Espainiako Poliziaren buru ohiaren sexu erasoak berretsi ditu epailearen aurrean salaketa jarri zuen inspektoreak
Epaileak atzera bota du Poliziako buru ohia emakumearekin ez komunikatzeko salaketa-jartzaileak egindako eskaria, "arriskurik ez" dagoela iritzita.
Jose Angel Gonzalez, epaitegitik irtendakoan. Argazkia: EFE
Madrilgo Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko 8 zenbakiko Epaitegiko magistratuak Jose Angel Gonzalez Espainiako Poliziako zuzendari operatiboaren ondoko ohia (DAO, gaztelaniazko sigletan) eta sexu erasoagatik hura salatu zuen inspektorea galdekatu ditu astearte honetan.
Lehendabizi, emakumeak hitz egin du, eta abokatuaren arabera, kereilan azaldutako bertsioa berretsi du, bi ordu inguru iraun duen agerraldian. Hau da, poliziaburuak bortxatu egin zuela esan du. "Gogorra eta zaila izan da deklarazioa".
Ondoren, akusatuaren txanda izan da. Hark ukatu egin du sexu erasoa egin izana, eta salaketaren atzean "gorrotoa" ikusten duela azaldu du. "Hemen ikusten dudan gauza bakarra gaiztakeria eta gorrotoa dira. Gorrotoa, berak zituen asmo profesional eta pertsonalak ez zituelako lortu", adierazi du.
Galdeketen ostean, epaileak auto batean atzera bota du salatzaileak egindako babes eskaria: akusatuari harekin harremanetan jartzeko debekua ezartzeko eskatu du, baina epaileak ez du aintzat hartu eskaria, "arriskurik ez" dagoela iritzita.
Emakumearen abokatuak aurreratu du errekurritu egingo dutela autoa.