik gabeko jeep batean. EFE
08:49. Frantzisko jeep zuri batean atera da Santa Martatik, eta San Petriren basilikarako bidean doa, plazan daudenak agurtzen.
08:47. Vatikanoko San Petri Plaza eta inguruetako kaleak lepo daude dagoeneko.
08:36. Frantzisko aita santuak telefonoz deitu die Buenos Airesko Maiatza Plazara Vatikanoko ekitaldia jarraitzeko bertaratu direnei. Deia pantaila erraldoien bidez igorri dute. "Badakit otoitz egiten ari zaretela, eskerrik asko", esan die pontifizeak.
07:51. Hainbat pertsona San Petri plazara iristen hasi dira. Via della Concilizione etorbidea 06:40an ireki dute, eta bertan pantaila erraldoiak jarri dituzte.
07:40. Frantzisko aita santuaren leloa Miserando atque eligendo (Errukiarekin begiratu zuen, eta hautatu egin zuen) izango da. Armarrian, IHS (Iesous Hominem Salvator) sigla jesuitak ditu, aita santuaren ikur
ohikoekin batera: mitra, urrezko eta zilarrezko bi giltza eta lokarri gorri bat. Gainera, izar bat eta akara loreak ere ditu, Andre Mariaren eta San Joseren ikur gisa.
07:23. Honelakoa izango da ekitaldia: aita santua 08:45ean aterako da Santa Martatik, eta San Petri plazan ibilgailuz mugituko da, jendea agurtzen. Ondoren, 09:15ean, sakristiara itzuliko da, eta 09:30ean meza hasiko da. Mezaren hasieran, palioa eta Arrantzalearen eraztuna emango dizkiote.
07:20. Clarin egunkari argentinarrak Jorge Mario Bergogliok 2010. urtean egindako deklarazioaren bideoa publikatu du gaur, esklusiban. Hain zuzen ere, Videlaren diktaduraren garaiko krimenen epaiketan lekuko gisa egin zuen deklarazioa da. Horretan, Videlarekin bi aldiz batzartu zela aitortu zuen egun Frantzisko aita santua denak, bahituta zeuden bi jesuita askatzen saiatzeko.
07:18. Ekitaldian 132 herrialdetako estatuburuak eta gobernuburuak izango dira. Espainiatik Asturiasko printze-printzesak eta Mariano Rajoy Gobernuko presidentea joan dira.
07:10. Ekitaldia ohi baino xumeagoa egin nahi du aita santuak: gutxiago iraungo du (bi ordu ingurukoa izango da), ebanjelioa grezieraz baino ez dute irakurriko eta herritarrek ez dute eskaintzak emateko prozesioa egingo.
07:07. Gaurko ekitaldian, Frantzisko aita santuak palioa eta Arrantzalearen eraztuna jasoko ditu.
07:00. Vatikanoko San Petri plazak Frantziskoren aitasantutzari hasiera emateko ekitaldia hartuko du gaur goizean. Aspaldi, "koroatze ekitaldia" deitzen zitzaion, aita santuari ematen zioten tiara (hiru koroako mitra altu eta estu bat) dela eta. Ekitaldi honetan koroa jantzi zuen azken aita santua Paulo VI.a izan zen, 1963. urtean.
Zure interesekoa izan daiteke
ELAk berretsi du CCOOko kide batzuek euskaldunen kontrako hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela
ELAk babes osoa adierazi dio AEKri, Korrikaren antolatzaileari, eta CCOOko zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia babestu du. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu dio CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzeko erabakia hartu izana.
CCOO Korrikatik kanpo geratu da AEK-k lekukoa ez eramateko erabakia hartu ostean, "euskararen aurkako jarrerak sustatzeagatik"
Ohar baten bidez, AEK-k argitu duenez, AEKren Nazio Kontseilua CCOO Euskadiko ordezkariekin bildu zen astelehenean, eta Argia aldizkariak argitaratutako informazioari "sinesgarritasun osoa" emanda, CCOOko kideei jakinarazi zieten "bateraezinak" zirela "euskararen aurkako jardunbide horiek sustatzea eta Korrikan lekukoa eramatea".
Donostiako Arrazakeriaren aurkako Martxak erroldatzeko eskubidea aldarrikatuko du, igandean
29. edizioak Trintxerpe eta Donostia zeharkatuko ditu, Erroldarik gabe ez naiz existitzen lelopean.
% 77,8ra igo da Euskadi plurala izan dadin nahi duten herritarren kopurua
Ikuspegiren azken txostenaren arabera, herritarren % 24,2k adierazi dute azken urtean diskriminazio-egoeraren baten lekuko izan direla eta % 14,6k diskriminazio motaren bat jasan dutela aitortu dute, lanpostu edo alokairu bila izan direnean batez ere. Kolektibo diskriminatuenak ijitoak eta migratzaileak dira, inkestaren arabera.
Medikuek grebaldian jarraitzen dute, estatutu propioaren alde
EAEko medikuak aste honetan bigarrenez kalera irten dira Osasun Ministerioak adostutako estatutu orokorraren aurka. Medikuek lan baldintzak negozioatzeko ahalmena izatea eskatzen diote Osasun Ministerioari. Gutxieneko zerbitzuak ostiralera arte ezarriko dira, medikuen eskubideak aldarrikatzeko.
Ane Elordi: “Ez dugu bateragarri ikusten CCOOren jardunbidea eta 'Euskara gara' aterkipean egingo dugun Korrikan parte hartzea”
Euskadi Irratiko "Faktoria" irratsaioan egindako elkarrizketan Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak adierazi duenez, Errenteriako Lan Deialdi Publikoan gertatu dena "mugarria" izan da Korrikako antolatzaileen ustez. Hortaz, sindikatuko kideekin egindako bileran, azaldu zieten ez zutela bateragarri ikusten haien jardunbidea eta 24. Korrikan parte hartzea.
'Aita Mari' Italiako Vibo Valentiako portura iritsi da, erreskatatutako 32 migratzailerekin
Aita Mari ontzia astearte honetan iritsi da Italiako Vibo Valentiako portura, erreskatatutako 32 migratzailerekin. Mediterraneo erdialdeko uretan topatu zuten ontzia igandean, jendez gainezka, "oso baldintza eskasetan". Erreskatatutako lagunen artean bederatzi adingabe eta haurdun dagoen emakume bat daude.
Zabalik dago AP-8 autobidea, Iurreta parean, istripu baten ondorioz itxita egon ondotik
Kamioi bat irauli da gaur goizean AP-8an, Iurreta parean eta Donostiarako noranzkoan. Istripuaren ondorioz, bi errei itxi dituzte.
Baionan desagertutako 50 urte inguruko gizon baten bila ari dira
Larunbatean ikusi zuten azkenengoz, Lapurdiko hiriburuan, goizaldeko ordu bata pasata.
Espainiako Poliziaren buru ohiaren sexu erasoak berretsi ditu epailearen aurrean salaketa jarri zuen inspektoreak
Epaileak atzera bota du Poliziako buru ohia emakumearekin ez komunikatzeko salaketa-jartzaileak egindako eskaria, "arriskurik ez" dagoela iritzita.