Adingabe batek irakasle bat hil du Bartzelonan
13 urteko gazte batek irakasle bat hil eta lau lagun zauritu ditu Bartzelonako institutu batean, etxean egindako balezta batekin eta laban batekin eraso egin eta gero.
Gertakaria 09:00ak aldera jazo da Joan Fuster La Sagrera auzoan dagoen institutuan, ikerketako iturriek jakinarazi dutenez. Larrialdi Zerbitzuak berehala bertaratu dira.
Esquadrako Mossoek institututik gertu dagoen plaza batean identifikatu (14 urte beherakoa denez, ezin dute atxilotu) eta institutu barruan dute, zaintzapean.
Astelehen honetan guardian zegoen Bartzelonako 24. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak izapideak abiatu ditu eta Adingabeen Legea aplikatu du. Hala, adingabeen fiskaltzak eta epaileak izango dute azken hitza. Aurrez, aditu talde batek mutikoaren egoera aztertuko du, adingabea eta haren familia elkarrizketatu ostean.
Horren harira, gaztea psikiatria ospitale batera eraman dute bere osasun egoera aztertzeko. Bestalde, Irene Rigau Hezkuntza kontseilariak esan du 13 urteko mutikoak nahastuta zuela burua, eta ziurrenik agerraldi psikotiko bat izan dela.
Irakasle bat zauritu du aurrena
DBHko 2. mailako ikaslea berandu heldu da ikasgelara. Atera deitu du, eta Gaztelerako irakasleak atea zabaldu dionean, etxean egindako baleztarekin tiro egin dio adingabeak. Ondoren, irakaslearen alaba zen beste ikasle bati eraso dio.
Oihuak entzutean, ondoko gelako irakasle bat bertaratu da eta honi zeraman labanarekin eraso dio gazteak. Bigarren irakasle honek zauria zuen bularraldean eta handik gutxira hil da. Adingabea beste ikasgela batera sartu da eta beste ikasle bati eraso dio labanarekin.
Mutikoak molotov koktel bat ere atera du motxilatik, eta eztandarazi egingo zuela mehatxu egin du.
Hildakoak bi aste zeramatzan Historiako irakasle, beste baten ordezkapena egiten.
Laugarren lagun bat ere zauritu du adingabeak, guardian zegoen irakasle bat. Azken hau institutura bertaratu diren medikuek artatu dute, eta han bertan eman diote senda-agiria. Zauritutako beste hiru lagunak Sant Pau ospitalera eraman dituzte. Hirurek zauri arinak dituzte eta egonkor daude.
Ospitaleko iturriek jakinarazi dutenez, irakasleak zauria du aurpegian eta haren alabak, hankan. Labanaz zauritutako beste mutikoa, 14 urtekoa, egonkor dago.
Bartzelonako Udalak Larrialdien Urgentziazko Zentroa zabaldu du laguntza beharko luketen ikasleen senitartekoak edo ikasleak hartzeko. Larrialdi Zerbitzuek antsietateak jota zeuden hainbat ikasle artatu behar izan dituzte institutuan bertan.
Irakasle guztiak hilko zituela esan omen zuen
Gertatutakoen ikerketa Esquadrako Mossoen Ikerketa Kriminalerako Arloko agenteek hartu dute bere gain, eta lekukoak galdekatzen hasi dira jada.

Ustezko erasotzailearen ikaskide batzuek esan dutenez, adingabeak "irakasle guztiak" hilko zituela eta gero bere buruaz beste egingo zuela adierazi zien. Beste ikasle batzuen arabera, mutilak esan zien "aspalditik" zuela dena pentsatuta eta akabatuko zituen lagunen zerrenda, baina informazio hori gezurtatu egin dute ikerketako iturriek.
Asteazkenean berrekingo diete eskolei
Xavier Trias Bartzelonako alkatea, Irene Rigau Hezkuntza kontseilaria eta hainbat zinegotzi institutura joan dira, gertakariak bertatik bertara jarraitzeko.
Maria Dolors Parramon Joan Fuster institutuko zuzendariak iragarri duenez, bihar zentroan bertan laguntza psikologikoa izango dute ikasleek eta asteazkenean, "ahal den neurrian" eskolei ekingo diete berriz.
Xavier Trias eta Irene Rigaurekin batera eskainitako galderarik gabeko adierazpenean Parramonek azaldu duenez, aparteko klaustroa egingo dute gaur (20:00) "aholkularitza orokorreko neurriak" adosteko eta bihar 10:00etan ikasleak hartuko dituzte (12:00etara etxean egongo dira). Asteazkenerako, berriz, eskolei berrekingo diete eta biktimen omenezko ekitaldi bat egingo dute.
Gertakariak Kataluniako hezkuntza komunitatea astindu du. Sindikatuek jazotakoa gaitzetsi dute eta biktimen senitartekoei doluminak agertu dizkiete. Horrez gain, astearterako bost minutuko elkarretaratze isilak deitu dituzte Kataluniako eskola guztietan (12:00etan). Kataluniako Gobernuak dolu eguna ezarri du astearterako.
Triasek Joan Fuster institutuko kide guztiei babesa agertu die Twitterren:
Zure interesekoa izan daiteke
Euskadiko biztanleen % 10,2 atzerritar jatorrikoak dira eta % 14 atzerrian jaioak
Zehazki, iazko urtarrilean 226.367 biztanlek zuten atzerritar jatorria Euskadin, hau da, biztanleria osoaren % 10,2; 2024ko urtarrilean baino hiru hamarren gehiago, eta Espainiako Estatuko % 14,1eko batezbestekoaren azpitik.
Errejonek ez du ahozko epaiketaren hasieraren jakinarazpena jasoko, Mouliaak salaketa erretiratu ote duen argitu arte
Elisa Mouliaak agerraldia egingo du gaur, asteartea, eguerdian, "akusazio partikularrak jarraituko duen ala ez iragartzeko". Alfredo Arrien abokatuarekin batera agertuko da kazetarien aurrean, atzo bertan "zer erabaki hartu aztertzen" ari zela jakinarazi ostean.
Gizon bat ikertzen ari dira, Beran, semearen eskola-autobuseko gidariari eraso egiteagatik
Antza denez, adingabea lo geratu zen autobusean, eta ez zen ohiko geltokian jaitsi. Ondoren, ibilgailua aparkatuta zegoen lekuan aurkitu zuten.
Gizon baten gorpua aurkitu dute Leioako etxebizitza batean
Larunbatean aurkitu zuten gorpua, eta autopsia egin ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.
Gorabeherak errepideetan, Txorrieriko igarobidean gehienbat, gutxienez 2 kilometroko auto-ilarak daude eta bertan
Lehen orduko gorabehera nagusiak Asua parean izaten ari dira, bai eta Gipuzkoako N-636 eta N-1 errepideetan ere.
Kataluniak 10 mila euroko isuna jarri dio higiezinen agentzia bati arrazakeriagatik
Hamidek eta bere familiak hainbat saiakera egin zituzten etxe bat alokatzeko, Mataron. Baldintzak bete arren, beti ezezkoa jasotzen zuten. Hamidek 13 aldiz salatu izan du diskriminazio tratuta erakundeen aurrean.
Eusko Legebiltzarrak Korrikarekin bat egin du
Euskararen eta AEKren aldeko lasterketa martxoaren 27an iritsiko da Gasteizera eta, egun horretan ikusiko ditugu korrika legebiltzarkideak. Erakundearen izenean, Bakartxo Tejeria presidenteak eramango du lekukoa.
Lau adingabe ikertzen ari dira, Lasarte-Orian, bi gazte jipoitzea egotzita
Biktimak, 20 eta 17 urtekoak, Lasarte-Oriako ikastetxe bateko patioan zeuden eta zazpi gazteko talde bat hurbildu zitzaien zigarro bat eskatuz. Ezetz erantzun ondoren, horietako lau ukabilkadak ematen hasi zitzaizkien eta ospitalean artatu behar izan zituzten.
Gizon baten gorpua aurkitu dute Eskoriatzan, ibaian flotatzen
Herritar batek eman du abisua, 09:15 aldera. Deba ibaian hilotz bat ikusi du, udalerriko Aingeru Guarda auzoaren parean.
Iragarki faltsuen bidez iruzur egiten zuen talde kriminal bat desegin dute Bizkaian
Bost pertsona ikertzen ari dira, eta 'Negare' polizia operazioak zabalik jarraitzen du. Oraingoz, 28 kaltetu identifikatu dituzte, batzuk Araban (1), Gipuzkoan (1) eta Nafarroan.